Etxebizitza eskubidea Monopoly partida bat izan ez dadin, EH Bilduk dinamika bat abiatu du
EH Bilduk etxebizitza eskubidea izan dadin herriz herri «dinamika mobilizatzaile» bat abiatuko du. Igande goiz honetan Monopolyaren jokuarekin Donostian egindako performancearen bidez jakinarazi du bere esku dauden tresna juridiko, politiko eta ekonomiko guztiak martxan jarriko dituela.
Donostiako Gipuzkoa plazan igande goiz honetan «munduko lehen Monopoly partida kaletarra» egin dute, trajedun aurkezleak zioen moduan «partida ‘exquisitoa’». Bost parte hartzaile aritu dira jokoan, hamarnaka hiritar inguruan zituztelarik. Horrelaxe aurkeztu du EH Bilduk herriz herri martxan jarriko duen etxebizitzaren inguruko dinamika mobilizatzaile berria, «etxebibizitza ez delako jolasa», beraien lehentasunetan duten auzia dela adierazi du Oskar Matute Madrileko diputatuak.
Grosen etxebizitza baten eroseka 1.000.000 euro, alokairua berriz, 1.800/hilean, edota erdialdean 2.200 euro/hilean kostatzen duen etxebizitzak eskuratzeko «aukera aparta» zegoen jokoan. Bazeuden kutxatila okerragoak ere, metroko obrak ordaintzea tokatzen zitzaiona edota etxegabetzea izenekoa, «etxetik bota zaituzte luxuzko apartamenduak eraikitzeko».
Parte hartzaileetako batek azaldu du berak Donostian etxea jabetzan badu ere, seme-alabek kanpora joan behar izan dutela bizitzera, eta «hirira itzul daitezen» jokatuko duela. Gazte batek partidan parte hartu du gurasoenetik emantzipatzeko, bestela «ezinezkoa» delako. Horregatik, kontzientziazio lan hori egiteko abiatuko du etxebizitzaren inguruko dinamika herriz herri EH Bilduk.
Etxebizitza eskubidea bermatu
Matutek gogoratu du duela urte asko bihurtu zela etxebizitzarena Euskal Herriko «arazo nagusi» eta «eraikuntza enpresa handien zein inbertitzaile handien aldeko politika masiboek» ia ezinezkoa bihurtu dutela jendearentzat etxebizitza bat lortzea. «Luxu bihurtu dute» salatu du, eta etxebizitza duin bat erosi edota alokatu nahi duenak «etengabeko Monopoly ginkana bat» bizi behar duela.
Gehitu du «egoera tamalgarri» hau sortu duten alderdiek orain «salbatzaile» bihurtu nahi dutela «puntu honetara ekarri gaituzten errezeta berdinekin». Eta gaineratu du lehengo politika berak «makillaje moduan aplikatzea» ez dela konponbide bat, eredu bat iraunaraztea baizik, «hain zuzen ere jendea etxebizitza duin bat lortzetik kanpo uzten duen eredua, eraikitzaile handien eta funts putreen patrikak loditzeko».
EH Bildurentzat herritarren ongizatea bilatzen duen ezein alderdiren heleburua eskubideak bermatzea dela adierazi du Matutek, eta ondorioz, «batzuek konponbideak blokeatzen» jarraitzen duten bitartean, koalizio independentistak eskubide hori bermatzeko konpromisoa hartu du. «EAJk etxebizitzarena udalen ardura dela esaten du ardurarik ez hartzeko, EAJ ez da gai etxebizitza eskubidea bermatzeko», kritikatu du.
Pertsonak «erdigunean» jartzeko apustua egiten dutela kontatu du, eta gogoratu EH Bildu «aitzindaria» izan dela tresna berriak martxan jartzen etxebizitza politikei dagokionean, «eta irtenbide errealak bilatzen jarraituko dugu», egin du zin.
Donostian, etxebizitza luxu
Izar Hernando Donostiako zinegotzia ere kritiko mintzatu da hiriaren egoeraren inguruan: «Etxebizitzak aspaldi utzi zion eskubide izateari luxu bilakatzeko, eta horren adibide dira azken hamarkadan hiria utzi behar izan duten 4.000tik gora gazte donostiarrak, eta bitartean, 3.000 inguru dira jabe handien eta funts putreen eskuetan dauden etxebizitzak».
Hirian babestutako etxebizitzak %4 inguru direla azaldu du, «legeak markatzen duen %20tik oso urrun». Eta gaineratu du Donostian «etxebizitzaren negozio hutsa egin nahi duten horiei» hala egiten utzi zaiela.
«Babes publikoko etxebizitza sustatu behar da determinazioz eta alokairura bideratuz, etxebizitza hutsei kanona aplikatu behar zaie Azpeitian egin den bezala, alokairuaren merkatura bideratzeko eta Donostia, behingoz tentsionatutako eremu izendatu behar da alokairuaren prezioa mugatzeko», aldarrikatu du.