EAEko hezkuntza publikoko irakasleek hiriburuetako kaleak hartu dituzte seigarren greba egunean
Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleak hartu dituzte hezkuntza publikoko irakasleek seigarren greba egunean, beste behin Lakuako Hezkuntza Sailari eskatzeko haien aldarrikapenak aintzat hartu ditzala. Sindikatuen arabera gaur ere %75eko jarraipena izan du lanuzteak.
Seigarren greba eguna izan dute gaur hezkuntza publikoko irakasleek eta Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin dituzte manifestazioak. Beste behin, Lakuako Gobernuaren Hezkuntza Sailaren jarrera deitoratu dute, «grebetan aldarrikatutako eduki gehigarriak mahai gainean ipintzea eta zehaztea eskatu zaionean» negoziazioa etetea leporatuta.
Gehiengo sindikalak argi adierazi du «eszenifikazioa eta itxurakeria» dela Hezkuntza Saila egiten ari dena eta «ulertzeina» iruditzen zaie «irakasleon lan-baldintzak ez hobetzea, hezkuntza publikoko kalitateak hobera egin dezan». Horren aurrean, «benetako» negoziazioa gauzatu artean tinko mantentzeko asmoa agertu dute.
Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako grebak jarraipen zabala izan du Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako manifestazioetan, deitzaileen arabera. Sindikatuek jakitera eman dutenez, gaur ere irakasleen %75ek egin du bat grebarekin, eta gehiehizko gutxieneko zerbitzuak salatu dituzte. Grebaren ziklo honetan ‘Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!’ lelopean deitutako mobilizazioan milaka langile elkartu direla adierazi dute.
Halaber, grebaren baliogarritasuna aldarrikatu dute, ziurtatu baitute aurretik burututako grebek eta mobilizazioek behartu dutela Hezkuntza Saila mahai negoziatzaileak deitu eta pauso «gutxi batzuk» ematera. Hala ere, «benetako» negoziazioaren beharra azpimarratu dute, «hitz politetatik harago».
Seigarren greba eguna izan duten honetan, irakasleek haien aldarrikapenak berretsi dituzte: «15 urte direla hitzarmena eguneratu gabe, eta aski dela; lan zamak arintzea, plantilak gazteberritzeko plan egokia ezartzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, eta lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzea». Era berean, aldarrikapenei erantzunik eman ezean grebarekin jarraituko dutela iragarri dute.