INFO

Gazteentzat hamahiru etxebizitza XVII. mendeko jauregi batean

Aguraingo Udalak proiektu aitzindari bat abian jarri du, etxebizitza arazoari konponbidea emateko. Bustamante jauregi barrokoan alokairu sozialeko 13 etxebizitza eraikiko ditu eta, horren ondotik, alde zaharreko hiru eraikin erosiko ditu, alokairuko eskaintza zabaltzeko eta herria biziberritzeko.

Bustamante jauregi barrokoa, Aguraingo Zapatari kalean. (NAIZ)

Alokairuaren eskasia Euskal Herria osora zabaldu den arazoa da eta Arabako Lautadan ere eragina izaten ari da. Egoerari irtenbidea eman nahian, Aguraingo Udalak zenbait ekimen abian jarri ditu; horietako bat, Bustamante jauregi barrokoan alokairu sozialeko 13 etxebizitza eraikitzea.

XVII. mende hasieran Juan Martinez de Zumalburuk eta María Saez de Vicuñak eraikitako etxea erakunde publikoen esku geratu zen duela lau hamarkada, eta harrezkero erabilera desberdinak izan ditu: adinekoen egoitza, klaratar mojen etxebizitza… Baina azken urteetan eraikina hutsik zegoen.

Orain, Aguraingo Udalak 35 urtez azpikoei zuzendutako alokairu sozialeko 13 etxebizitza egingo ditu eraikinak dituen lau solairuetan: gela bakarreko bederatzi eta bi gelako hiru, eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako beste etxebizitza bat teilatu azpian.

Proiektua Alberola arkitektura estudioak aurrera eramango du, eta lan handienak barrualdean egingo dira, hamahiru etxebizitzez gain, gaur egun dagoen igogailua ere gaurkotu egin beharko baitute. Gainera, beheko solairuan zerbitzu amankomun batzuk eskaintzeko lekua ere aurreikusi du proiektuak: arropa garbitzeko garbigailuak, arropa zabaltzeko tokia eta bizikletak eta gurditxoak gordetzeko lekua. Horrez gain, udal ekitaldiak egiteko areto bat ere aurreikusi dute.

Raul Lopez de Uralde alkateak aditzera eman duenez, «egitasmoa aurten martxan egotea espero zen, baina herritarren proposamenak kontuan hartzeko egin diren aldaketek atzeratu egin dituzte epeak». Hala ere, laster eraikuntza lanak esleitzea espero dute, eta urte honen amaierarako lanak hasita egotea.

Une honetan oraindik ez daude finkatuta etxebizitzen arauak, baina Udalaren asmoa txandakakoak izatea da, hau da, hasiera batean, gazteek bost urteko epea izango dute bertan bizitzeko.

Bustamante jauregiarekin batera, Aguraingo Udalak Kale Nagusian hiru eraikin erosteko asmoa du, bi helburu nagusirekin. Alde batetik, gazteei etxebizitza alternatiba eskaintzeko, eta, bestetik, alde zaharra biziberritzeko, gero eta gehiago direlako hutsik geratzen ari diren etxeak. Raul Lopez de Uralde alkateak iragarri du dagoeneko akordio batera iritsi direla hiru eraikinetako jabeekin, etxeak erosi eta alokairuan eskaintzeko.

INTERESATUEN ERREGISTROA

Hori gertatu aurretik, ordea, Udalak etxebizitza eskatzaileen erregistroa zabaldu du herritarren artean dauden beharrak zehatz-mehatz ezagutzeko. «Bustamante proiektuarekin hasi ginenetik bagenekien herrian etxebizitza beharra zegoela, baina zehazki ez genekien noraino iristen zen. Orain, behar horiek zein diren jakingo dugu eta hemendik aurrera zer proiektu martxan jarri beharko ditugun premia horiei erantzuna emateko», adierazi du alkateak. Zerrenda dagoeneko zabalik dago.

Alde zaharretik kanpo, Udalak ere badu beste proiektu bat, herritar guztiei zuzendua. Izan ere, Harresi auzoan alokairu sozialeko 56 etxebizitza egingo dira, Visesa erakunde publikoarekin sinatu duen hitzarmenari esker.

Azkenik, eta betiere etxebizitza arazoari irtenbidea emateko helburuz, hutsik dauden etxebizitzen errolda ere martxan jarriko dute, etxe horiek alokairuko merkatura ateratzea bultzatzeko. Hutsik jarraitzen dutenek Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren %50eko gain-zerga izango dute. Edonola ere, alkateak zehaztu duenez, «helburua ez da dirua biltzea, pisu horiek alokairura ateratzea baizik».

Proiektu hauek guztiak ezagutzera emateko, aste honetan bertan jardunaldia egin dute Udaletxean, alkatearen eta Bustamanteko proiektuaz arduratzen ari den Alberola arkitektura estudioko kideen eskutik. Ekitaldi horretan, Galdakaoko alkatea den Iñigo Hernandok Bizkaiko herri horretan etxebizitza arloan gazteentzat egin dituzten proiektuen esperientziak azaldu ditu.