INFO

Ikuslea aktibatu nahi duen filma

FAISAIEN IRLA
Euskal Herria, 2025. 98’. Zuzend.: Asier Urbieta. Gidoia: Asier Urbieta, Andoni de Carlos. Akt.: Jone Laspiur, Sambou Diaby, Itziar Ituño, Jon Olivares, Josean Bengoetxea, Aia Kruse. Argaz.: Pau Castejón, Musika: Rüdiger, Elena Setien.

Jone Laspiur eta Itziar Ituño ‘Faisaien irla’ filmean. (BTeam Pictures)

‘Faisaien irla’-k, Asier Urbietak zuzendu duen lehenengo film luzeak, Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldia inauguratu zuen; Göteborgeko zinema jaialdian pantailaratu zuten aurrenekoz. Urbietak berak «mugako thriller» gisa definitu duen pelikulako bi protagonista nagusiak Jone Laspiur eta Sambou Diaby dira, baina Itziar Ituñok eta Josean Bengoetxeak ere parte hartu dute. Urbietak berak eta Andoni de Carlosek idatzi dute filmaren gidoia.

Euskara, frantsesa eta gaztelania izango dira entzungai lanean, eta hain zuzen ere, filmari izenburua ematen dion uhartean agertuko den hilotz batekin abiatuko da istorioa. Faisaien Irla munduko kondominio txikiena da, eta burujabetza partekatua du. Urte erdia Estatu espainolari dagokio, eta beste erdia frantziarrari. Laidak (Jone Laspiur) eta Sambouk (Sambou Diaby) bi pertsona ikusiko dituzte irla paretik paseatzen doazela, ibaia igerian zeharkatu ezinik. Egun batzuk geroago, hilotz bat agertuko da irlan.

Filma sei astez filmatu zuten trama kokatzen den inguruetan: Donostian, Irunen eta Hendaian.

Ikuslea aktibatu nahi duen filma

Asier Urbieta-ren hitzetan «egun batean, egunkariari begirada bat ematen ari nintzela, irakurri nuen igande batean Bidasoaren ertzetik zebiltzan txirrindulari batzuek muga igerian eta korrontearen aurka gurutzatzen saiatzen ari ziren bi pertsonaren laguntza-oihuak entzun zituztela. Haien lekuan jarri nintzen, eta galdera bat hasi zitzaidan buruan bueltaka: Zer egingo nukeen nik? Izugarri gustatuko litzaidake esatea salto egingo nuela, baina ez daukat hain argi. Horrelako egoeretan, senak hartzen ditu erabakiak. Pelikula abiarazteko puntu interesgarria iruditu zitzaidan, eta inspirazio-iturri inkontziente gisa izan nuen Robert Östlund-en ‘Turist’ pelikula suediarra».

Eta gehitu du: «<harago joan nahi nuen, galdera are konplexuagoak planteatu eta ikuslea inplikatu. Zer egingo zenukeen zuk egoera horretan? Nola erreakzionatuko zenuke? Zer gertatuko litzateke zure bikotekideak ez balu zuk bezala edo zuk espero zenuen bezala erreakzionatuko? ‘Faisaien isla’ ikuslea aktibatu nahi duen filma da».