Abian da gutxieneko soldata propioa lortzeko sinadura bilketa
Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak gutxieneko soldata propioa lortzeko sinadura bilketa abiatu du. Behin amaituta, EAEko eta Nafarroako Legebiltzarretan eztabaidatu eta onartu beharko litzateke espainiar Kongresuan aurkeztu eta onartu ahal izateko.
ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta Etxalde sindikatuek Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata propioa izateko eskumena eskuratzeko Herri Ekimen Legegilearen sinadura bilketa jarri dute abian. Sinadura bilketa «mobilizazio erraldoi bilakatzea» da helburua, eta horretarako dei egin diete Hego Euskal Herri osoko langile guztiei euren sinadura ematera.
Sindikatuen arabera, gutxieneko soldata propioa izateak langileria guztiari egingo dio mesede, «bereziki eta zuzenean egoera zaurgarrienean daudenei: emakumeak, langile migratu eta arrazializatuak, gazteak eta aniztasun funtzionala duten langileak».
«Hego Euskal Herriko langileok, aberastasunaren banaketa orekatu nahi dugula eta langile guztiontzat bizi baldintza duinak defendatzen ditugula argi utzi eta patronal eta instituzioek bidezkoa eta egingarria den aldarrikapen bati baietza ematea beste aukerarik izan ez dezaten. Gutxieneko pentsioarekin batera, gutxieneko soldata lortzera goaz», nabarmendu dute.
Bidea parlamentuetan
Horrela, langile estatutuaren aldaketa eskatzen dute, Autonomia Erkidegoek Estatukoaren gainetik ezarriko den eta bertako egoerari erantzungo dion gutxieneko soldata bat ezarri ahal izateko.
Behin sinadura bilketa amaituta, Euskal Autonomia Erkidegoko edota Nafarroako legebiltzarretan eztabaidatu eta onartu beharko litzateke espainiar Kongresuan aurkeztu eta onartu ahal izateko.
EAE-n herri ekimen legegileak bere bidea egingo duen arren, Nafarroan Parlamentuko Mahaiak tramitera ere ez du onartu. Sindikatuek errekurrituta daukaten arren, sinadura bilketa abian jarri dute, eta sinadurak eskutan alderdi politikoei eskatuko diete legebiltzarrera eramatea.
Patronalak kontran
Gutxieneko soldata propioa eskuratu ahal izateko bi bide landu dituzte sindikatuek. Bat, eskumen berriak eskuratzeko bidea, herri ekimen legegilearena. Bestea, egungo eskumenen baitan, Lanbidearteko Akordio baten bidez langile guztientzat gutxieneko soldata bat ahalbidetuko lukeena. Oraingoz Confebaskek eta CEN-ek bide horri atea itxi die, eta horregatik ere, sindikatuek biltzen dituzten sinadurak bi patronalei aurkeztuko dizkiete ere, «gutxieneko soldata propio baten alde dagoen gehiengoa dagoela argi erakusteko helburuz».
«Euskal herritarrok behar beharrezkoa dugu gutxieneko soldata propio bat, pobreziari aurre egiteko, aberastasuna hobeto banatzeko eta arrakalei aurre egiteko. Horregatik, bide batetik edo bestetik gutxieneko soldata propioa errealitate bihurtzeko honako eskariak egiten ditugu: langileria guztiari euren sinadura eman dezaten, alderdi politikoei herri ekimen legegilea babestu dezaten Espainiako Kongresurako bidea ahalbidetzeko, Confebask eta CEN patronalei egungo eskumenekin posible den akordioari baiezkoa eman eta negoziazioak has ditzaten, eta Eusko Jaurlaritzari, gutxieneko soldata propioa errealitate bihurtzeko bere bitarteko guztiak aktiba ditzan», azpimarratu dute sindikatuek.
Bide horretan, sindikatuek langileak aktibatu eta mobilizatuko dituztela nabarmendu dute.