INFO

Isabella Holmgren kanadarrak eraman du 24. Durango-Durango Emakumeen Saria

Lidl Trek taldeko txirrindulari gazteak Goiurin gora jo du erasoa eta bakarrik sartu da helmugan, Evita Muzic eta Thalita de Jongen aurretik. 19 urteko txirrindularia hunkituta eta negar malkotan helmugaratu da, bere ibilbideko garaipenik garrantzitsuena lortu eta gero.

Isabella Holmgren Durangoko podiumaren gailurrean. (@scduranguesa)

24. Durango-Durango Emakumeen Saria jokatu da astearte honetan eta Lidl Trek taldeko Isabella Holmgren Kanadako txirrindularia nagusitu da. Goiurin gora erasoa jo eta gero, 19 urteko txirrindulari gazteak bakarrik egin ahal izan du ihes eta garaipenaz gozatzeko aukera izan du Durangoko helmugan. Kanadako txirrindulariarengandik 8 segundora, Evita Muzic sailkatu da bigarren, eta Thalita de Jongek osatu du podiuma, irabazlearengandik 44 segundora.

Hunkituta eta negar malkotan blai sailkatu da Holmgren, izan ere bere ibilbide laburreko garaipenik garrantzitsuena erdietsi baitu Durangon. Iaz Etorkizunekoen Tourrean bigarren amaitu zuen eta 2023an munduko txapeldun izan zen ziklokrosean, junior mailan. Gogoan izan behar da besteak beste Cedrine Kerbaol, Annemiek Van Vleuten eta Ashleigh Moolman bezalako txirrindulariek irabazi dutela aurrez Durangon. Alegia, Durango-Durango Emakumeen Saria eramatea oso dela garrantzitsua emakumeen eliteko tropelarentzat.

Tropeleko faboritoak elkarrekin iritsi dira Goiuriko aldapak igotzera, baina aurrez Elena Hartmann suitzarra izan da lasterketako protagonista. Orotara 113 kilometro izan baditu probak, 50 baino gehiago ihes eginda eman ditu Ceratizit taldeko txirrindulariak. Nolanahi, faboritoek erritmoa bizitu dutenean, Hartmannen abenturak nahi baino amaiera azkarragoa izan du.

Behin Goiuriko aldapan gora, Isabella Holmgrenek erasoa jo du eta ez du atzerantz begiratzen denborarik galdu. Bakarrik hanka egitea lortu du, nahiz eta Evita Muzic azkenerako nahi baino gehiago hurbildu zaion. Nolanahi, azken metroetan Kanadako txirrindulariak Lidl Trek taldearen arratsalde borobila osatu du eta garaipenaz ere gozatu ahal izan du.

Usoa Ostolaza eta Ane Santesteban, Laboral Kutxako txirrindulariak, onenekin ibili dira eta lehen hamarren artean amaitzea lortu dute, seigarren eta zortzigarren, hurrenez hurren.