Elkar joka ibili dira United eta Tottenhameko zaleak Donostiako Parte Zaharrean
Europa Leagueko finala jokatzeko bezperan jada istilu batzuk gertatu dira Manchester United eta Tottenhameko zaleen artean. Baina ez da Bilboko kaleetan izan, Donostiako Parte Zaharrean baizik. Izan ere, Gipuzkoako hiriburuan bi taldeetako zale askok egin dute lo astelehenetik. Eta ez lo bakarrik...
Astearte honetako 21.30ak aldera talka egin dute «gorriek» eta «zuriek» Fermin Calbeton kalean. Adineko gizon batek kolpea hartu du aurpegian, lurrera eroriz, eta elkarri mokoka aritu dira bi taldeak. Guztiak gizonezkoak ziren, adin ezberdinetakoak, zenbait ume ere tartean.
⚽Enfrentamientos entre seguidores del Tottenham y Manchester en casco viejo de Donosti. pic.twitter.com/h8CW9NChUx
— Alerta Gorria Irratia (@AlertaIrratia) May 20, 2025
Liskar horretan kale horretako tabernek erabilitako materiala baliatu dute elkarri jaurtitzeko: mahaitxoak, aulkiak, kristalezko edalontziak...
Ertzaintza agertu da hortik minutu batzuetara ondoko kale batetik eta gauzak baretzea lortu du. Ez dirudi atxiloketarik egin dutenik eta itxuraz inork ez du zauri larririk jasan.
Donostiari dagokionez, Parte Zaharraz gain Gros edo Antigua auzoetan nabaria izan da Ingalaterrako bi taldeen zaleen etorrera, beharbada Bilbo inguruan ostatua hartu ezin izan dutelako eta garestiegi zelako. Iruñean eta Gasteizen ere lo egin dute batzuek. Kazetariei adierazi dietenaren arabera, Donostiaren kasuan bereziki egonaldiak asteburura arte luzatu daitezke.
Edonola ere, egoera zailena segurtasun aldetik Bilboko kaleetan finalaren ostean aurreikusten da, hurrengo gauean, dirudienez milaka zalek lo egiteko tokirik ez dutelako hartu eta batetik bestera ibiliko direlako. Glasgow Rangersekoekin antzekoa gertatu zen duela hilabete. Norgehiagoka 23.00etan amaituko da, edo gauerdian luzapena eta penalti jaurtiketarik balitz. Hortik aurrera, edandako alkoholak eta partidaren emaitzak, edozein izanda ere, ez dute egoera lasaituko.