Osasungintzaren arloko 501 langilek kalitatezko osasun arreta euskaraz aldarrikatu dute
Osasungintzan jarduten duten 501 langilek sinatu dute Aintzat mugimenduak eta Euskal Herrian Euskarazek argitaratutako manifestua. Kalitatezko osasun arreta euskaraz aldarrikatzen dute.
Osasungintzako 501 langilek bat egin dute Aintzat osasungintza euskalduntzeko mugimenduak eta Euskal Herrian Euskarazek argitaratutako manifestuarekin, kalitatezko osasun arreta euskaraz aldarrikatzeko.
Manifestuan arretaren «kalitatea eta ekitatea» nabarmentzen da. Izan ere, «bi elementu horiek dira osasun sistema publikoaren oinarriak. Zentzu horretan, osasun arreta euskaraz ematea eta jasotzea paziente euskaldunaren oinarrizko eskubidea da; hala, pazienteen nahiz osasun langileen hizkuntza-eskubideak errespetatu eta arretaren kalitatea nahiz ekitatea bermatu behar dira, edonon, edonoiz eta ahozko zein idatzizko harremanetan».
Era berean, lehen mailako arreta euskaraz eskaintzeko exijitu dute sinatzaileek, «lehentasunez eta urgentziaz UEMAko herrietatik hasita, horiek baitira euskararen arnasguneak. Eta «epe laburrean, euskarazko arreta bermatzeko, UEMAko herrietatik eta lehen mailako arretatik abiatuta», euskarazko zirkuituak martxan jarri behar direla ohartarazi dute.
Ikasketa prozesu oro euskaraz bermatu eta lehenetsi behar direla diote, eta euskarazko arreta eskaintzea beharrezkoa dela azpimarratu dute, «gaixoak eskatzera behartu gabe». Euskal herritar ororen eskubidea da euskarazko osasun arreta jasotzea, horretarako eskaera berezirik egin beharrik gabe. Eskubide izatetik haratago, arretaren kalitatea eta ekitatea bermatzeko bide bakarra da».
Historia klinikoa euskaraz lantzeko eta jasotzeko aukera bultzatu eta euskaraz emandako arreta profesionala langileen Lanbide Garapenean, hala nola, ESIen ebaluaketan kontutan hartu behar dela adierazi dute.
Amaitzeko, arreta euskaraz emateko baliabideak sortu eta garatu behar direla gaineratu dute. «Horrek euskal gizartean elkarbizitza sustatuko luke eta nazioartean lidergoa eskuratze bidean jarriko luke osasun sistema publikoa».
«Hori guztia kontuan hartuta, kalitatezko osasun arreta (euskaraz) eskatzen dugu. Bada garaia, besteak beste, kalitatearen irizpideetan oinarrituta osasun arreta euskaraz bermatzekoa. Bada garaia euskaldunak ere kontuan hartzeko eta, egun, EAEko Osasun Itunaren osaketan dihardutenei ere, eskakizun horiek berma ditzatela exijitzen diegu. Ez da herri-itunik egongo, ezta elkarbizitzarik ere, euskarazko osasun arretarik ezean», esan dute astearte honetan Donostia Ospitalearen aurrean egindako agerraldian Euskal Herrian Euskaraz eta Aintzat mugimenduko ordezkariek.