INFO

Ipar Euskal Herrira «zabaltzen» 25 urte daramatzala ospatuko du LABek Lekornen

Mende laurdena bete da LAB sindikatuak nazio ikuspegiari heldu eta Ipar Euskal Herrira zabaltzen hasi zenetik eta, urriaren 25ean, Lekornen egingo duen egun osoko jaialdiarekin ospatuko du, ‘Ipar Euskal Herrian 25, enbor beretik zabaltzen’ lelopean.

Baionan egin duten ekitaldian aurkeztu dute ospakizuna. (LAB)

‘Ipar Euskal Herrian 25, enbor beretik zabaltzen’ lelopean, egun osoko egitaraua prestatu du LAB sindikatuak urriaren 25ean Lekornen egingo duen ospakizunerako. Izan ere, sindikatuak orain mende laurden erabaki zuen nazio ikuspegiari heldu eta Ipar Euskal Herrira ere zabaltzea.

Baionan eman du LABek horren berri, Ipar Euskal Herrian sindikatuak egindako lehen agerraldi publikoaren kokalekua izan zen zubitik metro gutxira. Maiatzaren Lehena zen, eta 50 bat laguneko mobilizazioa egin zuen sindikatuak. «Ez zen erraza izan, lehen ekintzatik hasi baitziren lehen oztopoak», azaldu du Argitxu Dufau LABen Ipar Euskal Herriko bozeramaileak.

Langile abertzaleak antolatzeko asmoa lehenagotik zetorrela gogoratu du Dufauk, eta 1980ko eta 1990eko hamarkadetan zenbait talde eta kolektibo sortu zirela; hala nola, EHLE Euskal Herriko Langileen Elkartea eta Atxik: «Frantses sindikatuen zentralismoa eta hegemoniaren aitzinean, bertako sindikatu abertzale eta euskalduna sortzeko beharra sentitzen zelako. Egiteko beste modu bat beharrezkoa zelako. Langileak lantokietan antolatzeko beste tresna bat ezinbestekoa zelako».

Helburu hori bera zuen LABek Ipar Euskal Herrira jauzia egiteko erabakiak. Aurrez zenbait gogoeta eta elkarrizketa izan ondotik, LABen 5. Biltzar Nagusian hartu zen erabakia, Donostian, Ipar Euskal Herriko militanteek bultzatuta.

Orduz geroztik, «xinaurri lanari esker», sindikatua zabaldu egin dela nabarmendu du Dufauk: «Sail sindikalak sortu ditugu sektore guzietan, hauteskunde sindikaletan aurkeztu gira eta ordezkagarritasuna handitu dugu, ekintza sindikala bultzatu dugu», esan du, eta bidean, era askotako «oztopoak» eta «erasoak» jasan dituztela ere ekarri du gogora. «Baztekerta sindikala lehen minututik bizi izan dugu, eta patronalarengatik eta sindikatuengatik epaitegira jo behar izan dugu, sindikatu izaera frogatzera. Gainera, Ipar Euskal Herriaren aitortza sozial ezagatik eta frantses estatuaren ultrazentralismoarengatik, bidea ez da erraza izan».

Oztopoak oztopo, LABen ordezkariak eta afiliatuak eremuz eremu lanean ari direla azpimarratu du Dufauk, «sindikalismoa egiten, langileen alde borrokatzen», eta, horrekin batera, sindikatuak Hemen Erabaki proposamena ere garatu duela oroitarazi du, negoziazio kolektiboko eremuak Ipar Euskal Herrian bertan kokatu nahi dituena. «Lan eta bizi baldintza duinak Euskal Herrian bertan erabaki nahi ditugu», aldarrikatu du Dufauk.

Alta, LABen parte diren guztiak zoriondu ditu Dufauk, eta bidelagun izan direnak eta egun direnak ere eskertu ditu. «25 urterekin ez da ezer bukatzen. Lantokietan antolatzen eta borrokatzen segitu behar dugu. Euskal Herriko langileok hemen erabakitzearen aldarrikapena aitzinera eraman behar dugu», berretsi du.

Urriaren 25ean Lekornen egingo duten ospakizunaren gaineko azalpenak eman ditu, bestalde, Eñaut Aramendi Ipar Euskal Herriko idazkariak. Sindikatuak Ipar Euskal Herrian egin duen ibilbidea aztertu duteko dute goizean, belaunaldi desberdinetako militanteen testigantzekin osatutako solasaldi baten bidez.

Bazkaria izango da ondoren, eta txaranga batekin eta kontzertuekin itxiko dute egitaraua. Edozein kasutan, egunari buruzko informazio zehatzagoa aurrerago emango du sindikatuak.