Iruñerriko Mankomunitateak «konponbidea bilatzeko» deia egin du autobusen greba dela eta
Uztailaren 1etik aurrera autobusetan greba deitu dutela eta, «konponbidea bilatzeko» eskatu die Iruñerriko Mankomunitateak TCC enpresari eta enpresa batzordeari.
Uztailaren 1etik aurrera Iruñerriko autobusetan deituta dagoen greba dela eta, «akordio batera heltzeko» deia egin die Mankomunitateak TCC enpresari eta enpresa batzordeari. Hitzarmenaren negoziazioan aurrerapenik ez dagoelako deitu du greba enpresa batzordeak eta sanferminetarako antolatzen diren zerbitzu berezietan eragina izango du.
«Oraindik adostu ez diren alderdiak badaude ere negoziazioan, erakundeak ontzat jotzen du alderdien artean adostasun puntuak ere badaudela. Hain zuzen ere, hurbilketa horregatik, Mankomunitateak uste du ez litzatekeela ulertuko greba egoera bat eta, are gutxiago, sanferminetan, zerbitzuak urte osoan eskaera handieneko egunak izaten dituenean», adierazi du Mankomunitateak ohar batean.
«Ez dirudi sanferminetan greba egiteak onurarik ekartzen dionik inori. Are gehiago, uste dut alderdi guztiek hartuko lituzketela kalte larriak, denentzat oso garrantzitsuak liratekeen galera ekonomikoak eta sinesgarritasunekoak izanda», adierazi du Mankomunitateko presidente David Campionek.
«Herritarrentzat kaltea»
«Kaltea hartuko lukeen alderdi nagusia herritarrena izango litzateke, eta puntu honetan enpresaren eta enpresa batzordearen ardura eta erantzukizuna eskatu behar dugu. Zoritxarrez, akordioa lortzeko aukerarik ez dagoen eta ondorioak dramatikoak izaten ari diren enpresen kasuak ditugu inguruan. Nire ustez, gizarteak muturreko egoeretan ulertzen ditu muturreko neurriak, baina gehiago kostako litzateke ulertzea gauden testuinguru honetan», gaineratu du Campionek.
Afera honetan Mankomunitateak ez duela «eginkizunik» nabarmendu du Campionek, aurten segurtasuna hobetzeko autobus berriak erosi dituztela gaineratuz.
«Diru publikoa da, eta izugarri arduratsuak izan behar dugu», amaitu du Campionek.