INFO

ELAk Bilboko Udala salatuko du lan eskaintzetan euskara eskakizunak murrizteagatik

ELAk salatu du Bilboko Udalak euskarazko hizkuntza eskakizuna murriztu egin duela 35 lan eskaintza publikotan. Hori agintzen duen epairik ez dagoela dio sindikatuak eta epaitegietara eramango du Udala.

ELAko ordezkarien agerraldia. (EUROPA PRESS)

ELAk Bilboko Udala epaitegietara eramango du, «deialdietako lanpostuen %40ra mugatu nahi baitu euskararen eskakizuna, hori agintzen duen epairik ez izan arren». Sindikatuak salatu du ezinezkoa dela arreta eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea eskakizuna lanpostuen %40ra murriztuta. Dioenez, Udalak aurretik argitaratutako 35 eskaintzetan lanpostuen %70ean baldintza gisa ezarrita zegoen euskara mailaren bat egiaztatzea.

ELAk ohar baten bitartez azaldu duenez, CCOOk Udalaren deialdi baten aurka egin zuen euskara eskakizunak gehiegizkoak zirela iritzita, eta Auzitegi Gorenak oraindik ebatzi ez duen arren, Bilboko Udalak erabaki du deialdi guztiak aldatzea, oposiziogile guztiak kaltetuta.

«Udalaren erabakiak jarrera euskarofoboak babesten ditu, eta euskararen eta hizkuntza eskubideen aurkako aktibismoa bultzatu, ebazpenik ez duen inpugnazio batek ehunka lanposturen euskara eskakizunak baliogabetzea lortu duelako», salatu du sindikatuak.

Are gehiago, kritikatu du azken urteetan ia desagertu egin direla udal laguntzak langileek euskara ikasi dezaten, «eta ez dago itzulpenerako programa zehatzik, ez liberaziorik».

Gainera, Bilboko Udalak euskararen inguruko araudi propiorik gabe jarraitzen duela gogoratu du ELAk.

Sindikatuak auzitegietan salatuko ditu aldaketa horiek, eta Bilboko Udalari exijitu dio «atzera egiteko eta hautaketa prozesuak hasiera batean planteatuta zeuden bezala egiteko». Era berean, langileak euskalduntzeko plan bat diseinatzea eskatzen dio, «epe jakin batean lanpostu guztietan euskara gaztelania beste eskatzeko helburuarekin, horretarako behar diren salbuespen eta baliabideekin».

ELAk argi utzi du ez duela «atzerapausorik onartuko euskara eskakizunetan.