Oriok bigarren luzean estropada apurtu eta egurra eman du Zierbenaren etxean
«Mirotzek» bigarren luzean apurtu dute estropada, etxean lehiatu den Zierbenari 15 segundo ateraz amaieran. Hondarribia, bigarren txandatik, asteburuko lan bikaina biribildu du hirugarren postuarekin, Bermeoren aurretik.
Eusko Label Liga hasi aurretik denek edo ia denek jartzen zuten Orio faborito garbiena bezala. Larunbatean, Donostiako badian, hirugarren izan ziren 'mirotzak', baina igande honetan Zierbenan garaipenaren bidetik jarraitu eta hirugarren bandera eskuratu dute. Bigarren luzean estropada apurtu eta ez diote aukerarik eman aurreko egunean arraunlari ugari erreserbatu zituen etxeko traineruari.
Gauzak hala, Orio are eta liderragoa aterako da bigarren asteburutik. Lau puntuko aldea aterako dio Zierbenari. Hauez gain, asteburuan lan fina egin duen beste ontzi bat Hondarribia da. Berdeek bosgarren postua sinatu zuten larunbatean eta gaurkoan hirugarren izan dira bigarren txandatik. Bestalde, Donostiarraren lana nahiko irregularra izan da: atzo etxean garaipena eskuratu zuen, baina gaurkoan seigarren izan da eta sailkapen nagusian laugarren postura jaitsi da.
Ohorezko txandan, beste behin, Orio nagusi izan da. Gorka Aranberri patroia bere arraunlariei nahiko lasai hitz egiten ikusteak nolabait esaten du traineruak zein nagusitasunarekin gailendu den. Izan ere, bigarren luzean beste martxa bat jarri eta pixkanaka aldeak handitzen joan da Zierbenarekiko. Etxeko ontzia amorru biziz atera da, baina ez zaio estrategia ondo atera. Donostian arraunlari ugari erreserbatu zituen gaurko estropadarako, baina ezin izan dute garaipena erdietsi.
Atzetik, Donostiarrak eta Bermeok, larunbatean garaile eta bigarren izan zirenek, ezin izan dute aurrekoen itzala jarraitu eta, ez hori bakarrik, Hondarribia bizkaitarren aurretik sailkatu da eta Getaria gipuzkoarren aurretik.
Bigarren txanda: Hondarribiaren asteburu fina
Ziklo berri honetan, berdeek sekulako erregulartasuna erakutsi dute asteburu honetan. Larunbatean bigarren txandako azkarrenak izan ziren, eta igande honetan hasieratik bukaera arte dominatu dute txanda, azkenean estropadako sailkapen nagusiko hirugarren postua lortuz.
Larunbatean zortzigarren izan zen Getariak ondo eutsi dio Hondarribiaren erritmoari eta bigarren tokia eskuratu du. Gainera, lehen luzean berdeekin lehia bizian sartu dira lehen postua eskuratzeagatik.
Baina amore eman behar izan dute lehen ziabogara iritsi aurretik. Izan ere, 'Ama Guadalupekoa' ontziak olatua hartu eta 6 segundo atera dizkie getariarrei ziztu bizian. Hortik aurrera, berdeen ontziaren itzala jarraitu behar izan dute amaiera arte.
Bitartean, atzean San Juanek Aresi pasa dio eta bien arteko lehia ikusi ahal izan da. Azken maniobran sanjuandarrek maniobra txarra egin dute eta galiziarrek txandako hirugarren postua eskuratzeko baliatu dute. Luzean zehar, ordea, arrosek hirugarren postua berreskuratu dute; hori bai, lehen txandako Ondarroa eta Lekittarraren atzetik helmugaratu dira.
Lehen txanda: Ondarroa bikain; Kaikuk duda asko
Normalean, lehen txandan aritzen diren ontziek gauza asko izaten dituzte erakusteko. Zierbenan, Ondarroak eta Kaikuk aurreko eguneko sailkapen txarra hobetzea helburu zuten. Lehenengoek arantza kentzea lortu dute Petronor banderan, baina 'Bizkaitarra' traineruak putzuan sartuta ikusi beharko du bere burua beste astebete gutxienez.
Ondarroak txanda irabazi du eta hasierako luzean Kaikurekin lehia izan du. 'Bizkaitarra' estropada eremu honetan entrenatzen ohituta dago, baina hasierako intentsitate horrek ez du asko iraun.
Lehen ziabogaren ostean, Lekittarrak Kaikuri gainditu dio, eta baita Cabok ere hurrengo maniobrara iritsi aurretik.
Hor beste estropada bat hasi da. Ondarroak ez du aurkaririk izan. Lekittarrak bigarren postuari arazorik gabe eutsi dio. Gainera, bi ontzi hauek bigarren txandako San Juan eta Aresen aurretik sailkatu dira azkenean. Atzetik, Cabok Kaikuri lehia irabazi dio. Bi hauek sailkapen nagusiko beheko postuetan mantenduko dira.
Eusko Label Liga - XLII Petronor Bandera:
1.Orio 19:56.18
2.Zierbena 20:11.40
3.Hondarribia 20:12.32
4.Urdaibai 20:18.12
5.Getaria 20:24.18
6.Donostiarra 20:25.68
7.Ondarroa 20:29.04
8.Lekittarra 20:37.62
9.San Juan 20:40.14
10.Ares 20:43.92
11.Cabo 20:53.72
12.Kaiku 21:02.54
Eusko Label Liga - Sailkapen Nagusia:
1.Orio 46 puntu
2.Zierbena 42 p.
3.Urdaibai 39 p.
4.Donostiarra 37 p.
5.Hondarribia 33 p.
6.Getaria 26 p.
7.Ares 21 p.
8.Ondarroa 17 p.
9.Lekittarra 17 p.
10.San Juan 16 p.
11.Cabo 9 p.
12.Kaiku 9 p.