INFO

Orioko trainerua Eusko Label eta Euskotren Ligan bietan lider, etxean nagusitu ondoren

Orioko Kanpina Banderan «mirotzek» erakustaldia eman dute eta gizonetan sailkapen nagusiko burua sendotu badute, emakumeetan lidergoa aurreneko garaipenarekin batera lortu dute. Lekittarra eta Tolosaldea izan dira eguneko beste sorpresak eta, aldiz, asko sufritu dute Arraun Lagunak eta Zierbenak.

Orioko emakumeak zoratzen, denboraldiko aurreneko garaipena lortuta Euskotren Ligako lidertza eskuratu baitute. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bi metroko olatuak, ipar ekialdeko haizea, hondoko itsasoa, trapaila, marea aldaketa estropada amaitu aurretik... Arraunerako giro petrala baina ikusteko zoragarria  bizi izan da igande honetan Orioko Kanpina Bandera jokatzeko orduan. Itsasoa pil-pilean eta estropada bera ere bai. Horren ondorio, Oriok etxeko estropadan inoizko erakustaldia eman du eta hala, berdin Eusko Label nola Euskotren Ligako estropadan garaipena eta osteko lidertza eskuratu dituzte. Etxean profeta izatea posible ei da, antza.

Estatxa hartu eta traineruak lerrokatzeko ere nahikoa lan patroientzat eta aurreneko kalea, berriz, ahal dela saihestu beharreko kalea, nahiz eta denetarik ikusi den; esaterako, Hondarribiko emakumeen trainerua beren txanda maisuki eramaten.

Arraun Lagunak Euskotren Ligako orain arteko liderrak ez du teorikoki kale txarrena zen aurreneko kaletik egin arraunean, baina uste baino ondotxo gehiago sufritu du laugarrenetik –txarrena igande honetan– eta, aldiz, Oriok denboraldiko aurreneko bandera eskuratu du, non eta etxean. Eta hori gutxi balitz, Euskotren Ligako sailkapen nagusiko buruzagitza ere eskuratu dute «mirotzek». Maider Etxaniz patroiak poparean arazo franko izan ditu une batez bere bidea mantentzeko eta Tolosaldeak kinada egin du branka sartzeko asmotan. Alabaina, ‘San Nikolas’ ontziak ondo eutsi dio eta sari nagusia eskuratu du.

Bere aldetik, Arraun Lagunak ez da fin aritu eta bosgarren posturaino erori da. Oriok ez ezik, Tolosaldeak, Hibaikak eta aurreneko txandan nagusitu den Hondarribiak ere aurre hartu baitio. Oriotarren erreferentzia uste baino arinago galdu dute eta itsasoak egun petrala eskaini die azkenean. Hala, Zumaiaren denbora hobetzen ere nahikoa lan izan dute.

Euskotren Ligak Getxora eta Castrora egingo du jauzi datorren asteburuan eta orduan ikusiko da Orion ikusi den hau berresteko kapaz ote den Orio, lehiaketako lider berria, ala ‘Lugañene‘ Orion izandako egun petrala atzean utzi eta berriz ere branka sartzeko kapaz izango ote den.

EUSKOTREN LIGA
ORIOKO XXV. ESTROPADA
    1.    Orio                       11:41.64        
    2.    Tolosaldea              11:50.98
    3.    Hondarribia            12:02.14
    4.    Hibaika                  12:08.74
    5.    Arraun Lagunak      12:09.79
    6.    Zumaia                  12:12.56
    7.    Donostiarra            12:27.14
    8.    Astillero                 12:38.38

NAGUSIA
    1.    Orio                       43 puntu        
    2.    Arraun Lagunak      42 p.
    3.    Tolosaldea              37 p.
    4.    Hibaika                  25 p.
    5.    Zumaia                  23 p.
    6.    Hondarribia            18 p.
    7.    Astillero                 16 p.
    8.    Donostiarra            12 p.

Lekittarra ere oso gertu

Haizeak gorantz egin du Eusko Labek Ligako estropadak aurrera egin ahala ere. Lekittarrak ez zuen asko usteko hain aurrean ibiliko zenik, baina haizeak eta marea aldaketak Isuntzari egundoko mesedea egin dio. Ez du horrek esan nahi Isuntzakoek arraunean dotore asko ez dutenik egin, izan ere orotara bigarren denborarik onena egiteko lana beltz eta fin asko egin behar izan dutelako lekeitiarrek.

Baina bigarren ziabogaren ostean «mirotzek» ez dute aukerarik eman. «Ziabogaren osteko aurreneko olatu hori hartzeak abantaila handia ematen du eta horretan asmatu dugu. Bezperan San Juanen lan ona egin genuen baina bigarren eginda mutilek amorratuta amaitu zuten. Horrek esan nahi du jendea garaipen gosez dela eta garaipen gosez egotea lehenengo urratsa da banderak irabazten joateko», adierazi du estropadaren amaieran Gorka Aranberri oriotarren patroiak.

Lekittarrak aurreneko txandan egin duen lan bikainaren ostean marea aldaketa etorri da eta ondorioz haizeak ere gorantz egin du. Bigarren txandan aritu diren Donostiarra, Urdaibai, San Juan eta Ondarroak larrutik sufritu eta ordaindu dute, haizeak indarrik gorena hortxe harrapatu baitu.

Donostiarrak, nolanahi, laugarren postu on bat atera du bere lana bete ostean, baina ohorezko txandara iristerako haizea beherantz hasi da berriro, eta hortxe egin dute aurrerantz berdin Oriok nola maila oso txukunean aritu den Hondarribiak ere.

Estropada erditik aurrera ‘Ama Guadalupekoak’ ezin izan dio Orioren martxari segi eta azkenean Isuntza ere aurretik sartu zaio, baina badirudi Hondarribiarren traineruaren gaztetze prozesua bide zuzenetik doala. Bide zuzena okertu zaio, bestalde Zierbenari eta orotara bosgarren denbora onena eginda, eguna hainbestean libratu duela esan liteke, tarte batzuetan zortzigarren lekuraino erori baita ‘galipoen’ ontzia.

«Orio hemen da bueltan!» garrasi eginaz sartu da helmugan Gorka Aranberri, baina Orio ez da irribarre egin duen ontzi bakarra. Esan bezala, Lekittarrak inork ere espero ez zuen bigarren lekua lortu du eta Aresen seigarren postua eta Kaikuren bederatzigarrena ez dira batere albiste txarrak traineru horientzat. Aldiz, San Juan eta Ondarroak azken bi postuetan amaitu dute, itsasoaren petralkeriatik ezin ihes eginda.

Izan ere, igande honetan Orioko traineruak izan du beste gehienei falta izan zaien zortea eta talentu puntua, lanean latz denak aritu badira ere, arraunean egiteko baino ikusteko politagoa izan den estropada gogor batean.

EUSKO LABEL LIGA
Orioko XXXV. estropada
    1.    Orio             21:20.78        
    2.    Lekittarra     21:43.08        
    3.    Hondarribia  21:48.00        
    4.    Donostiarra  21:50.06
    5.    Zierbena      21:51.66
    6.    Ares            22:08.54
    7.    Urdaibai      22:10.36
    8.    Getaria        22:14.04
    9.    Kaiku          22:22.70
    10.    Cabo         22:27.78
    11.    San Juan    22:43.66
    12.    Ondarroa    23:30.28

NAGUSIA
    1.    Orio             69 puntu        
    2.    Zierbena      62 p.
    3.    Donostiarra  54 p.
    4.    Hondarribia  53 p.     
    5.    Urdaibai       51 p.
    6.    Getaria        40 p.
    7.    Lekittarra    32 p.
    8.    Ares            31 p.
    9.    San Juan      25 p.
    10.    Ondarroa    23 p.     
    11.    Kaiku         15 p.
    12.    Cabo         13 p.

Orio B ere nagusi

«Harrera bikaina izango da herrian!» esan du Gorka Aranberrik estropada amaitu ostean, herriko talde guztiek garaipena eskuratu baitute. Orioren B ontziak ia 28 segundoko aldeaz irabazi du Portugaleten eta KAE 2 Ligako lidergoa sendotu du, igande honetan hirugarren amaitu duen Hibaikari bost puntuko aldea aterata.

Portugaleten bertan, ETE Ligako estropada jokatu da eta San Juan eta Zarautzen arteko buruz burukoa askoz estuagoa izan da. Segundu bakarreko aldearekin sanjuandarrak nagusi izan dira eta sailkapen nagusian hiru puntura hurreratu dira Zarautzekiko.

Bestalde, KAE 1 Ligako estropada jokatu da igande eguerdian Gorlizen eta asteburu nahiko goibela garaipenik gabe amaitu du Santurtzik, larunbatean bezala, domekan ere banderarik astindu gabe geratu baita. Kasu honetan Arkoteren atzetik bigarren amaitu Santurtziko traineruak, baina nolanahi Arkoterekiko zortzi puntuko aldearekin lider jarraitzen du KAE 1 Ligako sailkapen nagusian.