INFO

Berritasunekin dator aurten abuztuaren 9an ospatuko den XXII. Ramon Latasa Saria

Maila nagusian hiru bikote arituko dira aizkoran –orain arte lau ziren– eta gazteen mailako saria egingo da berriro. Zazpi edizio jokatu ondotik, proba hau 2013an utzi zitzaion antolatzeari.

Iker Vicente aizkolaria Sunbillan izango da abuztuaren 9an. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Dena prest da abuztuaren 9an, larunbatean, arratsaldeko 18.30ean, Ramon Latasa aizkolari handiaren oroimenez Sunbillan egingo den XXII. edizioko saria jasotzeko. Eta aurtengoak zenbait nobedade dakartza.

Hasteko, orain arte maila nagusian lau bikote lehiatzen ziren aizkoran, eta aurten, ordea, hiru ariko dira: Iker Vicente-Arkaitz Etxebeste, Julen Alberdi 'Txikia IV.a'-Hodei Ezpeleta 'Bihurri II.a' eta Mikel larrañaga-Eneko Otaño.

Bikote bakoitzak hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako ebaki beharko ditu.

Jaialdi berean, emakumeen Ramon Latasa sariaren laugarren edizioa ere jokatuko da. Egungo emakumezko aizkolari onenak lehiatuko dira, eta aurten ere hiru bikote ariko dira: Karmele Gisasola-uxue Ansorregi, Nerea Sorondo-Laiene Pikabea eta Nerea Arruti-Oihana Fernandez.

Bikote bakoitzak 45 ontzako bortz enbor moztu beharko ditu.

Baina, badago beste berritasun bat; gazteen mailako Ramon Latasa Saria egingo baita berriro. Zazpi edizio jokatu ondotik, proba hau 2013an utzi zitzaion antolatzeari. Ikusirik aizkolari gazte batzuk indartsu datozela, aukera bat eman nahi izan diete antolatzaileek.

Hala, aurtengoa zortzigarren edizioa izanen da, eta hiru bikote ariko dira lehian: Igoin Pikabea-Unai Etxeberria, Oier Mitxelena-beñat Senosiain eta Aritz Oiarbide-Julen Urrutia.

Bikote bakoitzak 45 ontzako hiru enbor eta bertze hiru kanaerdiko moztu beharko ditu.

Errekor saiakerak

Bestalde, jaialdian txinga marka saiakera bat ere izango da. Kerman Perez de Heredia Euskadiko txapeldunak 75 kiloko txingekin bere marka pertsonala hobetzeko saiakera egingo du. Berak dauka marka jarrita hamar plazarekin.

Gainera, Estefania Etxebeste harri-jasotzailea errekor bat egiten saiatuko da 100 kiloko zilindro kopa harriarekin (bost minutuko bi txandatan). Txanda bat amaitu eta hurrengoa hasi bitartean 15 minutuko atsedenaldia izango du. Idoia Etxeberriak 2014an jarri zuen marka 56 altxaldirekin.

Orain arte inork hautsi ez duen marka hori gainditzen saiatuko da Estefania Etxebeste iturendarra, eta marka handi bat jarri nahi du Sunbillan.