INFO

Israelek Gazan ezartzen duen «gosete planifikatua» salatu du Palestinarekin Elkartasunak Bilbon

Palestinarekin Elkartasuna plataformak «gosete planifikatua» salatu du Bilboko kaleetan, Aste Nagusia hastear dela. Halaber, Gobernuei «hipokresiaz» jokatzea leporatu die eta urriaren 4an Iruñean egingo duten manifestazio nazionalera batzeko deia zabaldu du.

Ehunka pertsona batu ditu mobilizazioak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Palestinarekin Elkartasuna plataformak argi ikusten du Gazan ematen ari dena «gosete planifikatua» dela eta hori salatu du Bilbon egin duen mobilizazioan. Manifestazioan «Gobernuen hipokresia» deitoratu eta Israelekin harremanak eten ditzatela exijitu dute. Halaber, Iruñean urriaren 4an egingo dute mobilizazio nazionalarekin bat egitera deitu dituzte herritarrak.

Eliptika plazatik abiatu da manifestazioa eta Arriaga plazan bukatu. Bukaeran irakurri duten manifestuan kritiko azaldu dira «mendebaldeko zenbait aktorek» Gazako egoerarekiko azaldutako jarrera dela eta, «kezka» bat-batean agertu dutelako, genozidioa duela hilabete ugari abiatu bazen ere: «Ustezko kezka hori genozidioak eragin baino, zerrenda zeharkatzen duen gosetea uzten ari den irudiek sortu dutela ematen du».

Horren aurrean, argi adierazi dute gosetea «planifikatua» dela: «duela 9 hilabete publikoki iragarri zen Rafah-ko pasabidea erabat itxi zenean, ura, janaria, erregaia eta elektrizitatea sartzea galaraziz». Gogora ekarri dute gosetea fase larrienean sartu dela, CIF sailkapen-sistemaren arabera. Horrez gain, salatu dute iristen den laguntzaren banaketa egitean «mertzenario estatubatuarrek eta israeldarrek» laguntza jasotzera doazen pertsonak tirokatzen dituztela.

Hori dela eta, palestinar herriari babesa ematen jarraitzeko beharra azpimarratu dute, baita Israelekin harremana eteteko presionatzen jarraitzea ere.

Txomin Barulloren aitortza

Egiten ari den lana aitortzeko Barullo saria emango diote Palestinarekin Elkartasuna platarformari datorren astelehenean, abuztuaren 18an. Txomin Barullo konpartsak ematen duen sari honen seigarren edizioa izango da eta aurten plataformak «eragileak eta norbanakoak batzeko» egindako esfortzua saritu du.