Astelehenetik aurrera egingo dute behera tenperaturek Euskal Herrian
Astea bukatzearekin batera amaituko da bero olatua ere. Euskal Herrian nabarmen egingo dute behera tenperaturek eta euria ere egingo du, ipar haizearekin batera. Astelehenera arte, ordea, alerta laranja eta abisu horia aktibatuta egongo dira, Nafarroan gorria ere izango delarik.
Astelehenetik aurrera arnasa hartu ahalko du Euskal Herriak, tenperaturen jaitsierarekin. Prezipitazioak izango dira eta ipar haizea sartuko da. Ordura arte, muturreko beroa izango da nagusi Euskal Herri osoan.
Tenperaturak freskatzearekin batera hodeiak eta prezipitazioak ere agertuko dira. Goizean euri pixka bat egingo du, bereziki Kantauriar isurialdean eta, arratsaldean eta gauean, zaparradak edo trumoi-ekaitzak edonon bota ditzake, Aemeten eta Euskalmeten iragarpenen arabera.
Ipar parteko leku askotan balio altuenak 25 gradu azpikoak izango dira eta hegoaldean maximoek ez dituzte 30 graduak gaindituko. Tenperatura maximoek nabarmen egingo dute behera: 28 gradu Lizarran, 29 Iruñean, 23 Donostian, 24 Bilbon, 25 Guardian eta 23 Baionan.
Minimoak, aldiz, 19 gradutik beherakoak izango dira, oro har, Gasteizen 16 gradura ere jaitsiko dira tenperaturak egunaren mementoren batean.
Halaber, iparraldeko eta ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean apur bat indartuz, eta aste osoan zehar berdintsu mantenduko da eguraldia.
Astelehenera arte, ordea, bero olatuak jarraituko du. Alerta gorria aktibatu dute agintariek Nafarroako erdikaldean eta Errineran. Laranja indarrean Araban, Nafarroako beste eremuetan eta Ipar Euskal Herrian, eta abisu horia Bizkaian eta Gipuzkoan. Izan ere, igandean 35 graduen bueltan ibiliko dira tenperatura maximoak; Nafarroako puntu batzuetan 40 graduak gainditu daitezke.