INFO

Ebro ibaitik Kantauri itsasora Palestina askatzea aldarrikatuko du martxa batek irailean

Ebro ibaitik Kantauri itsasora, Tuteratik Hendaiara, Palestina askatzea aldarria ikusaraziko du irailean martxa batek. Euskal Herria eta Palestinaren arteko elkartasuna adierazteaz gain genozidio eta okupazio sionisten alde egiten duten enpresa eta erakundeak salatzea da asmoa.

Ebro ibaia eta Kantauri itsasoa lotuko dituen Palestinaren aldeko martxaren aurkezpena Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ebro ibaitik Kantauri itsasora «Palestina askatu» ozen aldarrikatuko du Tutera eta Hendaia lotuko dituen martxak. Iruñean egin duten aurkezpenean antolatzaileek azaldu dutenez ekimen honekin «Euskal Herria eta Palestinaren arteko elkartasuna» adierazi nahi dute. «Palestinako lurralde historikoan ibaitik itsasoraino askatasunaz, berdintasunaz eta justiziaz gozatzeko duen bidezko nahia aldarrikatzen du», gaineratu dute.

Etapetan erabiliko den lekukoa palestinarrek galdutako etxeen giltza irudikatuko du, bueltatzeko itxaropena islatzeko.

Iblbideak hamaika etapa izango ditu, irailaren 10etik 20ra, eta ekimenak bi helburu ditu. Alde batetik, Euskal Herriko lurralde osoko herri eta hirien kausa palestinarrari laguntzeko sare handia ikustaraztea eta aktibatzea. Horretarako, geldialdi bakoitzean tokiko batzoredeak hurrengo etapan herritarren parte-hartzea sustatuko du, eta Palestinako kausarekin solidarioak diren jarduera soziokulturalak antolatuko ditu. Hitzaldiak, musika eta poesia topaketak, film eta dokumentalen proiekzioak, dakba ikastaroak eta beste adierazpen solidarioak izango dira.

Bigarren helburua okupazio eta genozidio sionistekin kolaboratzen duten Euskal Herriko enpresak eta erakundeak ikustaraztea eta salatzea da. Horrela, Bardeetan Israelgo armadarekin elkarlan estuak diharduten NATOren aireko indarrek egiten dituzten bonbardaketak salatuko dituzte. Castejonen, Artikan eta Irunen CAF enpresak dituen lantegietan Jerusalemgo ekialdeko okupazioa areagotzen den tranbiaren parte hartzea salatuko da. Elortzibarren M. Torres enpresak Israelgo armadari teknologia saltzen diola ikusaraziko da. Iruñean, Osasunbidearen egoitzan, Nafarroako erakunde publiko honek ekonomia sionistaren alde egiten duen TEVA enpresa israeldarraren sendagaiak erosten dituela salatuko dute. Iruñean bertan, Zara multinazionalak lurralde palestinarraren legez kanpoko okupazioan inbertitzen duela ikusaraziko da. Hendaian Carrefour multinazionalak legez kanpo okupaturiko palestinar lurraldeetan negozioak dituela eta Gazan genozidioa egiten duten soldaduei janaria oparitzen diela salatuko dute.

Ibilbidea

Ibilbidea honako hau izango da. Lehen etapa, irailaren 10ean, Tutera-Castejon, 16 kilometro, lau ordu, Trenanasan salaketa egingo delarik Ebro ibaitik abiatuta. Bigarren etapa, irailaren 11an, Castejon-Azkoien, 22 kilometro, bost ordu. Hirugarren etapa, irailaren 12an, Azkoien-Tafalla, 26 kilometro, sei ordu. Laugarren etapa, irailaren 13an, Tafalla-Soltxaga, hamalau kilometro, lau ordu. Bosgarren etapa, irailaren 14an, Elortzibar-Noain-Iruñea-Antsoain, hiruburuan manifestazio handia egingo delarik. Seigarren etapa, irailaren 15ean, Antsoain-Larraintzar, 19 kilometro, bost ordu. Zazpigarren etapa, hilaren 16an, Larraintzar-Doneztebe, 26,9 kilometro, sei ordu, mendi martxa izango delarik. Zortzigarren etapa, irailaren 17an, Doneztebe-Elizondo, hamalau kilometro, hiru ordu. Bederatzigarren etapa, irailaren 18an, Elizondo-Bera. Hamargarren etapa, irailaren 19an, Bera-Irun, hogei kilometro, lau ordu. Hamaikagarren eta azken etapa, irailaren 20an, Irun-Hendaia, bost kilometo, bi ordu, Kantauri itsasora helduko delarik.

Ebro ibaia eta Kantauri itsasoa lotuko dituen martxaren ibilbidea. (PALESTINAREN ALDEKO IBILALDIA)
Ebro ibaia eta Kantauri itsasoa lotuko dituen martxaren ibilbidea. (PALESTINAREN ALDEKO IBILALDIA)