INFO

Caja Rural taldeak Ellande Larronde txirrindulari lapurtarra fitxatu du hiru urterako

Saran duela 19 urte jaiotako txirrindulariak maiatzean estreinatu zuen bere palmaresa 23 urtez azpikoen kategorian, Nafarroako Itzulian etapa bat eta Haute Bigorreko Tourreko sailkapen nagusia irabazita. «Beti gehiago nahi duen txirrindularia naiz», adierazi dio taldeari egindako elkarrizketan.

Ellande Larronde lapurtarra hiru urterako lotu du Caja Rural taldeak. (@CAJA RURAL)

Caja Rural Seguros RGA taldeak aurreneko fitxaketa egin du datorren denboraldiari begira: Ellande Larronde txirrindulari lapurtarra –Sara, 2006–. Hiru denboraldirako kontratua sinatu du 19 urteko gazteak. Caja Ruralen afizionatu taldean izan da orain arte Ipar Euskal Herriko txirrindularia eta talde txikietan azkarra izateaz gain, tamaina erdiko mendiak ere nahiko txukun gainditzen ditu. 23 urtez azpiko eta elite kategorian hilabete batzuetan egin duen lana nahikoa eta gehiago izan da profesionaletan lekua egiteko.

Zentzu horretan, joan den maiatzean bere palmaresa ederki asko jantzi zuen Sarako semeak. Hasteko, Alacanteko Challenge Alicante Interior proban etapa bat irabazi zuen. ostean, Nafarroako Itzuliko aurreneko etapako garaile izan zen Zangozan. Azkenik, Okzitanian jokatzen den haute Bigorre Tourreko sailkapen nagusia ere eraman zuen txirrindulari lapurtarrak.

Baina ez dago horrekin konforme. «Caja Ruralek profesionaletarako atea ireki izana gauza handia da benetan, munduko txirrindulari onenen artean aritzea sinestezina da, baina gehiagoren bila noa. Beti gehiago nahi duen txirrindularia naiz», adierazi dio Ellande Larrondek Caja Rural taldeari eskainitako aurreneko elkarrizketan.

Amaitzen ari den denboraldia «bi zatitan» banatu du. «Aurreneko erdian taldekideentzat lanean aritzea tokatu zait, eta oso gustura aritu naiz. Bigarren zatian, berriz, nire aukerak baliatzen ahalegindu naiz. Taldekideen artean oso giro aparta sortu da eta espero dezagun etorkizunean ere lasterketak irabazten jarraitzeko gai garen», gaineratu du.

«Ordekan ondo moldatzen naiz, esprintean abiadura apur bat badaukat eta erlojuaren aurka nahiko ondo moldatzen naiz. Egia esan, Estatu frantseseko selekzioan elite mailan dihardut. Aldiz, ez naiz igotzaile onegia, baina Caja Ruralen egin dudan aurreneko urte honetan asko hobetu dudalakoan nago», deskribatu du bere burua.

Talde nafarrarekin izan duen aurreneko esperientzia honetan «asko ikasi» duela aitortu du. «Besterentzat lanean asko ikasi dut, baita nik neuk irabazteko edo kideren batek irabazi dezan mugitzen ere. Fisikoki ere asko hobetu dut. Urrian pistako Munduko txapelketan arituko naiz, eta datorren urtean taldeari laguntzen ahaleginduko naiz. Adibidez esprint bideratzaile lanean moldatuko banintz, garaipen handia litzateke niretzat», adierazi du.