INFO

Frankenstein: Munstroa birjosten, euskal konexioen hariak lotuta

Jacob Elordi euskal jatorriko aktore australiarraren begiradak liluratu zuen Guillermo del Toro zinemagilea. Del Torok munstro bihurtu du Elordi ederra ‘Frankenstein’-en bertsio berri batean, mitoaren gaurkotasunaren seinale. Mitoa ‘birjosten’ saiatu gara, Katixa Agirre eta Ana Galarragarekin.

Jacob Elordi jatorri euskalduneko aktore australiarra, munstroa bihurtuta. (Ken WORONER | NETFLIX)

Hasi berria den Veneziako zinema jaialdia aukeratu dute Netflixek eta Guillermo del Toro zinemagile mexikarrak Mary Shelleyen ‘Frankenstein’ eleberri klasikoaren bertsio berria munduari erakusteko. Handik, zinema aretoen bidaia hasiko du –urriaren 24an iritsiko da aretoetara–, eta azaroaren 7tik aurrera egongo da ikusgai streaming plataforman. Baina estreinaldiaren egun erabakigarriena larunbata honetan izango da, Venezian, nazioarteko kritikoen galbahe beldurgarria pasatuko baitu, beste data esanguratsu batean: abuztuaren 30ean... hau da, Frankensteinen Egunean; Mary Shelley (Londres, Ingalaterra, 1797ko abuztuaren 30a-1851ko otsailaren 1a) idazle britaniarra jaio zen egunean, alegia.

Marketineko jokaldia? Akaso. ‘El laberinto del fauno’, ‘Hellboy’ edo ‘The Shape of the Water’ filmen egilearen iruditeria gotikoaren zigilua du superprodukzio honek: Oscar Isaac aktoreak Viktor Frankenstein doktoreari «rock izarren kutsua» ematen dio, Del Tororen esanetan; eta izarra bihurtzen ari den Jacob Elordik bere  edertasuna ezkutatzen du hildakoen zatiekin osatutako kreatura mitikoaren barnean. Joaquin Elordi aitona ondarroatarrarengandik datorkion 1,95 metroko altuera lagungarri izango zaio, seguruenik.  

Halere, orain bi mende –zehazki 1816. urtean– lord Byron eta bere kide erromantikoek Suitzako Leman lakuaren bazterrean kokatutako etxalde batean ospatu zuten rave literario famatu hartan, beldurrezko istorioak kontatzen zituzten bitartean Mary Wollstonecraft Godwin neska gazteak imajinatu zuen mustroak ez du egun marketinik behar. Heriotzatik itzuli zen kreaturak hilezkortasun osasuntsua duela esan daiteke, zineman, telebistan, literaturan eta oholtzan, 200 urteren buruan, bizi-bizirik jarraitzen duelako. Baita gurean ere.

Guillermo del Toro eta Oscar Isacc, «Frankenstein» filmearen errojedajean. (Ken WORONER | NETFLIX)


1816koa ‘udarik gabeko urtea’ legez ezagutzen da. Indonesiako sumendi baten erupzioak sortutako errautsek eguzki-argia eklipsatu zuten, eta, ondorioz, Lurraren batez besteko tenperatura jaitsi egin zen. ‘Izotz aro txikia’ bezala definitu zuten: uztak galdu ziren eta gosete izugarria zabaldu zen. Etxetik ihesi, erromantikoen bilkura hartan zegoen Mary Wollstonecraft Godwin: 18 urte, haurdun eta gizon ezkondu batekin batuta; Percy Shelley poeta. Aita William Godwin anarkista zuen; ama, Mary Wollstonecraft, emakumeen eskubideen defendatzailea eta feminismoaren aitzindaria. Wollstonecraft Mary erditzean hil zen; horrek markatu zuen alaba. Aitak ez zuen Shelleyrekin zuen erlazioa begi onez ikusten. 

Erromantizismoa eta tragikotasuna gurutzatu ziren giro hartan, Viktor Frankenstein doktorea eta bere munstroa ‘esnatuta amestu’ zituen Maryk. Horrela deskribatuko zuen gerora zientzia fikzioa eta beldurrezko generoaren aitzindaria bihurtu zuen nobelaren hastapena. Urte baten buruan, nobela idatzi zuen eta Maryk Shelley izena hartu zuen, poeta alargundu eta ezkondu zenean. Zehazki, Percyren emazteak bere buruaz beste egin zuenean. Bizitza tragikoa izan zuen Mary Shelleyk, hiru ume eta senarra gazte galdu zituen. Sorkuntzari dagokionez, literatura eginez familia mantentzea lortu zuen arren, bere iruditeriatik sortutako pertsonaien itzalek bere lan literario osoa estali zuten. 2013an ekarri zuten Erein-Igela argitaletxeek “Frankenstein” euskarara, Iñigo Errestik itzulita.

Miren Agur Meaberen ‘Nola gorde errautsa kolkoan’ (Susa, 2020) poema liburuan aurkitu zuen Ana Galarraga zientzia-kazetariak ‘Mary Shelley eta bere piano gardena’ olerkia. «Ia idatzita nuen Frankensteini egin nion gutuna, eta emanaldia egitera gindoazen. Eta nik esan nuen: ‘Ai ama, baina hau niretzako idatzi du!’».

Mary Shelleyen orain 200 urte askatu zuen mataza gaur eguneraino korapilatu egiten baita. ‘Frankenstein agurgarria. Viktor Frankesteini gutuna’ errezital-musikatuaz aritu da Galarraga. Berak testuak osatu zituen, Pettik musika jarri zion gutun egitura duen bidaiari. 2022ko Baztango literatura beltzaren jaialdirako prestatutako ikuskizunak Viktor Frankestein pertsonaiari idatzitako gutun musikatuaren egitura baitu, gaur egunera ekarrita eta hainbat gai uztarturik, zientzia eta poesiaren arteko mugaren artean dantzan: teknologia, Inteligentzia Artifiziala, memoria, edertasuna, errua... gai anitz hausnarketarako. Krisi garaietan, Mary Shelleyk sortutako munstroa itzuli egiten delako.  


Ana Galarraga eta Petti, emanaldi batean. (Ana Galarragak utzita)

 

«Viktor Frankensteinek berak zeuzkan kezkak gaur egun ere nola diren berdinak ikusten da, nahiz eta beste testuinguru batean izan, beste gizarte batean, beste forma batean», dio Galarragak. «Gizartea aldatu da, baina gizakiaren funtsa ez da aldatu. Errua, handi nahia, desirak... horiek guztiak mantendu egiten dira».

Pettirekin ondu duen ikuskizunak espero baino bizitza emankorragoa izan du; liburu formatuan argitaratu da, eta abendura arte, lau bat emanaldi dituzte lotuta. Geruzak zurituz egindako ikerketa lan bat ere bada eta, bidean, bihotz batzuk aurkitu dituzte, odol eta haragiz, materiaz, eginikoak garelako.

Percy Shelleyren bihotza: «Itota hil zenean, gorpua erreskatatu eta erraustu zuten hondartzan, egurrei sua emanda. Bihotza kaltzifikatuta zeukan, itxuraz, tuberkulosia zeukalako oso garatuta. Orduan, bihotza ez zen erabat erraustu eta, besteek jakin gabe, Mary Shellyk jaso egin zuen. Mary hil eta gero, bere idazmahaian topatu zuten, oihal batzuetan bilduta, bihotz kaltzifikatu eta karbonizatu hori, Percyri dedikatutako poema batekin».

Beste bihotz bat: Burgosko La Pedraja herrian, 36ko Gerran frankistek fusilatu zituzten herriko gizonen hobi komun batean, Aranzadikoek 2010ean harri bihurtutako 45 garun aurkitu zituzten, eta, bitxiagoa den zerbait, bihotz saponifikatu bat. Galarragak forentsearekin eta guzti hitz egin zuen: «Bihotz haren jabeak gaixotasun bat zuen, zeinaren ondorioz organo guztiak gantzez infiltratuta baitzituen». 

Katixa Agirre idazlearentzat, Shelleyk sortutako mitoak «ez du aktualitaterik galdu». Bi arrazoi ematen ditu: «Alde batetik, zientzia fikziozko lehenengo nobelatzat hartzen da, zientzia fikzioaren generoa zabaltzen du. Eta hain justu, idazten da Industria iraultza hasten ari denean eta haren ondorioak ikusten direnean. Beraz, ez bakarrik zientziarekin, industrializazioarekin ere lotura handia dauka, eta kontatzen digu zientziak eta teknologiak noraino eragin dezakeen giza izaeran, eta nola lausotu daitekeen ordura arte oso argi zegoen gizatasunaren muga. Non hasten da gizakia eta non hasten da munstroa? Azkenean, kreatura hori gizakiz osatuta dago, baina gizakiek ez dute gizakitzat hartzen. Orduan, hor dago gizatasunaren distortsioaren hasiera, teknologiak eta aurrerapenak eraginda. Eta gero, beste alde batetik, heriotzarekin amaitu nahi izatea dago. Hildakoen gorpu zatiak hartu eta horiek bizitzara berriro ekartzea fantasia bat da, gaur-gaurkoz puri-purian dagoena. Entzuten ditugu Silicon Valleyko teknokrata eta teknofilo horiek guztiak esanez posible dela zahartzaroarekin eta gaixotasunarekin amaitzea; azken buruan, hilezkortasuna lortzea. Hori ikertzen ari dira, eta badirudi ez dela izango hain ezinezkoa. Aldi berean, nobelak kontatzen dizkigu horren arriskuak: munstroak ez du batere ondo amaitzen».

2022an kaleratu zuen Katixa Agirrek ‘Berriz zentauro’ nobela distopiko zirraragarrian, mitoarekin konexioak, hariak, aurkitu daitezke: «Niretzat erreferentzia ezinbestekoa zen, ez bakarrik senideak zirelako Wollstonecraft eta Mary Shelley, baita ere hitz egiten delako teknologiaren aurrerapenari buruz, digitalizazioari buruz eta, digitalizatzen garen heinean, fisikalitate hori galtzen dugulako, gure gorputza atzean uzten dugulako. Posible ote da gizatasunari eustea gorputzik gabe, kontzientzia digitala izanda edo esperientzia guztiak birtualak izanda? Hori zen galdera. Gero, niri ere interesatzen zitzaidan asko Mary Wollstonecraft hil izana erditzerakoan: nola gorputza, garai haietan, eta oraindik ere munduko toki askotan, beti dagoen kolokan. Beti jartzen da arriskuan, inkluso bizitza ematerako orduan»

Algunas recomendaciones

‘Berriz zentauro’ / ‘De nuevo centauro’ / ‘De nou centaure’. Autora: Katixa Agirre. Elkar, 2022. En castellano y catalán, ed. Tránsito. De qué va: En un futuro cercano, Paula recrea en el metaverso a Mary Wollstonecraft, madre de Mary Shelley y pionera del feminismo. Distopía apasionante e inquietante.

‘Frankenstein agurgarria’ 
Autores: Ana Galarraga y Petti. Elkar, 2024. De qué va: Una carta abierta a Viktor Frankenstein en un preciosista disco-libro en euskara, donde se recoge el espectáculo del músico Petti y la periodista científica Ana Galarraga. 

‘Frankenstein en Bagdad’ 
Autor: Ahmed Aaadavi. Libros del Asteroide, 2024. De qué va: Tras la segunda guerra de Irak, con Bagdad todavía ocupado, un trapero recolecta restos humanos que encuentra en las calles. Multipremiada sátira del conflicto iraquí.

‘Cuando hablan los monstruos’
Autora: Susan Stryker. Bellaterra Edicions.  De qué va: La historiadora y teórica estadounidense es una figura fundacional de los estudios trans. Esta compilación, con textos de las últimas tres décadas, incluye ‘Mis palabras a Víctor Frankenstein’.

‘Frankenstein’
Autora: Mary Shelley. Nordica Libros, 2018. De qué va: La donostiarra Elena Odriozola ilustró esta edición en castellano para Nordica Libros, que ha recuperado otras dos novelas de Shelley y ha editado una compilación con su madre, Mary Wollstonecraft.