Alaves gailendu da denboraldiko lehen derbian, hogei urteren ondoren San Mamesen irabazita
Gasteiztarrek 2005ean irabazi zuten azkenekoz San Mamesen. Baina, hogei urteren ostean, hiru puntuak eskuratu dituzte defentsa irmo batean oinarrituta eta Berenguerrek bere atean sartutako golari esker. Lehoiek ezin izan diote bolada onari jarraipena eman (0-1).
Porrot mingarria izan da gaurkoa zuri-gorrientzat. Valverderen taldea lehen hiru jardunalditan nagusitu zen, baina sasoiko lehen derbian huts egin dute lehoiek. Nico Williamsen falta asko nabaritu izan da, eta ezin izan dute gainditu Coudetek eraikitako defentsa-lerro sendoa. Hori esker, hiru puntu oso baliotsuak eskuratu dituzte gasteiztarrek.
Denboraldiko lehenengo euskal derbiaren lekuko izan da San Mames. Goiz-goizetik, elastiko zuri-gorriek zein txuri-urdinek bete dituzte Bilboko kaleak. Derbiek xarma berezia dute, eta zaletuek gogo handiz hartu dute sasoi honetako lehena.
Astea borobiltzea zen lehoien helburua. Izan ere, ostegunean Athleticek Aymeric Laporten itzulera iragarri baitzuen. Erdiko atzelariak hiru denboraldirako sinatu du, Al-Nassr taldea atzean utzita. Lehoien udaren pastelari ginga jarri dio Laportek. Haatik, ostiralean Lezaman entrenatu arren, jokalaria ez da deialdian sartu. Azken partida apirilaren 22an jokatu zuen atzelariak. Ildo beretik, etxekoek ezin izan dute Nico Williamsekin kontatu, lesionatuta itzuli baitzen Espainiako selekzioaren deialditik eta bizpahiru aste egon liteke jokatu gabe.
Alavesen aldetik, Coudetek erdiko lerro sendoa zelairatu du, batez ere, Oihan Sanceten gainean jokalariren bat edukitzeko une oro. Berritasun gisa, Toni Martinezen ordez, Mariano hasi da hamaikakoan San Mamesetik hiru puntuak lortzeko asmoz.
Hasieratik nabariak izan dira jokoaren zehazgabetasunak, nazioarteko etenalditik baitzetozen bi taldeak. Gutxi irauten zitzaien baloia biei. Dena den, etxekoak saiatu dira baloiaren jabea izaten eta partida menperatzen. Hala, Valverdek ez du gehiegi pentsatu astearteko Txapeldunen Ligako estreinaldian, eta aldaketa eskas egin ditu hasierako hamaikakoan.
Partida parekatua izan da lehenengo hamabost minututan, aukera garbirik gabe. 18. minutuan, norgehiagokaren lehenengo txartel horia Galarretak ikusi du, gasteiztarren kontraeraso bat ekidin ondoren. Hain zuzen, Coudet argentinarrak zuzentzen duen taldea saiatu da kontraerasoetan arriskua sartzea Katedralean.
Ildo horretan, Mariano, Alavesen fitxaketa berria, oso sartuta ibili da hasieratik, eta kamiseta txuri-urdinarekin lehenengo gola sartzeko nahian egon da une oro. Intentsitate eta gogo handiek eraman dute frenatzetik pasatzera eta Aresori falta egitea. Berandu iritsi da aurrelaria eta partidaren bigarren txartela ikusi du.
Lehenengo zati orekatuan, lehen jaurtiketa 42. minutuan heldu da Jauregizarren aldetik, korner bateko aldaratutako baloia jaso ondoren. Haatik, erraza izan da Siverarentzat jaurtiketa gelditzea.
Coudeten iraultza
Bigarren zatia hiru aldaketekin ekin izan dio Coudetek. Lucas Boye, Antonio Martinez eta Denis Suarez aurrelariak zelairatu ditu Mariano, Guridi eta Vicenteren ordez.
Oihan Sancetek aukera izan du markagailua irekitzeko entseatutako jokaldi batean bigarren zatiaren hasieran, baina areatik kanpoko egindako jaurtiketa, berriz ere, langa gainetik joan da.
56. minutuan derbiko lehen gola heldu da. Berenguerrek bere atean sartu du gola korner batean jaiotako jokaldi batean. Denis Suarezek asmoa izan du baloia area barruan sartzeko eskuin hegaletik, baina Athleticeko aurrelariak baloia ukitu eta Simonen gainetik igaro ondoren, bere atearen barruan amaitu du baloiak.
Egoera irauli nahi izan du Athleticek, eta Mikel Vesga eta Sannadi zelairatu ditu Jon Ispizuak, lehoien bigarren entrenatzaileak. Ernesto Valverdek harmailetatik jarraitu du derbia, Sevillako Cartujan jasotako zigorragatik.
Nahi eta saiatu, baina ezin
Bizkaitarrek ez dute amorerik eman eta Iñaki Williamsek aukera paregabeak izan ditu partida berdintzearren. Lehenengo burukada kanpora joan da oso gutxigatik. Bigarrena, ordea, Siverak gelditu du. Etxekoen aukerarik garbienak izan dira bi horiek.
Azken txanpan, Navarro, Izeta eta Serrano zelairatu ditu Ispizuak. Izan ere, partidako azken hamar minutuak Alavesen zelaian jokatu dira, baina Coudetek defentsa irmo batean oinarritu du bere jokoa azken minutuetan. Horri esker, lehoiek ezin izan dute golik sartu eta hiru garaipen lortu ondoren, lehenengo porrota jaso dute.
¡ퟐퟎ 퐀퐍̃퐎퐒 퐃퐄퐒퐏퐔퐄́퐒!
— Deportivo Alavés (@Alaves) September 13, 2025
Esta foto para la historia es toda vuestra, albiazules. #AthleticAlavés | #GoazenGlorioso ⚪️ pic.twitter.com/whkR9vGWmf
Orain, lehoiak prestatzen hasiko dira egutegian gorriz markatutako hurrengo norgehiagoka; Mikel Artetaren Arsenalen aurka, berriz ere San Mamesen eta Txapeldunen Ligan estrenatzeko.
Alavesesek, ordea, Sevillaren aurka jokatuko du Mendizorrotzan. Gasteiztarrek oraindik ez dakite zer den etxean galtzea, Levanteren aurka irabazi eta Atletico Madrilen aurka berdindu baitzuten aurreko jaurdunaldietan.
Zaletuen protesta
Derbia hasi baino ordu erdi lehenago Athleticeko eta Alaveseko zaletuak batu dira San Mameseko zabaldegian «Euskal zaletuen eskubideak errespetatu», lelopean.
Iraultza 1921 taldeak duela aste bat salatu zuenez, San Mamesen hiru bandera sartzea debekatu zien Ertzaintzaren segurtasun-buruak eta Athleticeko segurtasun-zuzendaritzak. Informatu zutenez, «banderetako ereinotza, perkusio-elementuak eta megafonoak» izan dira besteak beste, debekatutako materialak.
Horren ondorioz, animazio-taldeak erabaki zuen gaurkoan San Mamesera ez joatea «gaur egungo errepresio eta zentsura egoera» ikusita.