Portugaleteko Zubeldia eskolak behar dituen konponketak behingoz egin ditzaten eskatu dute
«Erabat abandonatuta» duten Portugaleteko Zubeldia eskolako gurasoek mobilizazioa egin dute ostiral goiz honetan, parlamentari talde baten bisita probestuta. Hezkuntza Sailak agindutako konponketak behingoz egin ditzatela aldarrikatzen dute 450 haur inguru hartzen dituen zentro honetako familiek.
Gasteizko Ganberako parlamentari talde batek bisita egin du ostiral honetan Portugaleteko Maestro Zubeldia eskola publikora, eta bertako haurren familiek testuingurua baliatu dute mobilizazioa egin eta hezkuntza zento horrek behar dituen konponketak behingoz abiatu ditzaten aldarrikatzeko.
Izan ere, Hezkuntza Sailetik agindu zizkieten obra eta konponketa batzuk ez dira oraindik egin. «Irailerako estalki batzuk eginda egongo zirela adierazi ziguten, eta ez da hala gertatu; Ikaslab izeneko egitasmoa burutzeko espazio bat egokituko zutela agindu ziguten, eta nahiz eta tabike bat bota duten, besterik ez dute egin, ez dute hornitu; eta beste hainbat promesa egin dizkigute, datarik eta zehaztasunik gabe», zerrendatu du, besteren artean, eskolako guraso batek NAIZi egindako adierazpenetan. Ildo honetan, hitza betetzeko eskatzen diote Exekutiboari.
Maestro Zubeldia eskola eta gertu duen Virgen de la Guia zentroa fusio prozesua izan dute, galera demografikoa dela-eta hainbat herritan gertatzen ari den bezala, eta prozesu honek eskolan behar batzuk sortu ditu. Adibidez, bata bestearengandik gertu egon arren ez dago bien arteko lotura zuzenik, haurrek kaletik ibili behar dute batetik bestera, eta gurasoek bi eraikinak barnetik lotzeko eskatzen dute. Baina, hala ere, nabarmendu dute euren arazoa ez dagoela zehazki prozesu honi lotuta, askoz lehenagotik badatorrelako. «Gure eskola erabat abandonatuta dago gutxienez hamarkada batetik hona», salatzen dute.
Zubeldiako gurasoek, nahiz eta «erabakia eta data ezarria» izan zaien, eta honen harira «inolako proiektu ez aurrekonturik» aurkeztu ez zaien, «Portugalete erdian eskola publiko potente bat izateko aukera bezala» ikusten dute bi zentroen arteko fusio egitasmoa, orotara 450 bat ikasle hartzen dituena, haur eta lehen hezkuntzakoak eta gehien-gehienak Zubeldiakoak, bestean berrogei bat inguru bakarrik geratzen zirelako.
Familiek idatzi bat helarazi diete gerturatutako parlamentariei, eta auzi honek duen bilakaeraren arabera, ez dute baztertzen mobilizazio gehiago burutzea, betiere administrazioak bere hitza bete eta eskolak behar dituen konponketak egin ditzan.