Larunbatean ospatuko da Abadiñon, lehen aldiz, Euskal Herriko Ardi Moztaile Txapelketa
Euskal Herriko eta nazioarteko 80 moztaile elkartuko dituen Euskale Herriko eta Nazioarteko Ardi Moztaile Txapelketak ospatuko dira larunbatean Abadiñoko probalekuan. Gainera goizeko 8.00etatik 20.00etara iraungo duen egitarau oparoa prestatu du Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak.
Abadiñoko probalekuak Euskal Herriko Ardi Moztaile Txapelketaren lehenengo edizioa hartuko du larunbatean, baita Nazioarteko Ardi Moztaile Txapelketa ere. Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak antolatu du eta «mugarri historikotzat» jo du.
Guztira 80 moztaile izango dira txapelketan, tartean Ingalaterrako Nick Greaves eta Eskoziako, Irlandako, Galesko, Ingalaterrako, Estatu espainoleko, Estatu frantseseko, Kolonbiako, Alemaniako, Kataluniako, Norvegiako eta Uruguaiko moztaileak izango dira Abadiñon.
«Euskal Herriak antzaintzan sustrai sakonak izan ditu beti», azaldu dute elkartetik. «Txapelketaren bidez ondare hori omendu nahi dugu, sarritan ikusezina den lanbide garrantzitsu bat balioan jarriz: ardi moztaileak», gaineratu dute.
Beraz, egun osoko egitaraua prestatu dute, 8.00etatik 20.00ak arte eta «gustu eta adin guztiei» zuzenduta. Tresnerien erakustaldiak, umeentzako tailerrak, Eusko Label produktuak dastatzeko aukera eta ardi eta artile produktuen azoka egongo dira.
Goizetik hasiko dira lehiak. Goizaren lehen zatian, eguerdira bitarte, 8.30etik 13.30era, Euskal Herriko Txapelketaren eta Nazioarteko Txapelketaren kanporaketak jokatuko dira, makinaz zein artaziz. Arratsaldean, aldiz, 15.00etatik aurrera finalerdiak eta finalak jokatuko dira. Euskal Herriko Txapelduna eta Nazioarteko Txapelketako selekzio garailea ezagutuko dira arratsalde amaieran.