Hiriaren itzalean ezkutatutako mundua
‘CIUDAD SIN SUEÑO’
Estatu espainola, 2025. 97’. Zuzendaria: Guillermo Galoe. Gidoia: Guillermo Galoe, Victor Alonso-Berbel. Aktoreak: Antonio Fernandez Gabarre, Bilal Sedraoui, Jesus Fernández Silva, Luis Bertolo. Argazkia: Rui Poças.
Cañada Real, Madrilgo eskualdean kokatutako txabola-auzoa da, Europako handienetakoa izateagatik ezaguna. Hiriaren itzalean hazitako mundu ezkutua, argirik eta urik gabe urteak daramatzan bizilekua. Testuinguru latz eta ahaztu horretan murgildu da Guillermo Galoe bere lehen film luzea sortzeko: ‘Ciudad sin sueño’, bazterretan ere poesia bilatzen duen begirada eta ikusezina ikusarazteko ahalegin zintzoa.
Filma fikziozkoa bada ere, bere hezurdura benetako materialez josia dago: aktore ez-profesionalek hartzen dute parte, eszenatoki errealetan girotzen da eta arazo zehatzak ditu ardatz. Dokumentalaren eta kontakizun dramatikoaren arteko nahasketa horrek egiazkotasun emozional berezi eta indartsua ematen dio obrari.
Toni, 15 urteko mutil ijitoa da kontakizunaren protagonista. Bere familiako kideak txatar-biltzaileak dira, eta aitona da haren bizitzako irudi nagusia. Eraispenen zurrumurruak zabaltzen direnean eta familiei ostatu alternatiboak eskaintzeko gizarte zerbitzuen presioa handitzen denean, Toni zalantzan hasten da: bere sustraiekiko leialtasunaren eta aldaketa eskatzen duen etorkizun baten premia itogarriaren artean harrapatuta geratzen da.
Toni eta aitonaren arteko harremana da kontakizunari mamia ematen dion ardatz afektiboa. Bien artean tradizioaren eta biziraupenaren arteko lehia zabaltzen da. Inguruan, komunitatea konplexutasunez agertzen da: emigrazioak zapaldutako adiskidetasunak, alde egiteko ideiaren aurrean banatutako familiak, itxaropen galduak eta abar. Gidoia –Canneseko Kritikaren Astean saritua– sotila eta oso ongi josia dago, salaketa soziala eta kontakizun intimoa maisutasunez uztartzeko duelako.
Galoek lekuaren gordintasuna agerian uzten du; zinema sozialaren moldean eraikia bada ere, tonu berezi eta ezohiko batean mintzo da. Hasieratik baztertzen du komunitatearen begirada paternalista, eta saihesten ditu genero bereko drametan ohikoak diren eszena negar-eragile merkeak. Pertsonaiek ahotsa eta duintasuna dute; arnasa hartzeko lekua eskaintzen zaie, eta ez dira epaituak, ikusleari begiratzeko eta entzuteko gonbita eginez. Ez da ezer artifizialki azpimarratzen: irudiek beren indar naturala dute, eta emozioa modu fin eta zuzenean transmititzen dute.
Lirismo bisualaren arrastoak ere nabari dira: kolore filtroz jantzitako irudiak –nerabeek beraiek mugikorrekin grabatutako bideoetan–, lurraldea western moderno gisa erakusten duten panoramikak, eta hondamenaren eta argitasunaren arteko kontraste bizia duten eszenak.
Opera prima boteretsua, ausarta eta delikatua da; salaketa egiteko gai da, sermoirik jaurti gabe eta hunkitzeko, manipulaziorik erabili gabe.