INFO

Ekoantsietatearen garaian, planeta eta gizakia aldatzeko bideak bildu dituzte Donostian

Naturarekin berriz konektatu, konfiantza eta enpatia landu, motelago aritu, katastrofismoa baztertu… Planeta arriskuan dela, eta gizakiaren ongizate mentala ere bai, egiaztatu dute zenbait adituk Donostian. Baina konponbideak badirela azaldu dute. 

Mercé Conangla, Bartzelonako Ekologia Emozionalaren Fundazioko presidentea, Donostian eginiko jardunaldian. (Jon Urbe | Foku)

‘Emozio eta ingurumen jasangarritasuna’ izenburua duen jardunaldia egin du Gipuzkoako Aldundiak astelehen honetan Donostian, Jasangarritasun Departamentuak antolatuta. ‘Gipuzkoa zaindu’ solasaldien baitan, auziari ikuspegi ezberdinetatik heldu diote zenbait adituk: naturarekiko lotura («dolu ekologikoa» delakoa barne), haurtzaroa, elikadura, artea ere bai… Komunitate jasangarriak eta zaintza sareak aztertu dituzte, besteak beste.

Hitzaldi zein mahai-inguruak abiazteko, garrantzi eta gaurkotasun handiko gai bati erreparatu diote: osasun mentala, krisi klimatikoaren testinguruan aztertua. Horretarako Bartzelonako Ekologia Emozionalaren Fundazioko presidentea den Merce Conangla etorri da Euskal Herrira. 

Horri bidea emanez, Jasangarritasun arloko diputatua den Jose Ignacio Asensiok gogora ekarri duenez, Osasunaren Mundu Erakundeak biztanleen %25ak osasun mentaleko arazoak dituela egiaztatu du, eta horien artean azaleratzen hasia den ‘ekoantsietatea’. «Angustia hori ekintza bilakatu behar dugu», mahaigaineratu du Asensiok.

Naturaren jabetzaren obsesioa kritikatuz abiatu du hausnarketa Conanglak. «‘Naturara paseatzera goaz’ esaten dugunean, gu ere natura garela ahaztu dugula erakusten dugu», ohartarazi du.

Ekoantsitatea aipatua izan dela, bi joera oker ikusten ditu gaurko gizartean, gazteen artean bereziki. «Indiferentzia» batetik, paradoxikoki sarritan klima aldaketarekin oso kezkatua diren pertsonek aukeratua, babes modura-edo. Eta bestetik, «aurreranzko ihesa: jokoak, zarata, kaosa...». Bi jokabide horien aurrean, lasaitasuna eta «konfiantza» jorratu behar direla azpimarratu du. Gazte askoren eguneroko osoa, goizetik gauera, «etorkizunari dioten beldurrak» baldintzatzen duela ziurtatu du.

Merce Conangla: «Hau ez da munduaren bukaera, mundu baten bukaera baizik»

«Daramagun bizimoduak galbidera garamatza –argi utzi du Merce Conanglak–. Pazientzia landu behar dute gaurko umeek, presaz egiten dugun guztiak indarkeria dakarrelako. Prozesuak zaindu behar ditugu, gauzak motelago egin. Honek koste batzuk badakartza, jakina, ordaintzeko prest gaude?», galdetu du.

Mezu baikor batekin amaitu du hitzaldia: «Hau da ez munduaren bukaera, mundu baten bukaera baizik».

«Plan bat eta pautak» eskatu ditu Zubiak

Aurretik Felix Zubia Donostiako Ospitaleko ZIUko buruari egokitu zaio hitza, inaugurazio-ponentzia egiteko. Profesional gisa baino herritar gisa ari zela aipatu du Zubiak hasieran. «Belaunaldi bakoitzak bere gaixotasunak ditu, eta antsietatea eta tristura dira aro honen ezaugarriak», laburbildu du. Eustaten hainbat datu erakutsiz. 

Zer dela eta? «Denok oso produktiboak izan behar gara, perfektuak izan behar gara, geure buruari ez diogu ezer barkatzen... eta gainera gure bizitza erakutsi behar dugu» sareetan, deskribatu du. 

Ekoantsitateari ere erreparatu dio Felix Zubiak. Positiboki begiratuta, klima aldaketarekin kezkatuta edo oso kezkatua dauden pertsonek gehiengo handia osatzen dutela balioan jarri du, eta ondorioz «negazionistei hainbeste oihartzunik ez ematea» eskatu du. 

Felix Zubia: «Belaunaldi bakoitzak bere gaixotasunak ditu, eta gureak antsietatea eta tristura dira»

Gainerakoan, bere ustez –pandemia garaian egiaztatu zuen–, jendeak ez du hainbeste albiste ezkorrik edota katastrofistarik behar, «plan argi bat baizik, eta pauta batzuk». Kazetariei dei egin die, beraz, arduratsu jokatzeko, egunero «mendeko albistea» bilatzen aritu gabe. Agintari politikoei ere zuzendu zaie, plan hori adostu eta garatu dezaten. 

Maila pertsonalean, «naturarekin berraurkitzea» planteatu du konponbide gisa Zubiak. Bere lanbideari erreparatuz, ZIUko gelak ere aldatu behar direla aipatu du, espetxeko ziega itxura alboratu eta naturak zipriztindutako guneak izan daitezen.

Asensio diputatuak jardunaldien aurkezpenean esan duenez, «klima aldaketak gure osasunean nola eragiten duen aztertu nahi dugu, beste urrats bat ematea da, orain arte eguraldiarekin bakarrik lotu dugulako: uholdeak, lehorteak, bero-boladak… Baina emergentzia klimatikoa ez da bakarrik gai ekologikoa, pertsonengan eragiten du. Pertsonen ongizatea bermatzea dagokigu. Eta planeta zaintzea geure burua zaintzea da», berretsi du.