Urriaren 15ean hiru orduz Palestinaren alde gelditzera deitu dute sindikatuek
LAB, CCOO Euskadi, UGT Euskadi, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru sindikatuek Palestinaren kontrako «Israelen eraso basatia» salatuko dute urriaren 15ean hiru orduko lanuzte orokor batekin. Manifestazioak antolatu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
LAB, CCOO Euskadi, UGT Euskadi, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru sindikatuek datorren urriaren 15erako Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan deitu duten lanuzte orokorraren xehetasunak eman dituzte asteazken honetan Bilbon. Israel Palestinako herriaren aurka egiten ari den «eraso basatia» salatzeko izango da lanuztea eta, deitzaileek azaldu dutenez, «borroka, mobilizazio eta batzarren eguna izango da, langile klase osoaren parte hartze aktiboa bilatuko duena».
«No al negocio con el genocidio. Langileok Palestinarekin!» lelopean, lanuzte orokorrerako erreferentziazko ordutegiak goizeko 3.00etatik 6.00etara, 11.00etatik 14.00etara eta arratsaldean 17.00etatik 20.00etara izango dira. Ordutegi horietan mobilizazioak egingo dira lantokietan, eta gainera 12.30ean manifestazioak egingo dira Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeako kaleetan. Gainera, enpresa bakoitzeko ordezkaritza sindikalak aukera izango du mobilizazioak eta batzarrak deitzeko, txanda guztietan eta lanaldi guztietan, «lantoki bakoitzaren errealitatera egokituz».
«Hasieratik, gure erakundeek salatu dute eta jarrera argia erakutsi dute Palestinako herriaren kontrako Israelgo eraso basatiaren aurrean. Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen genozidio baten aurrean gaudela, Israelek berak edo hura sostengatzen duten gobernuek eta interes ekonomikoek salbu. NBEren Batzorde Independenteak berriki argitaratutako txostenak Amnistia Internazionalak esandakoa berresten du: Israelek Palestinaren aurka genozidioa egin du (eta egiten ari da) Gazako Zerrendan», esan dute sindikatuen ordezkariek Bilbon egindako prentsaurrekoan.
Zentzu honetan, nabarmendu dute «Europan, herritarren presioak fruituak ematen ari dela Europako Batasunaren eta Israelgo merkataritza hitzarmenaren etetearen alde». Hala ere, Europako Batzordeak ematen dituen urratsak «beranduegi emanak eta eskasak» direla uste dute. Horregatik, Europako Batzordeari exijitu diote «onar dezala Israel genozidioa egiten ari dela Gazan, eta hautsi dezala erabat Europako Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena». «Ez da zilegi genozidioa, gerra krimenak eta etengabeko nazioarteko legediaren urraketak egiten dituztenekin harreman komertzialak izatea», kritikatu dute.
«Azken bi urteetan ikusi dugun bezala, guk ordezkatzen dugun sindikalismoak eta gehiengo sozial zabal batek Gazan genozidioa amaitzeko eskatzen dute, eta Palestinak Estatu aske izateko eskubidea izatea. Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Estatuko instituzioei eskatzen diegu genozidioarekin harreman oro eteteko, eta euren esku dituzten tresna guztiak baliatzeko su-eten bat lortzeko. Baita Palestinaren autodeterminazio eskubidea eta bere lurraldearen okupazioaren amaiera erdigunean jarriko dituen konponbide integrala lortzeko ere», aldarrikatu dute sindikatuek.
Era berean, Israelekin harreman komertzialak dituzten enpresei eta patronalari, oro har, «hausnarketa etikoa egin dezaten» eskatu diete, eta «ez dezatela inolako jarduera komertzialik garatu Palestinan genozidioarekin konplize diren edo nazioarteko legedia urratzen duten» enpresa edo erakundeekin.
Azken batean, sindikatuek deia egin dute urriaren 15eko mobilizazioetan parte hartzeko. Manifestazioak 12.30ean abiatuko dira Jesusen Bihotzetik, Bilbon; Boulevardetik, Donostian; Andra Mari Zuriaren plazatik, Gasteizen; eta Golemetik, Iruñean.