Jibril Rajoub: «Euskal Herria-Palestina hau futbolaren botere moralaren lekukotasuna da»
San Mamesen, azaroaren 15ean, jokatuko den Euskal Herria eta Palestinako Selekzioen arteko partida kirolatik haratago doa, Gernikan egin den aurkezpenean islatu den legez. «Mezu bat bidaliko zaio munduari: ordua da Israelek garbiketa etniko programatua eten dezan», Jibril Rajoubek laburbildu du.
Sinbologiaz beteriko hitzordu bat aurkezteko –Palestinako futbol selekzioak Europako talde baten aurka jokatuko duen lehen partida historikoa–, toki erabat sinbolikoa hautatu du Iker Goñi buru duen Euskal Futbol Selekzioak. Gernikako Bakearen Museoan burutu baita larunbatean datorren azaroaren 15ean izango den Palestinaren selekzioaren aurkako partidaren iragarpena.
Kaleetan eta hainbat herrietako jaietan egin den legez, olatu solidarioaren adierazle, baserritarren jantzi dotoreei zapi palestinarrak erantsi zizkieten larunbatean gernikarrek, Euskal Jaiaren egunean. Bakearen Museo barnean, eguerdian, une berezien kutsua zuen beste elkarretaratze bat izan da: Kufiya edo zapi palestinarra zeraman Jose Mari Gorroño alkateak, eta, besteak beste, Athletic (Nerea Ortiz, lehendakariordea), Erreala (Joseba Ibarburu kontseilaria) eta Alaveseko ordezkariak (Xabi Ruiz) bildu ziren.
Partida bat baino gehiago
Partidari dagokionez, mementoz hau aurreratu dute soilik: azaroaren 15ean, 20.30ean eta San Mamesen jokatuko dela. Sarrerak hilabete lehenago jarriko dira salgai eta etekin ekonomikoa «Gazako lerroan lanean ari diren elkarte humanitarioei» emango zaie, aipatu du Goñik.

Traba burokratikoak gainditu ondoren, hitzordua gauzatu ahal izan da. Pare bat urte zeramatzaten honen atzean, Euskal Herriko palestinar komunitateko buruak aipatu zuenez, eta azkenean hasi berria den Selekzioko zuzendaritzak gauzatu ahal izan du kirol mundutik at garrantzia izango duen adiskidantzazko partidua. Nazioarteko norgehiagoka berezia, beraz, erabat solidarioa.
Eta arras hunkigarria,Yaser Hamed (Leioa, 1997) Palestinako selekzioko euskal jokalariak islatu duen bezala. Hunkitu da: «Ohorea da niretzat, bi selekzio hauetan parte hartu dudalako, eta helburu honekin San Mamesen jolastea ahaztezina izango delako. Gizatasuna, elkartasuna eta bakea adierazten du: gu bakearen bozgorailua gara. San Mames betetzea eta partidak mundu mailan ahotsa emateko balio izatea espero dugu. Eskerrik asko palestinar guztien izenean. Aupa Palestina!», adierazi du, euskaraz.
«Futbolaren eta kirolaren boterean sinesten dut»
Berarekin, Jibril Rajoub eta Susan Shalabi, Palestinako Futbol Federazioko (FPA) presidente eta presidenteordea izan dira. «Partida ez da norgehiagoka soil bat, futbolaren botere moralaren lekukotasuna da. Esperantza emateko duten gaitasunagatik, besteak isilik geratzen direnean, guk hitz egiteko gaitasuna izan dugulako. Herrialde honetako jendearekin partida hau eduki ahal izatea mezu politiko argia da mundu osoarentzat –gaineratu zuen Rajoubek–. Palestinarrentzat esan nahi du ez daudela bakarrik. Faxistentzat, Israelgo Gobernuarentzat, esan nahi du ezin duela garbiketa etnikoarekin jarraitu... Eta nazioarteko komunitatearentzako mezu bat ere bada: ordua dela palestinarren aurkako garbiketa etniko programatua eteteko».
Trumpen «bake proposamenaren» inguruan galdetu zaio Jibril Rajoubi. 17 urte eman ditu Israelgo kartzelan palestinarren artean izen handia duen gizon honek. Orain gutxi, abuztuan zehazki, selekzioko kapitaina, Suleiman Al-Obeid, hil zuten israeldarrek janariaren bila zihoala... Egoera latza erabat, jasanezina.
«Futbolaren eta kirolaren boterean sinesten dut», aitortu du, halere, presidenteak. «Niretzat estatu independentea izatea da helburua: autodeterminazioa eta bakearen eskubideak. Eta Israelek ezin du egiten ari dena egiten eta, era berean, futbolean jokatzen disfrutatzen jarraitu. FIFAko baldintzen aurkakoa da hori. ‘Standard’ bikoitz horiek amaitu beharko lirateke».
«Espero dut AEBetako presidenteak aski presio egingo zuela Israelen alde bakarreko presio eta suntsiketa eteteko. Espero dut Trump jaunak ulertuko zuela Israeli gose, genozidio eta garbiketa etnikoa geldiarazteko behar besteko presioa egiteko ordua dela», gehitu du. Netanyahu «nazismo berritzat» eta «faxistatzat» bezala definitu du.
2026ko Munduko Txapelketarako sailkatzetik gertu egon zen Palestinako selekzioak Jordanian jokatzen du, atzerriko taldeetako futbolariekin edo Zisjordaniatik ihes egindakoekin.
Euskal Selekzioak 2024ko martxoaren 23an jokatu zuen azken aldiz Katedralean ere, Uruguairen aurka berdindu zuenean Alvaro Djaloren gol batekin. Jagoba Arrasatek, Mallorcako entrenatzaileak, hautatzaile lanak egin zituen.