INFO

Alor guztietan Palestinaren aldeko greba orokor baten alde egin dute 700 irakasle nafarrek

Palestinako genozidioa gelditzeko alor guztietan greba orokorra beharrezkoa dela aldarrikatu dute Nafarroako 700 irakaslek baino gehiagok. Bide batez, protesten kriminalizazioa salatu eta Israelekin harreman guztiak etetera deitu dute.

Grebaren deialdiarekin bat egin duten irakasleen ordezkaritza bat izan da Iruñeko San Frantzisko eskolaren atarian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hekuntzako 700 irekaslek baino gehiagok bat egin dute Palestinak pairatzen duen genozidioa gelditzeko greba orokor bat deitzearekin. Horrela azaldu dute Jotas Oses eta Josune Azpirozek Iruñeko San Frantzisko eskolaren atarian egin duten ekitaldian.

«Gure abiapuntua hau da: hezkuntza ezin da genozidio baten aurrean neutrala izan. Eta ideia hori oso argi utzi nahi diegu Nafarroako Gobernuari, Hezkuntza Departamenduari, ikuskari zein zuzendaritza guztiei», nabarmendu dute. «Gure helburua kurtso honen normaltasuna apurtzea da. Ezin dugu kalitatezko hezkuntzaz hitz egin genozidio honen aurreran ikasturtea normaltasun osoz hasten badugu. Palestinako herriak behar gaitu. Mundua gelditu beharra dugu, eta horretarako greba orokorra ezinbestekoa da, eta horretara deitzen dugu gizartea», nabarmendu dute.

«Irakasleak garelako, ardura berezia dugu Israelek egiten duen genozidioaren aurrean jarrera irmoa eta sendoa erakusteko. Haur eta gazteak hezten ari gara, eta gure ardura etikoa da genozidio kolonial hau argi eta garbi agerian uztea, salatzea eta gure ahalegin guztiak jartzea hari amaiera emateko», erantsi dute.

Gauzak horrela, positibotzat jo dute hainbat sindikatuk hilaren 15eko deialdia 24 orduko greba bihurtzeko proposamena, «baina uste dugu ez dela nahikoa, 24 orduko greba hau urrats bat besterik ez da». Horren aurrean, sektore guztietan greba orokorra deitzea beharrezkotzat jotzen dute. «Mundua gelditu behar dugu, gure begien aurrean garatzen ari den genozidioari amaiera emateko», aldarrikatu dute.

Grebaren aldarrikapenak

Nafarroako irakasleek eskatzen duten greba orokorrak aldarrikapen hauek ditu: Lehena, Israelek Gazan ezartzen duen blokeoarekin amaitzea eta berme guztiak izango dituen korridore humanitarioa zabaltzea. Bigarrena, okupatzailea den neurrian, Israel derrigortzea Palestinako haur eta nerabe guztien hezkuntza bermatzera. Hirugarrena, Palestinak pairatzen duen apartheid eta okupazioarekin amaitzean, errefuxiatuen itzultzeko eskubidean eta autodeterminazio eskubidean oinarrituriko bake prozesu bat abiatzea.

Honekin batera, Palestinaren alde egiten diren protesten kriminalizazioarekin eta jazarpenarekin amaitzea eskatuko da greban. Zentzu honetan, Mozal Legea indargabetzea eskatu dute. Bide batez, Nafarroan Vueltan egin ziren protestak direla eta abiaturiko prozesua salatu dute. Honez gain, ikastetxeetan irakasleek eta ikasleek egiten dituzten protesten kontra oztopoak jartzen dituztela azpimarratu dute.

Azkenik, erakunde guztiei Israelekin mantentzen dituzten harreman instituzional, diplomatiko, ekonomiko, militar, akademiko eta kirol harreman guztiak haustea exijitzen diete.