INFO
Elkarrizketa
Idurre Eskisabel Larrañaga
Kontseiluko idazkari nagusia

«Atxikimendua da gure indarra. Horregatik, beste pizkunde bat sor dezakegu»

Kontseiluak bi hitzordu handi lotuko ditu. Duela bi aste aurkeztutako itun soziopolitiko berri baterako proposamena eta abenduaren 27ko bilgune eta pizkunde handia. Biek batera dute zentzua, euskaltzaletasuna indartzea baita xedea, euskara bultzatzeko, eta jendartea hobetzeko ere bai.

Idurre Eskisabel Larrañaga, Errenterian. (Jon URBE | FOKU)

Kontseiluaren egitekoa eta konbentzimendua da larrialdi egoeran egon arren, euskaltzaleok «pizkunde bat» sor dezakegula. Idurre Eskisabel Larrañaga Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzak dira. Horretarako ilusioz sumatu dugu.

Joan den astean euskalgintzako ordezkari ugari elkartu zineten Bilboko Kafe Antzokian. Lehenik, diagnostiko bat plazaratu zenuten.

Diagnostiko hori ez da berria. Kontseilutik larrialdi linguistikoan geundela adierazi genuen duela urtebete, besteak beste azken inkesta soziolinguistikoek ekarritako hainbat datutan oinarrituta. Ipar Euskal Herrian hiztunen kopuru erlatiboa beherantz doa oraindik. Behar baino garrantzi gutxiago ematen diogu horri. Nafarroan, hamar ikasletik seik ez du bere eskola ibilbidean euskararekin inolako harremanik. Hizkuntz politika sendoenak egin ahal izan diren EAEn ere, eremu euskaldunenetan erabilera apaltzen doa. Bada joera orokor bat hizkuntz gaitasunaren galerarena: euskaraz erdaretan baino errazago aritzen garen hiztunon kopurua beherantz doa.

Zoritxarrez, gainera, ordutik hona pasatu den denboran etorri diren ikerketek larritasuna areagotu dute. Azpimarra berezia jarriko nuke UEMArentzat Siadecok egindako proiekzioan, astinaldi bat eragin duelako, eta normala da. Besteak beste, begi aurrean jartzen digu esku-hartze sendorik egin ezean oso litekeena dela 2036an arnasgune beterik ez egotea, hau da, erabilera %80tik gorakoa den herririk ez geratzea Euskal Herrian. Hori euskararen historian lehen aldiz gertatuko litzateke.

Horrekin batera, kezkatzen gaituen beste datu bat da orain arte behintzat geure buruari esaten geniola ezagutzaren arloan gorantz gindoazela, baina proiekzio horrek dio Nafarroan atzeraldia gertatzen has daitekeela.

 

«Munduan hizkuntz supremazismoa denez joera, hizkuntz aniztasunaren edo berdintasunaren alde kokatzea posizio politiko bat da»



Ez dugu alde positiboa aipatu: euskararekiko atxikimendua. «Esnatu ala hil» liburuan hori nabarmentzen da.

Gertatzen zaiguna ulertzeko oso tresna onak ekarri dizkigu liburuak. Ikuspegi hau idatzita eta sistematizatuta Iñaki Iurrebasok ekarri digu, lehenik bere tesiaren bidez eta gero, Garikoitz Goikoetxea lagun, tesi horren bilduma didaktikoa den ‘Esnatu ala hil’ liburuaren bidez. Hor garbi geratzen dira hau guztia onbideratuko badugu inportanteak diren gako batzuk. Bat: minorizatutako hiztun komunitatea gara eta, gainera, minorizazio gorrian gaude. Bi: adierazleak aintzat harturik erabilera gure aukeren gainetikoa da. Atxikimendua da gure indargunea. Gu oso sinetsita gaude horretan. Horregatik esaten dugu beste pizkunde bat posible dela.

Zergatik pizkundea?

Azken 150 urteetan euskara eta euskal hiztun komunitatea arrisku bizi horretan egon dira, baina euskaltzaleen ekimenez susperraldiak gertatu dira. Bi garaitan oso nabarmen: XX. mende hasieran, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza eta Lore Jokoak sortzen direnean, eta 1960ko hamarkadan. Biak euskaltzale eta kulturgileen ekimenez izan ziren eta pizkunde esan zaie. Uste dugu beste pizkunde bat behar duela orain euskarak eta gai garela, gainera, sortzeko.

Abenduaren 27an Miribillan eginen duzuen ekitaldiaren helburua eta muina hori da.

Euskaltzaletasuna indartzea, bilgune bat sortzea, elkarrekin arnasa hartzeko eta euskararentzat pizkunde berri hori ekartzeko. Honek guztiak, noski, badauka sustrai politiko bat, euskaltzaletasuna posizio politiko moduan ulertuta, badelako oinarrizko balio batzuekin lotzea. Euskaltzaletasuna bada ulertzea hizkuntza bat komunikazio tresna huts bat baino askoz gehiago dela, badela nortasun emaile, komunitate egile, horren ondorioz hizkuntzen artean botere harremanak sortzen direla, hizkuntz aniztasunak ikuskera ezberdinak ekartzen dituela eta ugaritasun hori gaur egungo homogeneizazio honetan munduari egin diezaiokegun ekarpen handietako bat dela. Horregatik guztiagatik, munduan hizkuntz supremazismorako joera handi bat dagoenez, hizkuntz aniztasunaren edo berdintasunaren alde kokatzea posizio politiko bat da. Oso garrantzitsua da euskaltzaletasuna indartzea, saretzea, eta euskararen biziberritzerako bultzagarri bakarrik ez, gizartea hobetzeko tresna ere izatea.

 

«Gizarte kohesioaren ikuspegitik ere guztiok euskara dakigun gizartea da behar dugun agertokia. Bestela arrakala eta segregazioa sortzeko arriskua dago»



Ideia hori aipatu zenuten irailaren 26an itun sozipolitiko berria proposatu zenutenean. Etorkizunean jendarte hobe bat sortzea jarri zenuten helburu, non biztanle guztiek euskara jakinen duten.

Hori da Batuz Aldatu dinamikatik sortu den dokumentuan jasotzen den oinarri edo xedeetako bat. Euskararen normalizazioa bermatzeko, guztion hizkuntz eskubideak beteko badira, lortu behar den agertokia da guztiok euskara ere badakigun gizarte bat, bestela beti egongo da desoreka. Hain zuzen ere, gurekin diglosian dauden bi hizkuntzak, frantsesa eta gaztelania, gizarte osoak dakizkielako eta, gainera, estatuek ezagutza horretara behartzen gaituztelako. Berdintzeko bide bakarra hori da normalizazioaren ikuspegitik, baina gizarte hobearen ikuspegitik ere bai, bestela arrisku handia dagoelako euskal hiztun komunitate txiki bat egoteko eta gizartearen beste parte handi bat egoteko frantsesez edo gaztelaniaz bizi dena. Hori beti da arrakala sortzaile eta segregatzaile. Gizarte kohesioaren ikuspegitik ere guztiok euskara dakigun gizarte bat behar dugu.

 

«Euskararen biziberritzeaz ari garenean sakonean bizikidetzaz ari gara, nola kudeatuko ditugun hainbat gauza egunerokoan sortzen diren gatazka horiek ahalik eta ondoen aurrera eramateko»

 

Dokumentua idazteko egin duzuen elkarrizketa prozesua berria eta polita iruditu zait.

Guretzat inportantea izan da bide hori hartzea. Euskararen normalizazio eta biziberritzeaz aritzen garenean batzuetan ematen du hizkuntza baten iraupen hutsaz ari garela. Baina hori baino askoz gehiagori buruz ari gara. Sakonean bizikidetzaz ari gara, nola kudeatuko ditugun hainbat gauza egunerokoan sortzen diren gatazka horiek ahalik eta ondoen aurrera eramateko, maila mikrotik makroraino.

Erabakietako bat izan zen proposamena ikuspegi hori ere sartuta lantzea. Horretarako Aitziber Blancorengana jo genuen. Bera bizikidetza arloan bideratzailea da. Esaten zigun Euskal Herriko gatazkarekin lotutako prozesu askotan sumatu duela sakon-sakonean hizkuntza zela gatazka gune indartsuetako bat.

Beste eragile askorekin parte hartu du Kontseiluak. Oso prozesu aberatsa izan da.

 

Idurre Eskisabel Larrañaga, Kontseiluko idazkari nagusia, NAIZekin elkarrizketan. (Jon URBE/FOKU)



Zein da hurrengo urratsa?

Oso pozik gaude 113 eragile sozial bildu ditugulako, baina garrantzitsua da proposamena bera indartzeko eta benetan eragiteko oinarri sozial hori ahalik eta gehien zabaltzea. Oso harrera ona izan du eta batzarra egin zenetik hona jada hiru eragilek eskatu digute atxikitzea, tartean EHUk. Bestetik, egia da dokumentu mardula atera zaigula, xehetasun asko daude eta sozializazio ariketa hori sinatzaileekin eurekin ere egin nahi dugu. Oraindik bizirik dagoen prozesu gisa irakurtzen dugu. Hau izan dadila euskarak bere etorkizuna bermatzeko oinarri bat, gure diagnostikoa badelako euskararen geroa jokoan dagoela.

Nola gauzatu itun hori?

Talde eragilearen ekarpenetako bat izan zen esatea euskararen biziberritzean erakunde publikoek badutela erantzukizun berezi bat, egiteko gaitasuna dutelako, baina gizarte osoaren onurakoa den heinean, gizarte osoaren ardurakoa dela. Eremu ekonomikoan asko jokatzen da. Eremu soziala anitza eta zabala da. Euskalgintza hor kokatzen da eta trakzio indarra bertatik egin behar da. Hizkuntzak unibertso bat eman behar digu eta hori kulturatik egiten da. Oso ondo elikatu beharreko eremu bat da. Ikusi behar da, gainera, zer formatan datorren, ze bere parte dira entretenimendurako dispositibo guztiak. Non jasotzen dute gure gazteek iruditeria? Eremu akademikoan, unibertsitateak garrantzi berezia du, ezagutzaren ekoizle den heinean. Azken geruzan, baina ez garrantzi gutxiagoz, herritarrak gaude. Gure bulkadarik gabe gainerako geruza guztiak ez dira mugitzen. Dei berezi bat egin nahi diegu herritarrei, gonbidatuz ulertzera euskararen normalizazioaren alde egitea erantzukizun zibikoko zerbait dela.

Nolako ekitaldia izanen da abenduaren 27koa?

Proposamenak edukiko ditu: nola jardungo gara euskaltzale bezala etorkizunera begira? Zer ariketa dauzkagu egiteko? Musikak leku garrantzitsua izango du eta hala lehenagoko pizkundeei erreferentzia egingo diegu.