Getxoko kirol portuko hotel proiektuari alegazioak aurkeztu dizkio EH Bilduk
Getxoko EH Bilduk kirol portuko hotelaren kontrako alegazioak aurkeztu ditu, «ez delako bakarrik erabaki bidegabea; legez kanpokoa dela» uste dutelako baizik. Iker Casanova bozeramaileak salatu du «Bizkaian, batzuk, masa turismora eraman nahi gaituztela».
Getxoko EH Bilduk salatu du «legeak baimentzen ez duen eremu batean hotel bat eraikitzea ahalbidetuko lukeen kirol portuaren antolamenduaren aldaketa berezi bat bultzatzen ari direla». Talde soberanistak alegazioak aurkeztu ditu «ez delako bakarrik erabaki bidegabea», «legez kanpokoa» dela uste dutelako baizik.
Lizitazioan lau proposamen aurkeztu zirela argitu du Oihane Zelaia Getxoko EH Bilduko zinegotziak eta horietatik hiruk hotel bat zuten. Horren harira, «nola da posible legez baimenduta ez dagoen zerbait positibotzat jotzea lehiaketa publiko batean?», galdetu du Zelaiak. Eta jarraian, erantzuna luzatu du ere. «Itxura guztien arabera, hirigintza neurrira egina dago, eta, bertan, lehenik eta behin negozioa erabakitzen da, eta, ondoren, ustezko "interes orokor" gisa justifikatu nahi da», eta hori, EH Bilduren ustetan, botere-desbideratze bat da, «eta onartezina da». «Larriena da aldaketa horrek ez diola gizartearen beharrizanei erantzuten, enpresa pribatuen interesei baizik», gaineratu du EH Bilduko zinegotziak.
Udal taldeak azpimarratu duenez, antolamenduaren aldaketa horrek ez du jaso araudiak eskatzen duen paisaia-inpaktuari buruzko azterketarik. Eta gaineratu dute ez dela aipatzen proposamenak zer ekarriko lukeen Ereaga bezalako espazio sentikorren ondoko hotel batek. «Gure itsasertzeko paisaiari, ingurumenari eta erabilera publikoari eragingo liekeen jarduketaz ari gara», EH Bilduren ustetan.
Turismo eredua
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk alegazioak aurkeztu ditu, «ez delako bakarrik erabaki bidegabea; legez kanpokoa dela uste dugu. Gure ustez, kirol-portua ezin da negozio pribatu bihurtu Getxoko interes komunaren eta ondarearen kontura», gaineratu du Oihane Zelaiak.
Bizkaiko EH Bilduko bozeramailea den Iker Casanovak bestalde, hotel honen eraikuntzaren atzean dagoen turismo eredua gainditzera deitu du. «Dagoeneko beste herrialde eta hiri batzuetan turismo eredu horretatik ihes egiten ari dira, baina badirudi Bizkaian, batzuk, hara eraman nahi gaituztela; masa turismoa, ahalik eta hazkunderik handiena bilatzen duena, modelo kuantitatibo bat», kritikatu du Casanovak.
Bizkaiko EH Bilduko bozeramailearen iritziz, beste eredu batzuk landu egin behar dira: «Dagoeneko Getxon eta Bizkaian, turismo indiskriminatu horren ondorioak pairatzen ari gara eta adibiderik mingarriena izan daiteke, hain zuzen ere, hemen sustatu nahi den eredua, kruzero handienak. Oso kutsakorra da eta masifikazioa ekartzen du turistak eta kruzeroak hartzen dituzten zonaldetara. Gure lurraldean gainditu eta ekiditu behar dugun eredua da. EH Bilduk hotel proiektuari ezetz esaten dio».