INFO

Buruz, bihotzez, oinez... eta irribarrez ospatu dute Paz de Zigandan ikastola nafarren festa

Paz de Zigandak hirugarrenez hartu du bere gain Nafarroa Oinez antolatzeko erronka. ‘Buruz, bihotzez, oinez!’ izan da aurten aukeratu den leloa, eta euskararen aldeko festa kolektibo honetako lehenego orduek parte-hartze masiboa islatu dute. San Fermin eta Erentzun ikastolek hartu dute lekukoa.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Zeru aldakor batekin eta txaketak gerrian lotuta badaezpada, Atarrabiak Nafarroa Oinez ikastola nafarren festaren 44. edizioa hartu du igande honetan, euskararen festa kolektibo handi bat bihurtuta. Jaialdia jaio zenetik, hirugarren aldiz antolatu du Paz de Ziganda ikastolak, aurten urte askotan zehar antolakuntzan aritu direnen sentimenduei erreferentzia egin eta euskaraz gorputz osoarekin bizitzeko gonbidapena egiten duen lelopean: ‘Buruz, bihotzez, oinez!’.

Izan ere, inolako oztoporik gabeko ibilbidea antolatu dute aurten, denontzat irisgarria izan dadin. Guztira, 2.800 metro luze, hiru zonaldetan banatuta; ‘Buruz’, ‘Bihotzez’ eta ‘Oinez’, nola ez. Lehen aldiz, gainera, zirkularra ez den ibilbidea jartzearen froga egin dute antolatzaileek, eta ez dirudi gaizki atera denik. «Horrela ez gara galtzen», azaldu du, txantxetan, aulkitxo hutsa zeraman guraso batek. «Beitu, duela hamar minutu iritsi gara eta gure alabak alde egin du», gehitu du ondoren, begirada jendartean galdu baino lehen.

Goizeko 11.00etan ikastolaren inguruetan zegoen jendetzak harritu ditu antolatzaileak, eta inbutu bat sortu da bertaratutakoei ongietorria ematen zien karpan. Ibilbide barruan, koloretako aurpegi deseraiki bat irudikatzen duen logoaren pegatina bularrean zutela, bertaratutakoak dena prest zuten egun polit eta aldarrikatzaileari hasiera emateko.

Horietako asko, gainera, bizikletaz etortzera animatu dira, ikastolak martxan jarri duen ‘Bizi oinez Bizin’ kanpainak lagunduta. Horrela, 320 txirrinduletarako aparkalekua ipini dute, bain herrira hurbiltzen diren billabesen Atarrabiako lineak indartu egin dira ere, sarbidea errazteko eta ahal den neurrian ibilgailu partikularretan joan-etorriak saihesteko.

Dantzariek eman diote hasiera goizeko ekitaldi ofizialari. (Iñigo URIZ/FOKU)

Laster, ordea, bultzatu ditu goseak Oinezera bertaratu direnak jana bilatzera, agian ikastola inguratzen zuen ‘Buruz’ guneko karpetatik ateratzen zen txistorra usainagaitik, edo txosnaren ilaran zain zegoen 42 urteko Mikelek eman duen argudio ukaezinagatik: «Nor ez da gose goizeko 11etan?». Gauza bera pentsadu dute izozkien kamioneta txuria liluraz begiratzen zuten txikiek, euren urduritasuna eta klasekideekin elkartzeko poza eskaera astunetan bihurtu dutenek.

Txarangaren konpasean, tonbolako lehen ilarak sortu dira, eta horien sari potoloak, hala nola Osasuna, Athletic Club eta Real Sociedaden kamisetak edo bizikletak, «ia agortu dira, baina beste batzuk geratzen dira,  jatetxeetarako txartelak bezala», dio boluntario batek.

Euskararen defentsan eta bakeraren alde

Ordu bat lehenago, 10.00etan, txalaparta eta adarraren soinu atabikoak eman dio hasiera ikastolan bertan egin den ekitaldi ofizialari. Bertan, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik hurbildu direnen txaloak jaso dituzte dantzariek. Ondoren, ikastolako fatxadan bihotz handi koloreaniztuna ipini dute, Anne Etchegoyenek ‘Bake mina’ interpretatzen zuen bitartean, aurtengo leloarekin eta egun osoan zehar zabaldu den bake mezuarekin lotu duten abestia.

Ildo horretan, Maider Nuin Paz de Ziganda Ikastolako lehendakariak ongietorria eman die bai indarkeriaren amaierari eta «mundu gizatiarrago eta solidarioago bat eraikitzeko» beharrari, bai euskararen «normalizazioan» oraindik egiteko dagoen lan handiari. Izan ere, egun osoan zehar, bakearen aldeko aldarria etengabea izan da, Palestinara laguntza humanitarioa bidaltzen duen Salam erakundearen bezalako postuek islatzen zuten bezala. ‘Palestika askatu’ oihua hainbatetan entzun da kontzertu zein ekitaldi ezberdinetan.

Nuinek gogora ekarri du ere Paz de Ziganda Ikastolako komunitateak «konpromisoa eta auzolana izan dituela ardatz» gaurko egunera iristeko azken hilabeteetan. Izan ere, 700 bolondres baino gehiagok parte hartu dute aurtengo jaialdia antolatzeko; beraz, aurtengo edizioan, pertsona bat omendu beharrean, ikastolen nortasunarekin horren lotuta dagoen auzolanari eman diote balioa.

«Oinez ikastolen jaia baino askoz gehiago da: euskara erdigunean jartzen duen auzolana da, euskaldun guztiok batzen gaituen jaia, herritik eta herriarentzat egina», nabarmendu du Mikel Oteiza Atarrabiako alkateak.

Oteizaz gain, ekitaldi instituzionalean, Ana Ollo presidenteordea, Mikel Irujo kontseilaria, Uxue Barkos senataria, Uharte (Alfredo Arruiz) eta Iruñeko (Joseba Asiron) alkateak, eta UPN, PSN, EH Bildu eta Geroa Baiko kargu publikoak izan dira. Amaiur Guindeo zinegotzia Burlatako alkatearen izenean joan da, eta gizarte zibileko ordezkariak ere izan dira bertan: UPNA, Eusko Ikaskuntza, Behatokia, Kontseilua, ELA, LAB eta UGT sindikatuak eta, IKA, AEK, Errigora eta Bertsozaleen Elkartea, besteak beste.

Ollok euskarak Nafarroan pairatzen dituen «trabak» onartu ditu oholtzaren gainean, eta zonifikazioa «anakronikotzat» jo. Bestalde, Osasunako jokalari ohi eta kastolen Federazioko presidente den Oier Sanjurjo, txalo zaparradak jaso dituen metafora bat bota du bere hitzartzean: «Futbola eta ikastolak Nafarroa josteko hariak dira; beraz euskara babestu behar da».

Lekukoa pasa diote Erentzun eta San Fermin ikastolei

Ekitaldia amaitu ondoren, gonbidatuek Ikastolatik bertatik Uharterainoko ibilbidea egin dute, eta Atarrabiako Kultur Etxean amaitu dute. Bertan, lekukoa pasa diete hurrengo Nafarroa Oinez antolatuko duten zentroei: Erentzun (Viana) eta San Fermin (Zizur txikia) ikastolek batera antolatuko dute datorren urtean.

Oinez, agintarien jaia baino gehiago, oinezkoen ospakizuna da. Beraz, diskurtsoen ondoren, jendea adin guztientzako jarduera ugariez gozatzen hasi da jai giroan, Korrontzi, aurtengo ereserki abestu duen Motxila 21, Trikidantz, Gozategi, Xaibor, Nafarroa 1512 eta Sorotan Bele taldeen zuzeneko musika, gastronomia eta kirol probekin.

Espiritu kooperatiboa ere islatu da Erronkan, hamaika ikastolatako DBHko 3. eta 4. mailako hamabi talde bildu dituen nerabeen probak biltzen dituen ekimena. Nobedade gisa, 132 ikasleek aurreko gauean Paz de Zigandan lo egin dute, musika, txaranga eta jolasekin. «Elkar ezagutzea nahi dugu, euskara ikasgelatik kanpo bizitzea, berdinen artean», azaldu dute begiraleek. Azkenea, etxean jokatzen zuen Paz de Zigandako taldeak irabazi du.

Bien bitartean, Goazen telesaileko protagonistek euren abestiekin animatu dituzte txikienak, ‘Makusi’-k girotutako haurrentzako gunera era berataratu direnak. Parrillaren usainak postuetatik igarotzen laguntzen du eta Santurtziko, Azkoitiko, Antsoaingo eta Euskal Herriko beste txoko batzuetako artisauek beren lana erakusten dute Oinez-eko azoka txiki batean.

Halaber,  ingurune segurua bermatzeko, gune moreak gaitu dira hiru eremu nagusietan, edozein eraso matxistaren aurrean arreta eta aholkularitza emateko xederarekin.

Arratsaldea euri tanta gutxirekin heldu da, 700 pertsonek bazkari herrikoia gozatzen zuten bitartean, baina horrek ez du eragotzi bertaratutako askok taldean dantzatzea oroimen kolektiboan itxaroten zeuden kantuak, urratsak ikasiak zituen plazan. ‘Bihotzez’ gunea, udaletxeko plazan, irakiten zegoen: dantza, barreak eta giro ona loratzen dira eguna guztiz bustitzeari uko egiten dion zeru grisaren azpian. Eta arratsaldea luzerako doa.