Jagoba Arrasatek zuzenduko du Euskal Selekzioa Palestinaren aurkako partidan
Jagoba Arrasate izanen da Euskal Selekzioaren buru azaroaren 15ean Palestinarekin San Mamesen jokatuko den partida berezian. Mikel Labaka eta Jon Zubillaga dira lantaldeko kide berriak.
Euskal Selekzioaren kirol zuzendaritzak, Mikel De Gregorio buru duela, selekzioak hurrengo azaroaren 15ean Palestinarekin jokatuko den partidan lagunduko dion talde tekniko berria iragarri du. «Jarraikortasunaren aldeko apustua argia da, proiektua arlo guztietan primerako profesionalekin indartuz», azaltzen du Euskadiko Futbol Federakundearen oharrak.
Jagoba Arrasatek Euskal Selekzioaren buru izaten jarraituko du San Mamesen jokatuko den partidan, Mikel Labaka, Imanol Etxeberria, Jon Zubillaga, Isusko Ortuzar, Asier Urkia, Iban Urkiza eta Xabi Valenciarekin batera. «Horiek guztiek ibilbide sendoa egin dute euskal futbolean, eta ezagutza sakona dute, bai arlo profesionalean, bai giza arloan».
Mikel Labaka eta Jon Zubillaga dira lantaldeko kide berriak. «Lehenengoak ez du soilik gure selekzioa jokalari gisa modu eredugarrian ordezkatu. Horrez gain, Realaren aulkian entrenatzaile gisa duen maila ere ederki erakutsi du. Gainera, Euskal Selekzioak eliteko analista bat aurkituko du Jon Zubillagan, gaur egun Alavesen diharduena».
«Bere futbol-mailaz haratago, kirol-zuzendaritzak staffa osatzen duten pertsona guztien konpromiso-maila handia nabarmendu nahi izan du». De Gregorioren arabera, selekzioarekin eta helburu komunekin duen inplikazioa «ezinbesteko balioa da proiektu sendo bat eraikitzeko, gure nortasuna errespetatzen duena eta kirol arloan anbizio handikoa».
Sarreren salmenta ostegun honetan irekiko da, 10:00etan, Federazioaren beraren webgunean. Eserlekuak zenbakituak izango dira eta prezio hauek izango dituzte: 31,50 euro behe-tribuna nagusia eta ekialdeko tribuna baxua; 28,50 euro goi-tribuna nagusia eta ekialdeko goi-tribuna; 25,50 euro iparraldeko goi-tribuna eta hegoaldeko goi-tribuna; eta 20,50 euro iparraldeko behe-tribuna eta hegoaldeko behe-tribuna.