INFO

Eusko Ikaskuntzak ‘EzBerdin Berdinak’ proiektuaren Iruñeko saioa aurkeztu du

‘EzBerdin Berdinak’ proiektuaren Iruñeko saioa aurkeztu dute astelehen honetan, nortasunaren inguruan hausnartzeko esperientzia eszeniko eta parte-hartzaile bakarra. Lehenengo bi emanaldiak eskaini ostean, saio esklusiboa burutuko dute azaroaren 8an, NUPeko frontoian.

David Bernues, Maider Beloki, Iñaki Zabaleta, Javier Arakama eta Maitane Bueno, (Iñigo URIZ | FOKU)

Eusko Ikaskuntzak ‘EzBerdin Berdinak’ proiektuaren Iruñeko saioa aurkeztu du astelehen honetan Iruñeko Kondestablearen Jauregian egin den prentsaurrekoan. Iragarri dutenez, saio esklusiboa eskainiko dute azaroaren 8an Iruñean Kukai Dantza Taldearen eta hainbat diziplinatako euskal sortzaileen eskutik.

Zazpi emanaldiko bira eskainiko dute Euskal Herrian zehar: Bilbon estreinatu zuten urriaren 24 eta 25ean eta Iruñean aurkeztu ondoren, Donibane Garaziko Jai Alai pilotalekuan (azaroaren 28an), Gasteizeko Europa Jauregian (abenduaren 12an) eta Donostiako Tabakalerako patioan (abenduaren 19 eta 20an) eskainiko dute.

Astelehen honetako ekitaldian parte hartu dute Iñaki Zabaleta Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusiak, Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura zinegotziak eta Javier Arakama Nafarroako Gobernuko Euskarabidearen zuzendari-kudeatzaileak.

Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusiak hitza hartu du hasieran: «Euskarak eta euskal kulturak gizartearen kohesioan izan eta izango duten paperaren inguruan hausnartzeko aukera emango du emanaldiak».

Era berean, saioaren berezitasuna nabarmendu du: «Publikoa esperientziaren parte bihurtuko da, mugimenduan, dantzan, hausnartzen eta hitz egiten espazio seguru eta atsegin batetik, eta elkarren arteko ulermen, entzute eta eraikuntzatik». 

Maider Belokik, Iruñeko kultura zinegotziak, Eusko Ikaskuntzari eskertu dio Iruñera halako proiektu inspiratzaile bat eramatea: «Pozgarria da ‘EzBerdin Berdinak’ bezalako ekimen batek euskal hiriburu guztiak lotzea eta gure lurraldeko kultura-sarea sendotzea, aniztasuna eta elkarrizketa balio partekatu gisa sustatuz».

Ildo horretatik, Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari nabarmendu du «aniztasunarekiko errespetua, bizikidetza, elkar entzun-ulertzea, integrazioa, gizarte eta lurralde kohesioa, desberdintasunen aurkako borroka, bezalako balioak direla EzBerdin Berdinak biltzen dituenak».

Hausnarketa eta sormena, dantzan eta hitzetan

Euskal nortasun garaikideari buruzko gogoeta piztu nahi duen proposamen artistiko eta parte-hartzailea da ‘EzBerdin Berdinak’, eta dantza garaikidearen, musikaren, antzerkiaren eta bertsolaritzaren bidez, ikusleari gonbita egiten dio «nor garen, zer partekatzen dugun eta nola eraiki nahi dugun gure etorkizun kulturala» galdetzera. 

Iruñeko saioa: esperientzia eszeniko berezia

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Iruñean izango den saioan, formatu berritzailea aurkeztuko da: ikusleak ez dira eserita egongo, zutik jarraituko dute ikuskizunaren garapena, oholtzako espazio ezberdinetan sortzen diren gune eta elkarrizketa dinamika desberdinen artean mugituz.

Gauzak horrela, publikoa esperientziaren parte bihurtzen da, mugimenduan, dantzan, hausnartzen eta hitz egiten. Sortzen diren konbinazio eta elkarrizketa singularrek emozioa eta jakin-mina pizten dituzte, eta, aldi berean, galdera berriak irekitzen dituzte identitatearen eta hizkuntzen inguruan.