INFO

Etenik gabeko ibilaldia, VHS-ak eta Doraemon

Atzoko eguna ‘V/H/S/Halloween’ filmaren proiekzioarekin amaitu zen, ordu txikitan. Gaur, berriz, Stephen King-en eleberri baten egokitzapen gordin bat estreinatuko da: ‘The Long Walk’. Era berean, ‘Japan Gaua’ eta Doraemon-en sortzaileari egindako omenaldia ere izango dira.

‘V/H/S’ beldur sagako 'Halloween' pelikulako fotograma bat. (IREKIA)

Irekiera ekitaldia atzean utzita Donostiako 36. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen bigarren egunean murgilduko gara gaur.

Etenik gabeko ibilaldia

Irudikatu honako egoera: lehiaketa batean parte hartu behar duzu, lasterketa moduko batean. Arauek oso sinpleak dirudite, baina joko basati eta bortitz baten parte dira. Ibilbide luze bat egin beharko duzu oinez, etenik gabe; gelditzen bazara edo martxaren abiadura murrizten baduzu, tiroz hilko zaituzte. Irabazle bakarra egongo da: bizirik geratzen dena.

Hori da ‘The Long Walk’ filmaren premisa gupidagabea, bizitzaren eta obedientziaren arteko dantza makabro bat. Amerika distopiko batean girotuta dago, gerra suntsitzaile baten ondoren, telebistaz ematen ari den ikuskizun krudel baten menpe bizi den gizarte batean. Erregimen militar batek antolatzen du "Ibilaldi luzea" deritzona: ehun nerabe inguru hautatu dituzte etenik gabeko ibilaldi batean parte hartzeko. Erritmo finkoan ibili behar dute gelditu gabe. Martxa moteltzen edo gelditzen direnek, zigor terminala jasoko dute. Irabazle bakarra egongo da. 

Kontakizunaren erdigunean Ray Garraty dago (Cooper Hoffman). Bere urrats bakoitzean ikusleak akiduraren, min fisikoaren eta beldurraren zama sentitzen du, eta, aldi berean, biziraupenaren instintua eta gizatasunaren hondarrak uztartzen dituen bidaia batean murgiltzen da. Beste parte-hartzaileekin duen harremana, hauskorra eta efimeroa, basakeriaren erdian dagoen gizakiaren azken lotura bihurtzen da: konpainia, lehiaren eta heriotzaren arteko lerro mehe baten gainean.

Tematikoki, filmak esplotazioaren eta heriotzaren ikuskizunaren kritika zorrotza eskaintzen du, gizartearen voyeurismoa eta boterearen manipulazio mekanismoak agerian utziz. Gazteriaren alienazioari buruzko alegia ilun bat da, obedientziaren eta askatasunaren arteko borroka eternoa irudikatzen duena.

Bisualki pelikula boteretsua da, baina ez bereziki berritzailea. Grisaren eta berde itzalen paletak itomen eta desesperazio sentsazioa sortzen du. Errepide amaigabeek, paisaia zimurrek eta isiltasunek atmosfera zapaltzaile eta itogarria sortzen laguntzen dute.

Une batzuetan errepikakor samarra izan arren, lan bizia eta gogoangarria da ‘The Long Walk’. Ez da ikusle guztientzat: ausardia behar da haren erritmo geldo, baina zapaltzaileari aurre egiteko. Baina giza sufrimenduaren mugak, lehiakortasunaren krudeltasuna, heriotzaren ikuskizun absurdoa eta gaztaroaren inozentzia galtzearen mina onartzeko prest bazaude, arrastoa uzten duen filma aurkituko duzu.

Beldur analogikoa

‘V/H/S’ saga beldur garaikidearen esperimentu ausartenetako bat da, analogikoaren izerdia darion amesgaizto digital bat. Aurkitutako metraje-antologia bat (“found footage”) da.

2012an estreinatu zen jatorrizko filmak marko narratibo sinple, baina kezkagarri batekin abiatzen du bere amesgaiztoa: gaizkile talde bat etxe abandonatu batean sartzen da, VHS zinta arraro bat lapurtzeko kontratatuak. Hildako gorpuak, antzinako telebista bateko irudiak eta grabazio kriptikoen bilduma bat aurkituko dituzte grabazioetan. Zinta bakoitzak gordetzen zaila den izugarrikeria ateratzen du argitara.

Hortik abiatzen da istorio handiago baten barruan josita dauden kontakizun laburren mosaikoa, guztiak VHS zintaren estetika zakar eta analogikoan inspiratuta.

Gaur arte, zortzi pelikula nagusik osatzen dute saga, eta berriena, atzo eman zuten ‘V/H/S/Halloween’, berriro ere irudi zaharren ilunpetan murgiltzen da, aurreko bertsioetan sortutako amesgaiztoen oihartzuna jasoz eta ikusleari aurkitu gabeko beldurretan murgiltzeko aukera eskaintzen diona.

Doraemon eta lagunak

Iaz abiatutako ekimenari jarraipena emanez, Animedon. Donostiako Anime Topaketak hainbat jarduera hartuko ditu, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 36. Astearen baitan. Gaur, Fujiko Fujio -Hiroshi Fujimoto eta Motoo Abiko- omenduko dute, Japoniako pop kulturaren ikono bihurtu den ‘Doraemon’ pertsonaiaren sortzailea.

Bikote artistikoari aitortza egin asmoz, ‘Gora eta gora beti, Doraemon eta lagunak’ jarduera antolatu dute eta ondoko atalak pantailaratuko dituzte ‘Doraemon’-en lehen atala (1979), ‘Doraemonen jaiotza’ (1995) izeneko atal berezia, ‘Hattori Ninja’-ren lehen atala (1981), eta ‘Kiteretsu, Nobitaren lehengusu azkarra’ telesailaren lehen atala (1988) egongo dira ikusgai. Saioan Ane Aseginolaza eta Arantxa Moñux bikoizleak egongo dira —Doraemonen eta Nobitaren euskarazko ahotsak, hurrenez hurren—, eta Irati Errandonea kazetariak gidatuko du jarduera.