Joanes Illarregi irabazle Tafallan, Xabatekin batera finalera
«Tornilloa jadanik estu-estu dago/ baina oraindik badu buelta bat gehiago», kantatu du Tafallako azken finalaurreko irabazleak, Joanes Illarregik. Helburu horrekin joanen da finalera, Xabat anaiarekin batera. Hirugarren egin duen Josu Sanjurjo kanpoan gelditu da puntuetan koska handia egon delako.
Ederra eta bizia izan da Tafallako azken finalaurrekoa, bertsozaleen gozagarri. Nahiz eta Josu Sanjurjok hasierako agurrean «zenbakiez ahaztu gaitezen, hemen hitzak balio du» kantatu, saioak bazuen tentsio hori, azaroaren 29an Iruñean kantatuko duen zortzikotea erabakitzeko ahalmena baitzuen. Joanes Illarregi nagusitu da 528 punturekin, eta Xabat Illarregik jarraitu dio 516,5 punturekin. Bi anaiak finalera sailkatu dira. Josu Sanjurjo, ordea, leitzarrengandik koska batera gelditu da, 486 punturekin, eta kanpoan gelditu da. Pena hartu du bai berak bai entzuleak, hagitz fin aritu baita lesakarra.
Xabi Maia, berriz, kontent agurtu da, publikoan zen bost urteko alabari eskainiz saioa, 466 puntu batuta. Amaia Elizagoienek eta Ekain Alegrek ere hasieratik irabazi dute jendea, oronoztarrak bere ahots indartsu eta goxoarekin eta altsasuarrak bere kantaera lasai eta bereziarekin. 427 eta 425 puntu lortu dituzte, hurrenez hurren.
Horra Nafarroa Arenan adituko dugun zortzikotea: Joanes Illarregi, Julio Soto, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Saioa Alkaiza, Ekhiñe Zapiain, Sarai Robles eta Eki Mateorena.
Leitzarrek elkarrekin abiatu dute saioa zortziko handian, gazte asanbladako bi kideren azalean. Beren herrian gaupasa bat antolatu den egunean sexu askatasunari buruzko pankarta bat zintzilikatu dute herriko plazan. Gaua iritsi denerako pankarta lurrean botata eta erreta dagoela ikusi dute. Hala ekin dio Joanesek: «Asmo onena genuen eta antolatu dugu aurten/ ikusi dugu egun argiz ta plazan nola egin diguten/ argi da gauzek eskuinerantza ze bidetan diharduten/ orain artean izkutuan ta gauean egiten zuten». Xabaten segida: «Askapenera bultzatu nahi zun gure adierazpenak/ baina hostoak soilik ez ditu lurreratzen udazkenak/ gau honetako gertakizunak nahastu dizkit barrenak/ pentsa esan zer esango duen hori egiteko gai denak».
Ariketa aunitz egin dituzte gordetzeko modukoak. Adibidez, ganbarakoa. Puntuei zuzen eta azkar erantzun diete, eta gaurkotasunari lotutako istorio bi asmatu dituzte gero honako gaiaren inguruan: «Egin diozunaren ondoren, badakizu ez zaituela berdin ikusiko. Berdin zaizu».
Joanes bigarren etxea familia bati kendu eta turistei eskainiko dien jabea izan da. Hona hirugarrena: «Aspaldi aitortu nion noiz zuen azken eguna/ kontratuak bukatuko zuela bere jarduna/ orain turistak nahi ditut frantses edo euskalduna/ batez ere diru pixkat ekarri behar diguna/ beraz ahaztu etxe honi zuk diozun maitasuna/ badakit putada dela orain gertatu zaizuna/ nahiz hemen geratzea den zuk barrutik nahi duzuna/ nik bilatzen dudana da errentagarritasuna». Xabat, aldiz, irakasle bati erdaraz egiteagatik kargu hartzen dion ume bat izan da. Hona bigarrena: «Nik iruzkin bat egin dut soilik ez dut erabat juzgatu/ ta zu erderaz zergatik zabiltz ta hari begiak askatu/ haserre aurpegiz begiratu dit nik erantzuna prestatu/ zu gazteleraz ari bazara dastatu eta dastatu/ neri asko ez eskatu (bis)/ gero ez esan gure hizkuntza denok behar dugu sustatu/ baina bazekin egia zela eta ez zaio gustatu».
Kanpoan baina harro egoteko moduan
Josu Sanjurjo ere ongi ikusi dugu, ariketa guztietan berea emanez. Adibidez, lan ona osatu du Joanesekin zortziko ttikian. Josu hotel bateko garbitzailea da eta Joanes bezeroa. Josu garbiketa lanetan dabilela gela batean sartu eta han aurkitu du Joanes hoteleko toallak maletan sartzen. Josu: «Garbitu dut badena garbitu ez dena/ segitzen baitut beti jefeen eskema/ sartu eta Joanes zelako eszena/ ez zara lehenengoa ezta re azkena». Joanes: «Beraz, ikusten duzu berdina tarteka/ hotelak hala daude arratoiz beteta/ zuk ere hartu itzazu ta bete maleta/ askorikan ez dute ordainduko eta».
Finalaren penarekin gelditu arren, harro egoteko moduko lana egin du Sanjurjok, Xabi Maiak bezala. Maia primeran moldatu da, errate baterako, Ekain Alegrerekin zortziko ttikian, bi bizilagunen paperean. Ekainek Xabiri eskatu zion oporretan dagoen bitartean bere landareak zaintzeko eta onartu egin zuen. Ekainek hogei orriko txosten bat eman berri dio landare bakoitzaren zainketarako azalpenekin. Horrela hasi da: «Bizilagunak gara hori genun alde/ joan behar baituzu orain aldez alde/ hogei orri luze han ta akatsik gabe/ kaktusarentzat ere hiru orri daude». Ekainen erantzuna: «Mila bitxikeria ta hamaika datu/ zuretzako espreski ditut begiratu/ zure kaktusa sarri ohi denez ihartu/ esperientzia horrekin ezin naiz fidatu».
Amaia Elizagoienek ipuin kontalari soilik ez, bertsolari aparta dela ere frogatu du. Hamarreko txikian, Josurekin batera aritu da. Amaia amona eta Josu biloba dira. Amaiak urte luzez baratzea landu izan du etxean. Urteen joanarekin geroz eta zailtasun gehiago ditu baratzeko lanean aritzeko. Josuk proposatu dio dakiena berari erakusteko. Amaia: «Baserriak behar du pazientzi patxada/ hemen ikusten zaitut nolako zirrara/ egun batean Josu joango naiz ta hara/ zu etortzen bazara berriz baratzara/ zure amatxirekin oroituko zara».
Ganbarako bere lana ere gogoangarria izan da, tratu txarrak jaso ondoren bikotearengandik askatzea erabakitzen duen emakumearen azalean jarrita egina. Hona hirugarren bertsoa: «Hasieran zaila ta gogorra da batzuen isiltasuna/ errua ere senti daiteke eta da gauza astuna/ baina atzean utzi dut behingoz beldurra, iluntasuna/ eta jakin dut aitzin iteko badudala gaitasuna/ irri batekin pasa dezaket behingoan nere eguna/ ta jasotzen dut esker ona ta aunitz nesken maitasuna/ berdina bizi baduzu eman zuk ere gaur erantzuna/ gaixotasun hau konpontzen beti baitago laguntasuna».
Ekain Alegrek «txapelketan urak handi dire eta gu hemen igerian/ marea biziak ditugu ai/ eta ez dut geratu nahi itsasoaren erdian» kantatu du hasierako agurrean. Azkena gelditu bada ere, ez da erdizka gelditu, ez horixe. Hamarreko handian Xabatekin egindako ofizioa horren adibide da. Bikotea izan ziren. Distantziagatik duela urte batzuk utzi zuten harremana. Gaur egun herri berean bizi dira. Xabatek Ekaini proposatu dio gaur zerbait hartzeko gelditzea. Ekain: «Aldatu da guztia aldatu da plana/ atzean gelditu da gure iragana/ nahiz ta zuk itzultzeko daukazun afana/ dena gogoratzea ze nolako lana/ distantzia pixka bat da nik behar dudana».
Xabatek hala jarraitu zion: «Leitza eta Tafalla ta ez naiz tematia/ jada hurbildu dira lehen bi zen zatia/ nahi al duzu nirekin hartu ebakia/ bi gauza hartu ditzagun azpian aulkia/ lehenik kafea eta gero erabakia».
Hemendik bi astetara finala izanen dugu zain, gozatzen segitzeko. Bitartean, bertsolariek lorea ureztatzen segituko dute. Landatutako haziak bere fruitua eman dezala.