Mendi martxa eta aldarrikapen jaia Idiazabalen, AHTaren zundaketen aurka
Mendi martxa eta aldarrikapen jaia izan dira igande honetan Idiazabalen, AHTaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekiko lotunea erabakitzeko iragarri den zundaketa kanpaina salatzeko. Informazio eskasiaren aurrean, mugimendurik sumatuz gero abixua emateko eskatu dute.
Idiazabalek AHTaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekiko lotunea erabakitzeko iragarri den zundaketa kanpainaren kontrako mendi martxa eta aldarrikapen jaia hartu ditu igande honetan. Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, duela hilabete komunikabideek urriaren amaieran Goierri eta Sakanako herrietan zazpi zundaketako kanpaina hasiko zela argitaratu zuten.
Euri iragarpenaren aurrean, martxako antolatzaileek aurreikusitako ibilbidea murriztea erabaki dute eta, hala, martxa Olaberria eta Idiazabal arteko puntu batetik gertu igaro da. «Badirudi bertan zundaketa bat egitea aurreikusita dagoela», esan dute antolatzaileek.
Era berean, gaitzetsi dute zulatu nahi diren puntuei buruzko ezjakintasun handia dagoela, euren hitzetan, kalteturiko udalek ez baitute horri buruzko «inolako informaziorik» jaso. Horrela, ibilbidean zehar, bertsio ofiziala ezeztatu eta Aralar mendiguneari «modu basatian» eragiten dion «hirugarren alternatibak mehatxaturiko» eremuei buruzko azalpenak eman dira, eta Euskal Yaren Gipuzkoako zatiak zonaldean utzitako «itzuliezinezko ondorioez» ere mintzatu dira.
Martxa 12.00etan amaitu da, Idiazabaleko herriko frontoiaren ondoan. Txalapartaren doinuz egin zaie harrera mendizaleei eta, trikitixa eta panderoak girotutako tokiko produktuez osatutako hamaiketakoaren ondoren, STOP zundaketak-AHTrik EZ ekimenak zundaketen aurka egindako bi urte eta erdiko borrokaren balorazio positiboa egin du.
Inma Mugerza hidrogeologoak hartu du ostean hitza, AHTak Aralarko karstean eragin ditzakeen kalteak azaltzeko. Gogora ekarri dute Mugerza datorren ostiralean, azaroak 28, Ataungo udaletxean xehetasun handiagoz jardungo dela kalte hauen inguruan, 18.00etatik aurrera eskainiko duen hitzaldian. Ondoren, inguruan «bizi diren» izaki mitologikoak oinarri hartuta, antzezpen bat eskaini dute.
Ekitaldiari amaiera emateko unean, eragindako udalei eskatu zaie zundaketak egiteko «inolako laguntzarik, ezta baimenik ere» ez emateko, eta Sakanako eta Goierriko bizilagunei eskatu zaie adi jarraitzeko eta, zundaketak iragarri diren herrietako lurretan «mugimendu susmagarriren bat» antzemanez gero, ekimeneko telefonora (656711130) dei egiteko.