Ane Olaetaren sinfoniak Lointek Gernikaren sailkapena ia erabat bermatu du (65-81)
Aurreneko laurdena 26-16 galdu badu ere, antolatzaile gernikarrak eman duen erakustaldiarekin, Bessoir eta Polleros alemaniarren laguntzarekin, garaipen bikaina erdietsi du talde bizkaitarrak. 48 ordu barru beste hainbeste eginez gero, Elitzur Ramla kanporatu lezake ere.
ELITZUR RAMLA 65 - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 81
48 orduren buruan berriro jokatu beharko du Lointek Gernika Bizkaiak Elitzur Ramla talde israeldarrarren aurka. Astearte honetan eman duen maila errepikatuko al du talde bizkaitarrak, ez bakarrik Emakumeen Eurocupean bere multzoko bigarren postua bermatzeko, baizik eta ahal delarik, talde israeldarra kalera bidaltzeko. Derrigorrean jokatu behar baldin badu talde gernikarrak, etekina atera diezaiola.
Ane Olaetak Sofian egin duena txalogarria baino gehiago izan da. Gaizki hasi da talde bizkaitarra, baina antolatzaile gernikarraren eskutik, sekulako erakustaldia eman baitu, garaipen ederra lortu du Lucas Fernandezen taldeak. 15 puntu, 8 errebote eta 7 asistentzia lortu ditu bizkaitarrak. Bere aldetik, Polleros eta Bessoirren puntuek airean eraman dute bizkaitarren Elitzur Ramla, hasiera eskas bati buelta emanez.
Gogoz kontra jokatu beharraren ondorioetako bat da jokatzeko tentsioa aurkitzea asko kostatzen dela. Akordatzerako, Gernika 7-0 azpitik jarri da eta pare bat baloi oparitu ditu. Gernikarrek Salamancan min hartu zuen Jankovic gabe jokatu behar izan dute eta majo antzeman zaie, batik bat kontzentrazioari dagokionez.
Ane Olaeta eta Emily Bessoir jokoan sartu direnean txukundu da bizkaitarren partida, 17-9tik 17-16ra hurbilduz. Baina aurreneko laurden hau 9-0eko partziala jasota amaitu da, markagailua 26-16 dela amaitu da laurdena.
Aurreneko laurdenean direnak eta ez direnak sartu ditu Elitzur Ramlak, baina Lointek Gernika defgentsan asko gogortu da bigarren laurdenaz geroztik, eta ez hori bakarrik, hasieran sartu ez dituen hirukoak sartzen hasi baita talde bizkaiiarra. Olaetak bikain zuzendu du bere taldea eta atsedenaldira 39-46 aurretik dela iritsi da.
Atsedenaldiak ez dio kalterik egin talde bizkaitarrari, batez ere defentsan e,an duen mailagatik. Talde israeldarrak zortzi puntu baino ez ditu sartu hirugarren laurdenean eta erasoan, berriz, Polleros eta Bessoir beren onena ematen hasi dira. Gernikarren aldea ia 20 puntura iritsi da.
Etsiak hartuta, berriz ere jaurtiketa batzuek saskiratu ditu Ramlak, baina Gernikako alemaniarrek, Olaetaren eta Westeriken lanari esker, 16 puntuko aldeari eutsi dio talde bizkaitarrak. Multzoko bigarren postua ia bermatu du, baina ostegunean ere beste hainbesteko bat lor dezala, ea bere arerioa kalera bidali dezakeen.
PARTIDAKO FITXA:
ELITZUR RAMLA: Nelson (10), Rotberg (13), Green (4), Herbert-Harrigan (15) eta Guirantes (8) –hasierako bostekoa–, Garzon (3) eta Revahe (10).
LOINTEK GERNIKA BIZKAIA: Ane Olaeta (15), Laura Westerik (10), Emily Bessoir (21), Ester Matarranz (6) eta Joy Adams (5) –hasierako bostekoa–, Esther Castedo (), Sarah Polleros (19) eta Sara Krnjic (5).
Epaileak: Dori, Scholze eta Mincheva. Egotzitakorik gabe.
Partzialak: 26-16, 13-30, 8-17, 18-18.
Gorabeherak: Sofiako Arena Izzi pabiloian jokaturiko partida, ikuslerik gabe eta talde bizkaitarraren gogoz kontra.