Errealitateari ispilu egiten dioten ipuinak batu ditu Arrate Egañak ‘Espekulazioak’ bilduman
Fantasia eta zientzia fikzioaren eremura garamatza beste behin Arrate Egañak, Ereinekin argitaratu duen ‘Espekulazioak’ bilduman. Errealitateari ispilu egiten dioten zazpi ipuinetan zehar biolentzia matxista, martzianoak edota kartzela topatuko ditugu.
Barrua mugitzen dioten gaien gainean gogoetatzeko idazten ditu ipuinak Arrate Egañak, eta fantasia eta zientzia fikzioaren eremua du horretarako gortorleku. Ereinekin argitaratu berri duen ‘Espekulazioak’ bilduman ere hausnarketa izan du helburu eta, Uxue Razkin editoreak onartu duenez, ipuin sorta bere eskuetara iritsi zenean «ez nekien non kokatu irakurritako hori». ‘Literatura espekulatiboa’ kontzeptuarekin egin zuen topo orduan eta, adiera zabala badu ere, horren baitan kokatu ditu Egañaren ipuinak: batetik, «oso ongi funtzionatzen duten elementu fantastikoek desitxuratzen dute errealitatea» eta, bestetik, irakurlea «sinestera bultzatzen» duten ipuinak dira, hau da, badute egiazkotasun bat.
Egañak azaldu du ipuin bakoitza independentea dela eta bakoitzaren atzean dagoela autoreari kezka eragiten dion gaien bat. «Ez dira ideiak edo kontzeptuak bakarrik, ipuin bakoitzak du niretzat inportantea den gai bat, baina horretaz aparte saiatzen naiz jorratzen emozioak eta trama», azaldu du, eta ohartarazi du ipuinetan ez dela «tesien defentsa»-rik egiten, baizik eta irakurlea hausnarketara eramatea dela asmoa. «Pentsarazteko ipuinak dira, gaiak beharrean planteatzen direlako galdera asko eta irakurleak erantzun beharko die galdera horiei», argitu du Egañak.
«Gozatzea» ere badela helburua nabarmendu du, bai idaztean eta baita irakurtzean ere. «Nik uste dut literaturak izan behar duela ez soillik estiloa, pertsonaiak eta istorioa lantzea, baita historio koherente eta dibertigarriak egitea ere», gogoetatu du, eta bere ipuinek umore beltzetik badutela aurreratu du.
Kolpea bueltan
Ipuinen tematikari dagokionez, emakumeekiko bortizkeria oinarri duen «ipuin inportante bat» badagoela aurreratu du. «Emakumea ez da hainbeste biktima bezala ikusten, kolpea bueltatu egiten du. Mendeku gisa har liteke hori eta agian testu hori polemikoa izango da zentzu horretan, ikusiko dugu», esan du. Beste ipuin batean zeharka «euskal gatazka» jorratu duela aipatu du, «egun nola ikus daitekeen, pixka bat banalizatua», eta ipuinetan zehar irakurleak martzianoak eta «pertsona bat adimen berezia duena entzumenarekin» ere topatuko dituela jakinarazi du. Baita espetxea ere: «Ipuin batean jorratzen da pertsonen deshumanizazioa, bereziki kartzelan egondakoena, metafora baten bidez: intsektuak bilakatzen dira neurri batean. Egun ikusten ari gara nola tratatzen diren pertsona batzuk, nola deshumanizatzen diren eta ze bizimodu eraman behar duten», gaitzetsi du.
Fantasiatik edaten badu ere, bere ipuinak ez direla fantastikoak hausnartu du. «Abiapuntua errealitatea da eta aurrez aurre jartzen da ispilu bat», adierazi du, eta ‘zer gertatuko litzateke baldin eta...’ galderari erantzunak bilatzea dela gakoa: «Emakume batek hartuko balu mendekua bere esku, edo aurkitu bagenu Berbintzanan harri bat non idazki bat esaten duena han aspaldian euskaraz hitz egin zela... zer gertatuko litzateke?», galdegin du.