Miranderen argiak eta ilunak ikertu ditu Mikel Sotok ‘Mirande, herriminez, ezin minez’ liburuan
Jon Miranderen lana zein bizitza oso epaitua izan da Euskal Herrian, baina zer dakigu izatez bere inguruan? Topatzen zituen pista guztien atzetik jo eta idazlearen bizitza zein obra ikertu du Mikel Soto idazleak, Tene Mujika Bekari esker liburu forma eman dio eta Elkarrek argitaratu du.
«Miranderen kasuan badugu euskaldunok epaitzeko joera bat, baina kontutan hartuta ehunka gutun dauzkagula ezagutzeke, lanak, itzulpenak, poemak, ipuinak… nolatan hausnartu gara gizon hau epaitzera?», halaxe hausnartu du Mikel Sotok ostegun goiz honetan Tene Mujika Bekari esker ondutako ‘Mirande, herriminez, ezin minez’ liburu aurkezpenean.
Belaunaldiz belaunaldi Miranderen irakurleak gehitzen doazela uste du Sotok, eta hori gutxi gertatzen bada ere «Miranderen argitasun eta iluntasunak liluratzen» dituela guztiak pentsatzen du. Aitortu du «sintoma gisa» aztertu duela, izan ere, bere hitzetan, euskal kulturgintzan zantzu gisa oso ongi funtzionatzen du: «Sistema batean gaizki doazen gauzak detektatzeko dispositibo bat sartzea bezalakoa da, bera bihurtu dugunez gaizkia osoaren absolutua, harekin gure buruari baimentzen dizkiogu beste jendearekin baimentzen ez dizkiogunak, eta era honetan Mirande talaia on bat da ikusteko euskal kulturan dauden hainbat praxi oker, botere dinamika, subordinazio ugari eta hainbat hipokresia eta zekenkeria».
Elkar argitaletxeko editore Xabier Mendiguren, Debako Udaletik Amaia Zinkunegi eta Joseba Sarrionandia idazlea izan ditu ondoan. Sarrionandia aurkezpenera gonbidatzearen arrazoia bere ‘Ni ez naiz hemengoa’ lanarekin Miranderengana hurbildu izangatik dela argitu du hasieran idazleak, eta orduz geroztik askotan «itzuli» dela Miranderengana eta beti izan dela «zerbait»: «Batzuetan itzulera garratza da, besteetan gozoa, baina beti zerbait Jon Miranderekin rato bat pasatzea».
Sarrionandiak kontatu du XX.mendeko euskaldunak lenguaia literariorik ez zutela, eta eredu berrien bila zebiltzala, Mirande izan zen bide hori urratu zuenetako bat, «hizkuntza habitable bat sortu zuen literaturarako».
Idazle iruindarraren esanetan Joxe Azurmendi izan zen lehendabizikoa konturatzen Miranderen auzia modernotasunaren auzia zela, eta gurea bezalako herri batentzat auzi hori oso zentrala dela deritzo. «Geroz eta gehiago ikertu, geroz eta modernoagoa iruditzen zait, gu baino askoz modernoagoa iruditzen zait», adierazi du Sotok.
Ikertzen hasi orduko sentsazio bat tinkotu zitzaion bere baitan: euskal literaturaren inguruko ikerketetan asko egin dela aurrera, baina asko falta dela oraindik jakiteko. Eta premisa batetik abiatu omen zen bera: «Beti entzun dugu Mirandek bretoieraz idatzi zuela, baina nik ez dut inoiz bere bretoierako testurik ikusi. Horren ikerketa abiatu nahi nuen, uste nuen gauza asko agertuko zirela».
Bretoieraren pistari jarraika, hamaika harribitxi
Nola hasi ordea? Jada argitaratuta zeuden gutun eta idatzietatik hasi zen Soto, banan bana irakurri eta erreferentziak apuntatzen, jendeari galdezka eta artxiboetan murgilduta, kontatu du 40tik gora artxibo publiko zein pribatu arakatu dituela, gehienak nazioartekoak.
Harribitxi asko topatu baditu ere, gauza asko kanpoan utzi behar izan dituela aitortu du penatuta, izan ere 600 orrialde baino gehiago dituen lan mardula argitaratu du, eta halere, kanpoan geratu dira Miranderen itzulpenak edota nazismoari lotutako atal oso bat, esaterako.
Mirandek idatzitako lehen gutunak aurkitu ditu; bere lehen idatzi argitaratuak –uste zena baino ia bi urte lehenago hasi zen argitaratzen-; 1949an oraindik jeltzalea zenean eta alderdi aldizkariko harpideduna EBBarekin izandako gutun trukaketa; euskalgintzarekin izandako aurreneko polemika handia sortu zuen liburu lizunen inguruan idatziaren lehen bertsioa, osorik ezberdina dena gerora argitaratutakoarekin; polemika horri buruz Jose Antonio Agirrek alderdi barruan egin zituen kudeaketak; galdutzat jotzen zen Miranderen lehen ipuinaren euskarazko bertsioa; hainbat poema argitaratu gabe, eta bretoieraz idatzitako beste hainbat poema; Mirandek Argentinako aldizkari nazi batean argitaratutako bi saiakera; Gabriel Arestirekin trukatutako gutunak…
«Hainbat hipotesi baieztatu ahal izan ditut, gauza txiki eta garrantzirik gabekoenetik hasita, beste gauza serioetara». Horien artean dago ‘Jainkozalea’ izkribua, Sotoren esanetan euskaraz homosexualitatearen aldeko lehen idatzia edota hain eztabaidagarria izan den ‘Haur besoetakoa’ lanaren sorburua: «Bi gertakizunetan dauka oinarria, alde batetik, berak ezagutu zuen Iparraldeko euskaldun baina frantses hiztun bati gertatu zitzaion senide batekin maitemintzea. Eta bestetik, Mirandek berak 15 urteko neska batekin izan zuen sentimenduzko ez-harreman bat, ze berak idatzita uzten du ‘sortzera zihoan maitasun hori neuk zapaldu eta alboratu nuen’, besteak beste neskak zuen adinagatik. Eta hor idatzi zuen, ‘ene joana, ene desioa ez zait zilegi’; ez dut uste pedofiliari buruz ezer argiagoa esan daitekeenik».
Nazismoa eta gaitasun handiak
Miranderen askatasun artistikoa da Sotori gehien interesatzen zaiona, eta askatasun horrekin sortzeko gai den edertasuna. Era berean, gutxien gustatzen zaion Miranderen alderdia nazismoarena da, eta horregatik, ikertzen eta argitzen saiatu da: «nazia nola, nazia norekin eta nazia zergatik». Horregatik landu ditu bere harremanak, bere laguntasunak, bretoi abertzaletasuna, nazismorako bilakaera ideologikoa noiz eta non eta nola ematen den, gerraosteko mugimendu neonaziarekin izandako harreman pertsonal eta egiturazkoak. Horretarako, Frantziar Barne Justizia Ministeritzara zein zerbitzu sekretuen artxiboetara jo du Sotok.
Horrela baieztatu omen du bere ustez hipotesi «arrazoizkoena» zena. Azaldu du Mirandek, bere lagunek ez bezala ez duela polizia fitxarik, nahiz eta ikertua izan zen. Ondorio bat atera du idazleak, «Mirande inguruko nazi bat zela, arrazoi kulturalengatik hurbildu zela nazismora; oso arrazoi bitxia da nazismora hurbiltzeko baina Mirande ere halakoa zen». Eta gehitu du espero duela egitate sorta horrek nazismoari buruzko eztabaida «berritzeko» balioko duela.
Miranderen profil psikologikoa egiteko ahalegina ere egin du, «nolakoa zen eta zergatik zen horrelakoa». Sotok egindako ikerketaren arabera, gaitasun handiko pertsona izan zen Mirande, 15 hizkuntza hitz egiteko gaitasuna zuen eta 25 ulertzekoa. Pista horri jarraika adimen handiko ikasleei egiten zaizkien azterketa eta horien ezaugarriak ikertu eta Miranderen izaerarekin guztiz bat egiten zutela konturatu zen. Baita bere bizitzaren amaierarik ere, isolamenduarekin, depresioarekin eta baita suizidioarekin ere.