INFO

Desgaitasun intelektuala duten pertsonen erronkak plazaratzeko kanpaina abiatu du Atzegik

‘No vamos a parar-Geurea lortu arte’ lelopean, Atzegi elkarteak desgaitasun intelektuala duten pertsonek oraindik ere dituzten erronkak plazaratzeko kanpaina abiatu du. Elkarretaratzea deitu du abenduaren 2an eta dekalogo bat prestatu du, urtean zehar hainbat kanaletan banatuko duena.

Atzegiren kanpaina berriaren aurkezpena. (ATZEGI)

Aurten Atzegik aldarrikapen kanpaina baten aldeko apustua egin du, ‘No vamos a parar-Geurea lortu arte’ lelopean, desgaitasun intelektuala duten pertsonen kolektiboak oraindik erronka ugari dituela gogorarazteko.

Elkarteko presidente Josean Idoetaren hitzetan, Gipuzkoa inklusiboa pertsona guztien artean eraikitzen dela jabetzea nahi dute: «Adimen desgaitasuna duten pertsonen eskubideak errespetatzea eta defendatzea nahi dugu, eta ezin dugu bakarrik egin».

Kanpainari hasiera emateko, abenduaren 2rako 18.15ean Donostiako Bulebarrean desgaitasun intelektuala duten pertsonen eskubideen alde deitutako elkarretaratzea egingo da. Magda Dabrowskak (Legazpi, 25 urte) azaldu duenez, abenduaren 3an Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatzen dela aprobetxatuz, kalera atera nahi dute euren eskubideak aldarrikatzeko.

Kontzentrazioaren ondoren, 19.00etan, Atzegiren urteroko ekitaldia izango da Donostiako Antzoki Zaharrean. «Ekitaldian gure eskubideei buruz hitz egingo dugu, urtean zehar egin diren jarduera guztien errepasoa egingo dugu eta ezustekoren bat ere izango da», azaldu du Dabrowskak.

Kolektiboak gaur egun dituen erronkak ezagutarazteko, Atzegin dekalogo bat prestatu dute, urtean zehar hainbat kanaletan banatuko dutena.

Azkenik, Josean Idoetak azaldu duenez, hurrengo hilabeteetan lanean jarraituko dute desgaitasun intelektuala duten pertsonen ahotsa Gipuzkoako eskualde guztietara eramateko. «Pertsonek eta haien familiek beren esperientziak kontatzea eta beren premiei buruz hitz egitea nahi dugu, Gipuzkoako gizarteari gogorarazteko elkartasunak eta aniztasunak aberastu egiten gaituela» amaitu du Idoetak.