INFO

EH Bildu: «Euskal herritarrok ez dugu ezer ospatzeko abenduaren 6an»

Konstituzioa espainolaren egunean euskal herritarrek ez dutela «ezer ospatzeko» nabarmendu du Durangon EH Bilduren diputatu Mertxe Aizpuruak. Horren aurrean, nazioniztasuna eta erregenarazio demokratikoa aldarrikatu ditu.

Mertxe Aizpuruak Durangon egin ditu adierazpenak. (EH BILDU)

«Euskal herritarrok ez dugu ezer ospatzeko abenduaren 6an. Ordezkatzen ez gaituen eta nazio gisa dagozkigun eskubideak ukatzen dizkigun Espainiako Konstituzioaren aurrean, Euskal Herriaren burujabetza osoaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berrestsi nahi dugu gaur», nabarmendu du Mertxe Aizpurua EH Bilduren eledunak Madrilgo Kongresuan Durangon egin duten ekitaldian.

«Gaur, beraz, ozen esaten diogu ezetz Espainiako Konstituzioari, eta baietz aske eta berdinen Euskal Errepublika antifaxista, euskaltzalea, feminista eta ekologista eraikitzeari. Mugarik eta oztoporik gabe, itxaropenez eta konfiantzaz», aldarrikatu du Aizpuruak.

«Ezin dugu baztertu gaur egun Konstituzio horren estandarteak 78ko erregimena iraunarazi nahi dutenak eta lotua eta ongi lotua direla. Aznarrek Francoren erregimena gaitzesteari uko egin eta Javier de Andresek Gernikako bonbardaketa banalizatu izanak argi eta garbi erakusten du frankismoarekin ez zela haustura demokratikorik egon. Eta erabaki horren ondorioak jasaten ari gara gaur hemen», gaineratu du.

Euskararen kontra

«Epaitegietan euskararen oldarraldia bultzatzen ari direnekin, euskararen etsaiekin, frankismoaren oinordekoekin eta Euskal Herriko lehen indar politikoa legez kanpo utzi nahi dutenekin akordioak egitea onartezina dela iruditzen zaigu. PP eta Vox-en artean ez dagoelako inolako ezberdintasunik. Iraganera eraman nahi gaituen bloke atzerakoiaren parte dira, egunotan PP zuritzen saiatu diren arren», adierazi du.

«Ildo horretan, EH Bilduk oso argi dauka Espainiako Konstituzioak ez diela erantzuten Euskal Herriaren behar eta nahiei, eta oztopo ukaezina dela gure herriak arlo nazionalean eta sozialean aurrera egin ez dezan. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da jauzi kualitatibo bat ematea, 78tik egiteke dagoen nazioaniztasuna aitortzeko eta erregenerazio demokratikoa behingoz martxan jartzeko», nabarmendu du, euskal errepublika aldarrikatuz.