Iker Pouk hogeita bost urte bete ditu bederatzigarren esferan
Frankenjurako “Action Directe” bide mitikoa kateatu zuenetik mende laurden bat igaro da bere azken 9a egin arte: “Witch hunter” (Margalef). Pouk onartu du adinak aurrera egin ahal zaila dela maila horri eustea.
Urtero bezala, tenperatura freskoa eta hotza Margalefera (Tarragona, Herrialde Katalanak) heltzen direnean, etxekoek zein munduko bazter askotako eskalatzaileek ez dute denbora galtzen eskalada eskola hori bisitatzeko eta esku artean dituzten proiektuetan gogor estutzeko. Pixkaka jasotzen ari garen igoera azpimarragarrien artean adina ez da muga. Berdin dio haurrak, gazteak edo adinekoak diren; kontua da Margalefeko eskalada erakusleiho ederra dela.
Tim Emmet ingelesak, adibidez, ‘Era Vella’ kateatu du; hain zuzen ere, 51 urterekin. Kosta egin zaio proiektu hori ixtea; izan ere, lehen ekinaldiak 2017an hasi zituen. Denera, azken zortzi urteotan, 130 egun jo ta ke jardun du helburu hori biribildu arte. Ibilbide horrekin bederatzigarren esferan sartu da.
Iker Pouk, berriz, Emmettek baino hiru urte gutxiago (48) ditu. Eta eskalatzaile ingelesa bezala, gai izan da beste 9a bat patrikan sartzeko: ‘Witch hunter’. Baina bere kidearekin alderatuta, euskal eskalatzaileak ez du denbora asko igaro xede horretan eta ez da izan bere 9a mailako lehen bidea. Soilik datu argigarri bat emango dugu: bederatzigarren esferan 25 urte daramatza.
2000. urteko ekainean, Pouk opari handi bat eskaini zion bere buruari. Nahiz eta garai haietan 9a oraindik ez zegoen guztiz zabalduta, gasteiztarrak helburu arras interesgarri bat aukeratu zuen: ‘Action Directe’. 23 urte besterik ez zituen, eta gai izan zen marra historiko horren bigarren errepikapena egiteko. Hori gutxi ez, eta ausartu zen bere lehen 9a etxetik oso urruti probatzeko eta ekinaldiak egiteko. Garai haietan ez zen profesionala, baina oso motibatuta zegoen Alemanian dagoen Frankenjurako eskalada eremura bidaiatzeko. Gogoan ditugu ere, ‘Action Directe’-k eskatzen duen bezala, hatzak indartzeko campus-ean eginiko entrenamenduak. Eta diogun bezala, 23 urterekin Wolfgang Gullichen maisulana kateatu zuen.
25 urte beranduago, Pouk bederatzigarren esferan jarraitzen du. Eta horren adibide da duela gutxi hain gustuko duen Margalefen “Witch hunter” sinatu duela. Mende laurden horretan makina bat 9a eta gogorragoak igo ditu, baina azken hori 48 urterekin eskalatu du. Gainera, kontuan hartu behar da profesionala egin zenetik alpinismoa eta arroka uztartzen dituela, eta bietan ala bietan goi-mailan egotea ez dela batere erraza.
«Itzuli»
‘Witch hunter’ Tom Bolger ingelesaren obra da, eta arabarrak ibilbidearen lehen errepikapena egin du. Pouk bikain ezagutzen du marra hori dagoen murrua. Han bertan ‘Nit de bruixes’ (9a+) dago; Pou marra horren lehen igoerarekin egin zen. Beste behin, euskal eskalatzaileak erakutsi du, ‘Action Directe’-n bezala, gaitasun itzela duela hatz bateko, biko eta hiruko heldulekuetan. ‘Witch hunter’-ek ezaugarri horiek ditu.
Hortaz, 25 urte bederatzigarren esferan jarraitzen duela ospatzeko «opari» hori eskaini dio bere buruari. Jakina, protagonista honek onartu du oso pozik dagoela lortutako igoera horrekin: «Azken bi urteotan une zailak bizi izan ditut, eta horrek ez dit maila goren horretan behar bezala estutzen utzi. Halere, harrotasunez esan dezaket itzuli naizela. Gaztea zarenean erraza da eskaladan ehuneko ehun ematea eta helburu batean erabat zentratzea. Adinak aurrera egin ahala, betebeharrak eta arazoak biderkatzen direnez, oso zaila da maila horretan egotea. Gogor borrokatu dut, 9a berriro egin dut eta hori niretzako oso garrantzitsua da».
Aurreratu dugu egun alpinismoa eta arroka elkar uztartzen dituela, eta horregatik dio kirol eskalada bitarteko on bat dela hormatzarretako abenturetan maila ederra emateko: «Kirol eskaladan indartsu bazaude eta gai bazara murru luzeetara eta mendi handietara sasoi hori eramateko, alpinista handia izango zara. Kirol eskaladan behera egiten baduzu, ordea, eskalada zailak egiteko arazo gehiago izango dituzu».