Ainhoa Loidi, iazko txistor lehiaketako txapelduna, aurten epaile
Ez da lehenbiziko aldia Ainhoa Loidi Orioko harakinak Donostiako San Tomas egunean txistor lehiaketa irabazten duena. Baina lehenbiziko aldia izango du epaimahaikide lanean, eta gogotsu dago, lehiaketa beste modu batera bizitzeko aukera emango diolako.
Donostiako San Tomas eguneko txistor lehiaketak badu arau berezi bat, beste toki askotan ez dagoena: urte bateko irabazlea ezin da hurrengo urteko lehiaketara aurkeztu, eta horren ordez epaimahaian parte hartzeko aukera eskaintzen zaio.
Iazko txapelduna Orioko Kepa Loidi harategiko Ainhoa Loidi Iturzaeta izan zen. Beraz, aurten lehiaketan parte hartuko duten ia 30 txistorrak dastatu eta puntuak emateko aukera izango du, beste sukaldari batzuekin batera.
Lehenbiziko aldia da epaile gisa jardungo duena, nahiz eta 2020an ere txapela irabazi. Baina orduan, Donostiara joan zena Miren Loidi izeba izan zen, berarekin batera Orioko harategian aritzen dena. «Aurten igandea egokitzen da eta joateko moduan izango naiz, baina aste barruan tokatzen denean ezin ditut denak utzi eta hara joan», azaldu digu Ainhoak.
Gogotsu dago epaile lanetan aritzeko, lehiaketa beste ikuspuntu batetik bizitzeko aukera emango diolako. «Beste produktuak ezagutzeko aukera izango dut, eta hori ez da beti gertatzen», esan du.
Epaile gisa zeri erreparatuko dion galdetuta, argi dauka zer den txistor on bat izateko garrantzitsuena: «Orekatua izatea». Bere izeba Miren Loidik ere hala uste du: «Osagaien artean berdintasuna izatea da garrantzitsuena. Koipe pixka bat behar du, lehorra geratu ez dadin, baina gehiegi ere ez da komeni, betekada ematen duelako». Modu batera edo bestera, garrantzitsuena lehengaia freskoa eta kalitatezkoa izatea dela diote, eta piperrautsa goxoa izatea, «beti ematen diolako ukitu berezi bat».
Urtero bezala, lehiaketako antolakuntzak frijituta dastaraziko die epaimahaikideei. Baina ez dituzte denak dastatu beharrik izango. Epaimahaiko kideak taldeka antolatuko dira; izan ere, urtero ia 30 ekoizle inguru aurkezten dira lehiaketara, eta ezinezkoa da horiek denak dastatzea. Horrela, multzo bakoitzeko onenak izango dira epaile guztiek probatu beharko dituztenak.
Urte bateko txapeldunak hurrengo urtean parte hartzeko aukerarik ez izateari buruz, Orioko harakinak begi onez ikusten du: «Arau horri esker badakizu bi urtetan segidan ez duela inork irabaziko, eta ondo iruditzen zait. Beste lehiaketa batzuetan ez dago arau hori eta beti berdinak irabazten du. Hori ez da ona txapelketarentzat, besteak desanimatu egiten direlako eta parte hartzea gutxitzen joaten delako».
ZAPOREAK POSTUAN
Aurten Kepa Loidi harategiko txistorrak lehiaketan parte hartuko ez badu ere, horrek ez du esan nahi Orion egindako gutizia hauek Donostian izango ez direnik. Izan ere, Zaporeak elkarteak Gipuzkoa plazan jarriko duen postuan txistor hori banatuko dute. Hamar urte betetzen dira Zaporeak elkartasun proiektua martxan jarri zenetik eta aurten biltzen duten diru guztia Palestinara bideratuko dute.
Datorren urtean, bai, Ainhoa eta Miren Loidiren txistorrak berriro ere lehiaketan izango dira, eta momentu hori iritsi zain daude. «Lehiaketa hauek xarma berezia dute, urte guztian egindako lanaren errekonozimendua direlako, eta urtero egoten gara aurkezteko ilusio horrekin».