«Polita izango litzateke txapel honekin urtea ixtea»
Enara Gamindek (Laukiz, 2007) Master Laboral Kutxako Lau eta Erdiko txapela eskuratuta biribildu nahi du urtea. Atzelariak 18 urte besterik ez baditu ere, oraindik irabazteke duen txapel bakanetako bat da, eta hura lortzeak urtea modu bikainean ixteko aukera emango liokeela azaldu du.
Artikulu hau irakurtzeko
erregistratu doan edo harpidetu
Dagoeneko erregistratuta edo harpideduna? Saioa hasi
Klikik gabe gelditu zara
Beste final batean sartuta eta txapelerako lehian zaude. Ez duzu bat bera era galdu nahi.
Ez, ez. Ahal bada jokatzen diren guztiak irabazi nahi ditugu. Kirolari guztiok hori nahi dugu eta ea posible den.
Urte ederra biribiltzeko aukera paregabea izango duzu kaiolako txapela lortuta.
Oso urte ona ari da izaten. Azkenengo hilak are hobeak, eta polita izango litzateke txapela honekin urtea ixtea.
18 urte dituzu eta dagoeneko ia dena irabazi duzu; Lau eta Erdikoa falta. Kontziente zara lortzen ari zarenaz?
Gaztea naiz eta ia dena irabazi dut, baina Lau eta Erdikoa falta zait eta polita litzateke. Zortea daukat; hau ez da erraza lortzen. Ea hurrengo urtea ere honelakoa den.
Txapelketa hasi aurretik zure planen barruan zegoen finalean egotea?
Bai, asmoa hori zen. Gogo askorekin egon naiz txapelketa honetarako, gainera Nazioen Liga lau eta erdian irabazi nuen. Aukerak ikusten nituen eta azkenean hirugarrenean lortu dut; beste bi finalerdietan galtzea tokatu zen.
Bada bertan izango zara, egungo txapeldun Zabaletari irabazita eta final laurdenetan Erasun 3an utzita. Zein sentsaziorekin iritsiko zara?
Sentsazioak oso onak, egia esan. Lau eta Erdiko azken partidetan gustura geratu naiz emandako mailarekin eta Master Cupen jokatu ditudan bi partidak bi aurkari handiren aurka izan dira. Itsaso Erasun egungo Plazandreakeko Lau eta Erdiko txapelduna da. Eta finalerdietan egungo txapeldunari irabazi nion konfiantza askorekin. Zer-nolako mailan zauden hartzen duzu erreferentzia bezala.
Atzelaria zara, baina bada gustuko duzun modalitatea.
Betidanik gustatu zait eta ondo moldatu naiz. Gaztetan, aurrean zein atzean jokatu dut. Egia da Master Cupen beti atzelari moduan jokatu dudala, baina sakearekin beti nahiko ondo ibili naiz eta aurreko jokoa asko gustatzen zait. Pozik horregatik ere bai.
Erregulartasuna ere lortzen ari zara. Ibilbideko momenturik gozoenean al zaude?
Nik esango nuke baietz, zalantzarik gabe. Urte osoan zehar maila oso ona ematen aritu naiz; gustura emandako mailarekin. Oraintxe bertan uste dut bizitzako urterik onena izaten ari dela, bai emaitza aldetik eta bai maila aldetik. Ea txapel hori lortzen dudan eta aro hobeagoa izan daitekeen.
Aurrean Amaia Aldai, distantzia laburrean espezialista. Erronka polita duzu aurretik.
Bai, bai. Esango nuke modalitateko pilotaririk onena dela. Uste dut orain urteko momenturik onenean dagoela. Finalerdietan Olatzi [Arrizabalaga] irabazi izanak konfiantza handia eman dio. Ilusio handiarekin joango da finalera eta gogorra izango da.
Uste duzu berak pilatuta duen esperientzia horrek eraginik izan dezakeela?
Izan dezake eragina, baina ez dut uste arrazoi horregatik txapela alde batera edo bestera joango denik.
Finaletan ez zara berria. Nahiz eta 18 urte dituzun, honelako plazetan baduzu eskarmentua.
Zorionez, bai. Txapela lortzeko aukera izan dut eta uste dut esperientzia asko duen pilotaria naizela. Egia esan, finaletan nahiko lasai egoten naiz eta ea igandean ere horrela den.
Non egon daiteke gakoa?
Mailan baino, mentalitatean. Bai bata edo bestea gaizki hasten bada, burua joan dakioke. Mentalki gogor egon beharko dugu, bai nik eta bai berak.
Badakigu Amaia Aldai buruberoa dela. Kasu honetan, partidatik ateratzeko helburua ere gakoa izan daiteke.
Uste dut gakoa hasierako tantoetan egongo dela. Bera buruberoa da, eta agian ez da gertatzen eta ondo mantentzen da, baina burua joan dakioke eta niri ondo etorriko litzaidake.
Txapela lortuz gero, ia dena irabazita zinateke 18 urterekin. Anbizio handiko pilotaria zara?
Oso lehiakorra naiz. Nahiz eta dena irabazi, nik beti esaten diot amari: ‘Helburua hurrengo urtean izango da aurtengoa irabazi eta, ahal bada, gehiago’. Zaila da, baina oraindik ahal da, final batzuk galdu baititut. Neure burua beti motibatzen dut; ea hori ez dudan galtzen.
Nola ikusten duzu emakumezkoen pilotaren bilakaera eta etorkizuna?
Egia esan, asko ez dut ikusten. Oraindik aurrerapauso handiak eman behar dira, baina uste dut etorkizunean maila polita egongo dela. Ni gaztea naiz, baina ea atzetik datozenekin topo egin eta elkarrekin joka dezakegun. Espero dut etorkizun polita egotea.