INFO

Jim Jarmuschen triptiko emozionala

‘FATHER MOTHER SISTER BROTHER’
AEB, 2025. 110’. Zuzend eta gidoia: Jim Jarmusch. Akt.: Tom Waits, Adam Driver, Charlotte Rampling, Cate Blanchett. Musika: Jim Jarmusch. Argaz.: Yorick Le Saux, Frederick Elmes.

‘FATHER MOTHER SISTER BROTHER’ filmeko eszena bat (AVALON)

Pasa den Veneziako Zinemaldiko aurreikuspenetan ‘The Voice of Hind Rajab’ filma goian ageri bazen ere, Jim Jarmuschen ‘Father Mother Sister Brother’ gailendu zen, eta azken film hau izan zen Urrezko Lehoia eskuratu zuena. 

Filmak gertaera beraren inguruan egituratutako hiru atal ditu: familia bateko kideen berrelkartzea. Dagoeneko helduak diren anai-arrebak urte luzez elkar ikusi gabe egon ondoren egingo dute topo berriro. Horrek, konpondu gabeko tentsioei aurre egitera eta emozionalki urrun dauden gurasoekin dituzten harreman tirabiratsuak berriro aztertzera eramango ditu. 

Hiru istorioetako bakoitza herrialde desberdin batean girotuta dago: ‘Father’, AEBetan; ‘Mother’, Dublinen, eta ‘Sister Brother’, Parisen. 

Izar ugari batzen ditu filmak: besteak beste, Tom Waits, Charlotte Rampling, Cate Blanchett, Adam Driver eta Vicky Krieps.

Autobiografikoa? 

Dirudienez, Jim Jarmusch bere familiako esperientzietan inspiratu da pasarte batzuk idazteko. Hala azaldu du: «Nire familiari buruzko hainbat gauza dibertigarri eta interesgarri sartu ditut gidoian, hala nola hirugarren istorioko bikiak, Indya Moorek eta Luka Sabbatek antzeztuak. Nire ama eta anaia bikiak ziren, eta telepatikoki konektatuta zeudela ematen zuen».

Hala ere, zuzendariak argitu du: «Oro har, ez da istorio autobiografikoa. Egia esan, ez dakit zergatik idatzi nuen. Oso intuitiboa naiz lanean ari naizenean, ez analitikoa. Normalean, ideiak nirekin izaten ditut urte bat edo bi, eta gero oso azkar idazten dut gidoia. Kasu honetan, ideiak hilabeteak zeramatzan nirekin eta, bat-batean, gidoia oso azkar idatzi nuen».