Inolako logikarik izan ez duen euskal derbia eraman du Kutxabank Araskik IDK Euskotrenen etxean
Hirukoetan eta erreboteetan askoz hobeto aritu da Donostiako taldea, baina azken laurdenean 48-41 aurreratik zela, saskiratu ezinik geratu da. Gasteiztarrek azaroaren 29az geroztik aurreneko garaipena lortu dute 2-14ko partzialari esker 50-55 gailenduta.
IDK EUSKOTREN 50 - KUTXABANK ARASKI 55
Bistan da euskal derbiek ez dutela inolako logikarik. Bigarren laurdenaz geroztik IDK Euskotren askoz hobeto aritu da Kutxabank Araski baino, eta azken laurdenaren hasieran, puntuak horren garesti izan diren neurketa honetan, 48-41 aurretik jarri dira Maria Erunzetamurgilek bere uztaipean baloia ostu eta saskiratzea erdietsi ostean. Baina arabarrek ez dute bururik makurtu eta defentsa asko gogortu dute –neurri handi baten epaileek falta izan diren jokaldi asko ez etetea nahiago izan dutelako; bi uztaipeetan, nolanahi– eta gutxien espero zenean 2-14ko partzial bati esker denboraldiko bosgarren garaipena lortu dute.
Hau da, azaroaren 29an Leganesen garaipena lortuz geroztik pilatuta zekarten bolada txarra eten dute gasteiztarrek eta Emakumeen Endesa Ligako sailkapenean arnasa sakon hartu ahal izan dute. Bestalde, IDK Euskotrenek azaroaren 29 horretatik irabazi ezinik jarraitzen du. Dagoeneko sei porrot kateatu ditu eta eskuan zirudien Koparako sailkapena ia alperrik galtzen utzi du, aurreneko itzulia amaitzeko jardunaldi bat –asteazkenean, Zaragozan, gaueko 20.00etan– falta badu ere.
Nola liteke, ordea? Balorazioari so eginez gero, donostiarrek irabazi dute: 59-44. Erreboteetan, Eraunzetamurgil –15 errebote hegaleko donostiarrarentzat–, Ejim –9– Faye –8– eta Muruaren –6– bitartez, ez da kolorerik izan: 45-26. Donostiarrek gasteiztarrek halako bi hiruko sartu dituzte: 6-3. Baina era berean, 17 baloi galdu dituzte, eta jaurtiketa libreetan, etxekoek 7 ahaleginetatik 2 (!) baino ez dituzte sartu, eta gasteiztarrek, 16tik 12, azkenak neurketari buelta ematea lortu duten une erabakigarri horretan.
Ez da, gainera, Araskik aurten atzetik aurrera joanda lortzen duen aurreneko garaipena. Leganesen aurka azken laurdenean 6-30 nagusitu ziren Made Urietarenak, eta 6-16 igande honetan. Gainera, Sami Hill, Mollenhauer eta Dornstauder oso jokalari arriskutsuak dira azken minutu horietan, oso seguruak baitira jaurtiketa libreen marratik. Eta hara non, egundoko garaipena erdietsi dute arabarrek partida ia galduta zutelakoan.
Aurretik atzera
Kutxabank Araskik ondo jokatu ohi du Josean Gasca pabiloian eta hasieratik argi geratu da hori. Partida hasi eta berehala Dornstauder eta Noa Morroren bitartez nagusitasun handia erakutsi du talde arabarrak eta hargatik 2-8 aurreratu da, Azu Muguruzaren aurreneko hutsartea behartuz.
Hutsarteak ez dio berehalako etekinik ekarri talde donostiarrari, 4-13raino joan baita Araski, nahiz eta ordainetan Toussaintek hiru pertsonal egin dituen. Nolanahi, aldaketei esker suspertu dira donostiarrak. Ejim eta Roso Buchen puntuei esker 10-0eko partziala kateatu dute etxekoek, aurreneko laurdenaren amaierara 14-13 aurretik iristeko.
Bolada eskasean murgilduta daudela biak ala biak ezagun izan du derbiak, bigarren laurdena akatsa akatsaren gainean kateatu dute-eta talde biek. Alexandra Mollenhauer eta Roso Buch izan dira akaso salbuespenak saskiari begira, erreboteak pilatzeko eta defentsako lan zikinean Maria Eraunzetamurgilek distira egin duen moduan.
Bestalde, urrutiko jaurtiketetan ezusteko pagotxa aurkitu du IDK Euskotrenek. Irene Murua eta Paige Robinsonek hiruko bana asmatu dute eta Lara Gonzalezek 9-0ko partziala itxi du lau metrotik, markagailua 28-22 jartzea lortuz etxekoen alde. Araskizaleak, berriz, erasoan presaka aritu dira, argitasun handirik gabe, eta jakina, ezin nahi beste korrika egin erreboteko lanean Eraunzetamurgilen nagusitu delako bolada horretan.
Made Urietak hutsartea eskatu badu ere, Paige Robinsonen hiruko batek eta Eraunzetamurgilek beste pixka bat luzatu dute aldea donostiarren alde: 33-24 atsedenaldian, eta 10 hirukotik 6 saskiratzeaz gain, 10 errebote gehiago harrapatu dituzte Azu Muguruzarenek.
Atzetik aurrera
Hamar puntutik gorako tartea ireki dute gipuzkoarrek hirugarren laurdenaren zenbait tartetan, baina Kutxabank Araskik ez du etsi eta Azu Muguruzarenek larregi barkatu dute. Hirukoen iturria agortu egin da alde batetik, eta arabarren artean Isabela Jourdain Kubako hegal-pibota eta Sami Hill kapitaina azaldu dira aurreneko erdian sartu ezinik geratu diren puntuak sartzen hasteko.

IDK Euskotreneko zenbait jokalarik jaurtiketa egoera erosoei ere uko egin diete, Lara Gonzalezek edo Itziar Ariztimuñok kasu, eta Irene Murua eta Maria Eraunzetamurgilek maila oso txukuna erakutsi badute ere, beste zenbait jokalari ikaratzen eta ezkutatzen hasi dira, partida estutzen joan. dela ikusita. Hala, derbiak bizirik jarraitu du hirugarren laurdenaren amaieran, markagailua 44-39 estutu baita.
Hasieran aipaturiko Eraunzetamurgilen jokaldi bikain batekin hasi dio azken zatiari talde donostiarrak, baina «Zetak» egin duen jokaldi horri ez diote inongo jarraipenik eman bere taldekideek eta Kutxabank Araskik pixkanaka bere bidea aurkitu du.
Noa Morroren hiruko batek gipuzkoarrek defentsa zabaltzea ekarri du eta uztaipean zuloak azaltzen hasi dira ondorioz. Zulo horiek Mollenhauer eta Donstauderrek bikain baliatu dituzte eta horrez gain, behar baino baloi gehiago oparitu ditu etxeko taldeak, falta adierazi beharreko zenbait jokaldi izan badira ere.
Aldiz, markagailua 48-46 zela kirol-gabetasun falta egin du Ariztimuñok eta Sami Hillek neurketa berdintzea ez ezik, arabarrak aurretik jartzea erdietsi du.
Handik aurrera dena izan da urduritasuna eta ezinegona. Araskik 48-53 aurreratu du bere aurkaria markagailuan, baina Eraunzetamurgilek 50-53koa ezarri ostean, talde donostiarrak baloia ostea lortu du –epaileak isilik– eta neurketa berdintzeko aukeratxo bat izan du azken segundoetan. Alabaina, Sami Hillek baloia lapurtu du eta Lahtinen finlandiarrari pasea eman dio honek uztaipetik derbia Gasteiza bidean jartzeko.
Inolako logikarik izan ez duen derbia azken minutuetan logika apur batekin jokatu duen bakarrak irabazi du. Nola diren gauzak, aizue!
Gernikak egurra Valentzian
Lointek Gernika Bizkaiak, bestalde, lan txarrak zituen igande eguerdi honetan Valentzian eta ezin esan pronostikoek kale egin dutenik, 87-53 galdu dutelako Lucas Fernandezek entrenatzen dituen emakumeek. Albisterik onena Ane Iturrioz 2008an jaiotako gazteak Emakumeen Endesa Ligan debuta egin duela izan da agian.
Aurreneko laurdenean 14-18 nagusi izan dira bizkaitarrak, baina bigarren zatiaz geroztik ez da kolorerik izan. Valentzia Basketen defentsak gogor sakatu du eta bizkaitarren erasoa ito du.
Egia da, halaber, gernikarrek erraztasunak eman dituztela: hirukoetan 21 ahaleginetatik 3 sartuz gero, nekez eman liteke ezustekorik Valentzia Basketen mailako talde baten aurka; are gehiago 16 jaurtiketa libre bota eta 6 bakarrik saskiratzen badira.
Bigarren laurdenetik aurrera Gernikak 10 puntu edo gehiago aldeaz galdu ditu laurden guztiak, Lekovic, Leo Fiebich edo Coffey inola ere gelditu ezinik. Kopako amets apurrak zapuztu zaizkio, beraz, talde bizkaitarrari eta aurreneko itzulia ondo amaitzea baino ez zaio geratzen, hemendik bi astera Eurocup-ean duen betebeharra iritsi artean.
PARTIDAKO FITXA
IDK: Lara Gonzalez (7), Maria Eraunzetamurgil (9), Paige Robinson (8), Yvonne Ejim (11) eta Khadija Faye (4) –hasierako bostekoa–, Roso Buch (6), Itziar Ariztimuño (4), Irene Murua (6) eta Hannah Jump.
ARASKI: Sami Hill (10), Quinn U.Dornstauder (11), Noa Morro (5), Dominique Toussaint (5) eta Lotta M. Lahtinen (7) –hasierako bostekoa– Isabela Jourdain (6), Mireya Sanz (1), Alexandra Mollenhauer (10), Mama Dembele eta Montse Brotons.
Epaileak: Quintas, Garvin eta Chacon. Egotzitakorik gabe.
Partzialak: 14-13, 19-11, 11-15, 6-16.