Abian da urriaren 12an Gasteizen atxilotutako 19 antifaxisten aurkako prozesu judiziala
Abian da urriaren 12 Gasteizen atxilotutako 19 antifaxisten aurkako prozesu judiziala. Asteazken honetan jakinarazi dutenez, urtarrilaren 20an hasiko dira deklaratzen epailearen aurrean. Auzipetuen absoluzioa aldarrikatu eta elkarretaratze bat deitu dute, hilaren 30ean.
Urriaren 12an Ertzaintzak 19 lagun atxilotu eta hamarnaka zauritu zituen Falangearen aurkako protesta batean. Auziperatutako pertsonek asteazken honetan jakinarazi dute haien aurkako prozesu judiziala martxan dagoela; eta deklaratzera deituak izan direla. Lehen hitzordua urtarrilaren 20an izango da, eta hurrengo hilabeteetan deklarazio data gehiago aurreikusten dira.
Auziperatuek ohar batean azaldu dutenez, Falangeren mobilizazioa Lakuaren eta Gasteizko Udalaren «onespenarekin egin zen, eta uneoro Ertzaintzaren babes eta laguntza izan zuen. Testigantzen arabera, Poliziak falangistekin batera kargatu zuen manifestarien aurka, eta esku-hartzea protesta antifaxista desegitera bideratu zen».
Halaber, salatu dute Falangeko kideek makilekin eta piper-espraiarekin egindako erasoak «inpunitate osoz gauzatu zituztela, Ertzaintza alboan zutela». Izan ere, ez dago Falangeko kide bakar bat ere auziperatuta. «Egoera honek argi erakusten du faxistek Poliziaren partetik duten elkarlana eta inpunitatea», gaineratu dute.
Eta, testuinguru horretan, auziperatutako pertsonek kritikatu dute «instituzioetako bozeramaileek faxisten probokazioak eta indarkeria gaitzetsi beharrean, antifaxisten aurkako kriminalizazio juridiko eta mediatikoa bultzatu dutela. Horren adibide dira Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek eta beste hainbat kargu publikok egindako adierazpenak, non mugimendu antifaxista ‘faxista’ gisa izendatu duten».
Egoera honen aurrean, azpimarratu dute «faxismoaren aurkako borroka ezinbestekoa dela, eta protesta soziala tresna legitimo eta beharrezkoa dela faxismoaren hazkundeari eta normalizazioari aurre egiteko». «Falange bezalako alderdi faxistek, Euskal Herriko ukapen sozial eta nazionala helburu dutenek, ez dute tokirik gure kaleetan», adierazi dute.
Honengatik guztiagatik, auziperatutako pertsona guztien absoluzioa eta auziaren itxiera exijitu dute, eta prozesu judizialak irauten duen bitartean antifaxisten aldeko elkartasuna adieraztera deitu dute herritar oro. Hala, urtarrilaren 30ean, 19.00etan, elkarretaratzea antolatu dute Andra Mari zuriaren enparantzan.