AHT, Europaren militarizaziorako gako
Europar Batzordeak Abiadura Handiko Trena tresna militar gisa erabiltzeko intentzioa du, tropak, tankeak eta bestelako material militarra garraiatzeko. Horretarako, «Mugikortasun militarra 2.0» ekintza-plana lantzen ari da 2022tik.
Honezkero ez da beharrezkoa azaltzea tranbia bat kolonizaziorako tresna bat izan daitekeela, konkistatutako lurraldeak egituratzeko balio dezakeelako, sionistek Jerusalemgo ekialdearekin egitea erabaki duten bezala, besteak beste CAFen laguntzarekin. Ezberdintasunak ezberdintasun, juduek lehenago pairatua zuten Alemaniaren tren-sarearen eraginkortasun makabroa, naziek Polonian eraikitako anikilazio-esparruetara iristen zena.
Trena tresna militarra ere bilakatu daiteke, tropak, tankeak eta bestelako material militarra garraiatzeko erabil daitekeelako. Gaur egun ere, Europar Batzordeak, Ukrainako gerraren karietara, “Mugikortasun militarra 2.0” ekintza-plana lantzen ari da 2022tik. Planaren helburu nagusia europar trenbide-sareak soldadu eta armak ahalik eta azkarren garraiatzea da. Alegia, migrante txiroak Albaniako atxilotze-zentroetara deportatzen diren bitartean, barne mugarik gabeko “Schengen militar” bat indarrean jartzea.
Europaren militarizaziorako beste katebegi bat osatuko dute Euskal Y-ak eta Nafarroako korridore mistoek
Abiadura handiko Schengen militarra Ukrainara eta Moldaviara ere iristea nahi da. Halaxe onetsi da sare transeuroparraren 2024ko azken aldaketan: TEN-T sare berrian egiaztatu da, batetik, Nafarroako korridorearen eta Euskal Y-aren arteko lotura mailaz jaitsi dutela, jada ez delako oinarrizko sarearen parte, eta, bestetik, Batasuneko bederatzi korridore estrategikotik lau Ukrainaraino luzatu dituztela. Horietako bat, gainera, Donbasseko Mariupoleraino, ez kasualitatez.
Egungo trenek 40 bat ordu behar dituzte Gasteiz eta Kiev lotzeko. 2040rako 30 ordura jaistea da Europako Abiadura Handiko Trenaren sarearen helburua. Hau da, tropak eta tankeak Euskal Herriko base militar handiena den Arakaren ondoan dagoen Jundizko plataforma logistikoan trenera igotzea, zertarako eta 30 ordura Ukrainako hiriburuan beharrezkoa denerako prest egoteko. Europaren militarizaziorako beste katebegi bat osatuko dute Euskal Y-ak eta Nafarroako korridore mistoek.
Hemendik aurrera, AHTren erabilera mistoaz hitz egiten digutenean, kontuan izan ez direla soilik bidaiariak eta merkantziak aipatzen ari, baizik eta erabilera zibila eta militarra ere. Ez da txantxa: Europak 2028-2034 epean garraiobideetan inbertitu nahi dituen 51.515 mila milioi euroetatik, 17.510 mila milioi mugikortasun militarrera bideratuko dira, 2025eko abenduan Connecting Europe Facility mekanismo finantzarioan zehaztu bezala. Batasunaren garraio-inbertsio osoaren herena gerra prestatzeko izango da.
Finantzaketa hori eskuratzeko lehentasunezko trenbideen artean, gure herria zeharkatzen duen Bordele-Burgos linea dago, baina baita Ukrainako eta Moldaviako bost hiri ezberdinetan bukatzen diren lineak ere: Txernivtsi, Chop, Lviv, Kovel eta Chisinau hirietan amaitzen direnak, hain zuzen. Batasunetik kanpoko lurralde horietan, gainera, zabalera ez da Europako estandarra (Hego Euskal Herrian bezala) eta plataforma berriak egingo dira. Egiten ari dira: Europako zabalerarekin egindako lehen linea erabat ukrainarra, Uzhhorod-Chop, iaz eraiki zen, Batasunak finantzatuta. Eta aurten Lviverainoko linea egiten hasiko dira.
Europar Batasuna TEN-T garraio-sare transeuroparraren garapena erabiltzen ari da, Ukraina eta Moldavia Batasunean fisikoki txertatu ahal izateko. Sare horren funtsetako bat AHT da, orain arte jakinarazi ez badigute ere: Euskal Y-a eta Nafarroako korridorea engranaje militar europarraren parte ere badira. Orain artean AHTren inguruko negozioa ingeniaritza eta eraikitzaileentzat izan da; aurrerantzean, Estatuaren defentsa-gastua BPGren %2ra igo delarik, armak ekoizten dituztenen pagotxa dator. Eta badira enpresa batzuk, noski, Getxon egoitza duen Senerren modukoak, aipatu bi alorrez profitatuko direnak.
Eusko Jaurlaritzaren antzera, AHTren hainbat tarteren eraikuntza zuzenean sustatzeaz gain, armagintzarako motorrak egiten dituen eta Zamudion egoitza duen ITP Aeroren %6 ere badaukala, armak ere egiten dituen Indrarekin batera. Arestian aipatutako CAF enpresaren %3 edukitzeaz gain: Pradalesek CAFi eskatutako hausnarketa etikoak etxetik hasi beharko luke. «Datorren lekutik datorrela, biolentzia mota oro gaitzesten dugu» ziotenak, ari dira jada gerrarako ere erabiliko den tren-sare bat eraikitzen. EAJko Kongresuko bozeramaileak haien jarrera belizista argi utzi berri du: «Edo Europak pilak jartzen ditu edo azkenean kolonizatua izango da».
Inoiz baino arrazoi handiagoa dute «gerra hemen hasten da» diotenek. AHTren liberalizazioak ez duelako soilik ahalbidetuko Ouigo frantziarrak eta Iryo italiarrak Euskal Y-an operatzea: Zaragozako trenbide-erregimentuak ere erabili ahal izango du.