INFO

Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Donostiako bi teknikari lanpostutarako euskara eskakizuna

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Donostiako bi teknikari lanpostutarako euskara eskakizuna. Dioenez, «enplegua egonkortzeko prozesu honetan, euskara jakitea ez da eskatu arrazoizkotasun eta proportzionaltasun irizpideei jarraituz». 

Joan den urtean euskararen aurkako oldarkeri judiziala salatzeko EAEren Auzitegi Nagusiaren aurrean egindako elkarretaratzea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu du Donostiako Udalean Digitalizazio Kartografikoko bi udal-teknikari izateko euskara eskakizuna (2. HE). Lehenago Gipuzkoako hiriburuko Administrazioarekiko Auzietako 3. Epaitegiak onartu zuen hizkuntza-eskakizuna.

Hasiera batean, epaitegi honek beharrezkotzat jo zuen bi lanpostuetarako euskara jakitea, bi funtzionariok bakarrik betetzen baitituzte lan kartografiko horiek, eta, horietako bat egon ezean, bermatu egin beharko litzateke herritarrek arreta hizkuntza horretan jasotzeko duten eskubidea.

Argudio horrekin, epaitegiak ezetsi zuen langile batek Tokiko Gobernu Batzarrak 2022ko abenduaren 20an hartutako erabakiaren aurka jarritako salaketa.

Hala ere, langileak uste zuen akordio horrek espainiar Konstituzioaren hainbat artikulu urratu zituela, beraren esanetan, funtzio eta kargu publikoetara berdintasun-baldintzetan iristeko oinarrizko eskubidea urratzen zuelako, eta helegite bat aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian.

Honek orain arrazoia eman dio. Efe agentziak adierazi duenez, epaiaren arabera, hizkuntza-eskakizunak eskatzea «ez dator bat hizkuntza jakin gabe enplegu publikora sartzeko izangaiek duten eskubidearekin».

«Gainera, Administrazioak ez du justifikatu euskara erabiltzeko eskakizuna ezinbesteko baldintza denik herritarrek Administrazioarekin eurek aukeratutako hizkuntzan harremanak izateko duten eskubidea bermatzeko», gaineratu du. «Are gehiago, gaur egun indarrean dagoen plangintza-aldian udalak nahitaez bete beharreko indizea % 55,87 denean», gaineratu du.

«Ondorioz, enplegua egonkortzeko prozesu honetan, euskara jakitea ez da eskatu arrazoizkotasun- eta proportzionaltasun-irizpideei jarraituz», azpimarratu du.

Espainiar Konstituzioren menpe

Epaiak azpimarratzen duenez, «Konstituzioan ezarritako berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioen arabera sartzeko eskubidea murriztu egingo litzateke hautaketa prozeduraren oinarrietan ezarritako hizkuntza eskakizunek badakarte hautagai erdaldunak deialditik kanpo uztea».

Hori dela eta, ondorioztatzen du hizkuntza «sartzeko baldintza izatea», hautagaien arteko «desproportzioa» eragingo lukeela. Horrek, dioenez, agerian uzten ditu «errekurritutako oinarrien diskriminazio kutsua hizkuntza arrazoiengatik».

Epaia ez da irmoa, eta horren aurka kasazio errekurtsoa aurkeztu daiteke Auzitegi Gorenean.