Auzitegiek gaztelaniaren pribilegioen alde egitea behingoz amaitu behar dela aldarrikatu dute
Auzitegiek gaztelaniak dituen pribilegioen alde egiten dutela eta egoera horrekin amaitu beharra dagoela nabarmendu dute azken epaiaren kontra Kontseiluak eta Bagerak Donostian deitu duten elkarretaratzean.
Bi udal lanpostutarako euskara eskakizuna baliogabetzen duen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia salatu dute gaur Donostian Kontseiluak eta Bagerak deituta, ELA eta LAB sindikatuen sostenguarekin.
«Honen arabera, justiziaren aurkakoa da herritarren eskubideak parekatzea, gaztelaniaren pribilegio estatusa zalantzan jartzea. Hori da botere judizialaren markoa, oldarraldiarena, gaztelaniaren erabateko nagusitasunarena, euskara betiko minorizatuta nahi dutena», nabarmendu dute mobilizazioan.
Gauzak horrela, Kontseiluak eta Bagerak epai honen kontra helegitea eskatu diote Donostiako Udalari, «prozesua azken bururaino eraman dezan».
Honekin batera, euskararen normalizazioak aurrera egiteko beharrezkoa den arkitektura juridikoa aldarrikatu dute. «Izan ere, 82ko Euskararen Legetik ia mende erdi igaro den honetan, euskaldunon hizkuntza eskubideak oraindik ere ez daude bermatuta. Egunero egunero sistematikoki urratzen dira. Orain, gainera, aurrera egiteko genuen zoru apurra ere deseraikitzen ari dira epaitegietatik. Euskararen desofizializazio prozesu betean gaude», adierazi dute.
Enplegu Publikoaren Lege berria
Gauzak horrela, Gasteizko Parlamentuan eztabaidagai dagoen Enplegu Publikoaren Legea aldatzea eskatu dute. «Baina, prozesu horren emaitza ezin da mugatu oldarraldiari erantzun eta atzeraldia gelditzera. Ezinbestekoa da egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditu eta langile publiko guztiei, ez soilik euskararen ezagutza, baizik eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea. Badugu horretarako aukera, baditugu baldintzak», gaineratu dute.
«Asko da orain arte aurreratu dena, baina dena gero eta azkarrago doan mundu honetan, euskararen normalizazioa ere azkartu beharra dago, atzean geratuko ez bada», azpimarratu dute.
«Pasa den abenduan Pizkunde berri baten lehen txinparta piztu genuen eta ekainaren 13ra begira, txinparta hori hauspotzeko unea da orain. Jada, euskaldun izatea ez da aski, euskaltzale izan gaitezen. Etxean, lagunartean, lanean edota auzoan, ez dezagun zapalkuntza normalizatu», eskatu dute.
«Egin euskaraz bizitzeko hautua. Ez normalizatu eta isildu hizkuntza-eskubideen urraketarik. Hitz egin hizkuntzen auziaz, eta partekatu ingurukoekin euskararen etorkizunak sortzen dizun kezka. Ekarri zure lehentasun sozial eta politikoetara euskara. Eta, azkenik, antolatu euskaltzale gisa: kuadrilletan, ikastetxeetan, lantokietan, kirol eta kultur elkarteetan, mugimendu sozial, sindikatu eta alderdietan eta bultzatu ditzagun horietako bakoitzean jarrera eta jokabide euskaltzaleak. Mintzatzen ez denak ez baititu kateak sentitzen, norbere eremuan antolatu eta egin dezagun euskararen alde, egin dezagun euskaraz», aldarrikatu dute.