INFO

Txinpantzearen festa tragikoa

PRIMATE
AEB, 2025. 89’. Zuzend.: Johannes Roberts. Gidoia: Ernest Riera, Johannes Roberts. Akt.: Johnny Sequoyah, Jessica Alexander, Kevin McNally, Troy Kotsur. Argaz.: Stephen Murphy.

‘Primate’ filmeko eszena. ( Paramount Pictures)

Sitgesetik eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astetik igaro ondoren, ‘Primate’ zinema-aretoetara iritsiko da. Johannes Robertsek thriller basati eta entretenigarria dakar. 

Premisa ezin sinpleagoa da, baina beldurrezko zaleentzat ezin aproposagoa: unibertsitatetik itzuli ondoren, Lucy bere familiarekin elkartuko da, Ben txinpantzea barne. Ben txikitatik izan dute maskota gisa, eta familiako kide bat da. Festa bat antolatu dute igerilekuan, eta Lucyk lagun asko gonbidatu ditu.  Benek, ordea, amorru hartu du, beste animalia batek hozka egin diolako; lasai hasi den festa izugarrikeria bihurtuko da. 

Atmosfera klaustrofobikoa eta survival horror azpigeneroko elementuak erabiliz, ikusleak protagonista bezain harrapatuta sentituko dira igerileku hilgarri horretan. Filmaren asmo nagusia entretenitzea bada ere, animalienganako tratuari, gizakien eta beste espezie basatien arteko bizikidetzari eta oreka hori hesi naturala hautsi denean zein hauskorra izan daitekeenari buruzko hausnarketak ere uzten ditu agerian. 

Orduak aurrera doazen heinean, txinpantzearen erasoek gizakien arteko tentsio emozionalak eta euren arteko loturak zalantzan jarriko dituzte. Izua erruarekin, ardurarekin eta etxekotzearen mugak nola gainditzen diren hausnartzera eramaten duten galdera deserosoekin nahastuko da.